ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA ASTEAK

 

Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteek jende guztiarentzako jarduerak eskainiko dituzte hilabete honetan

NUPek, Iruñeko Planetarioak eta Zientziaren Lagunen Klubak hartzen dute parte hitzaldiak, tailerrak, antzerkia eta erakusketak barne hartzen dituen ekimen horretan

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Iruñeko Planetarioak eta Zientziaren Lagunen Klubak hasiera eman diete gaur, azaroak 8, Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteei, non jende guztiarentzako jardueren programa bat eskaintzen baitute. Ekimenak azaroaren amaierara arte eginen dira, eta gaur aurkeztu dira NUPen, ekimen batean, non honako hauek parte hartu baitute: Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, Juan Cruz Cigudosa García Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko koordinatzailea.

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak Europar Batasunak sustatu, eta Zientziarako eta Teknologiarako espainiar estatuko Fundazioak koordinatzen ditu (FECYT) –Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa–, eta haien helburua da herritarren kultura zientifikoa sustatzea, eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez.

NUPen, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatzen ditu Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez. Erakunde horrek eskaintzen dituen jardueren artean honako hauek daude: matematikari buruzko erakusketa bat eta hitzaldi batzuk; “Sukaldariak eta zientzia: elkarrizketak eta dastaketak” zikloa, zeinak gaurtik aurrera (azaroak 8, asteazkena) sukaldaritzako sorkuntzen azpian zer alderdi zientifiko eta teknologiko dauden azalduko baitigu; “Yo quiero ser científica” eskola-umeei zuzendutako antzezlana; “Hiru minutuan” lehiaketaren finala, eta, azkenik, familian egiteko zientzia-tailer batzuk.

 

NUPeko jarduerak, xehetasunez

Esan bezala, NUPeko jarduerak gaur hasi dira “Sukaldariak eta zientzia: elkarrizketak eta dastaketak” zikloarekin. Bertan, Iñaki Andradas, Estefanía Simon-Sasyk, Nahuel Pazos eta Nacho Gómara sukaldariek gastronomiari aplikatutako zientziaren eta teknologiaren zenbait alderdi azaldu dituzte.

Jarduerek azaroaren 10ean jarraituko dute Nafarroako Kutxa Fundazioaren gunean, hots, Civicanen, eta bertan, bi tailer eginen dira, NUPeko ikertzaile batzuek zuzenduak. Bi tailer horietan parte hartzeko, nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea. Lehenbizikoa 17:30ean izanen da, eta “Fabrika ezazu energia hidraulikoa duen kamioi bat” du izena; bigarrena, berriz, 18:45ean izanen da, “Eraiki robot margolari bat” izenburupean.

Bestalde, azaroaren 13tik 18ra, Bisitazioko Amen eraikinean, “Matematika kale kantoian” zikloa eginen da. Bertan, matematikari buruzko dibulgazio saioak eta erakusketa bat eginen dira, azken hori jendea zenbait teorema eta bitxikeria matematikotara hurbiltzeko, betiere entretenimendua, umorea, artea edo animazioa oinarri hartuta. Hau izanen da Bisitazioko Amen eraikineko erakusketaren ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 20:30era. Ikastetxeentzako bisita gidatuak egiteko aukera egonen da. Geroago, 2024ko urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra, erakusketa hori Sario eraikinean egonen da ikusgai.

Matematikari buruzko hitzaldiak erakusketa horrekin batera eginen dira, azaroaren 14an, 16an eta 17an, kasu guztietan 19:00etan. Sarrera librea izanen da, eta aretoa bete arte onartuko da jendea. Lehenbiziko egunekoa, “Matematika artista baten tailerrean” izenekoa, Raúl Ibáñez Torres Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak emanen du. Azaroaren 16an, berriz, Luis Rández Zaragozako Unibertsitateko irakasleak artearen, hirigintzaren eta astronomiaren arteko harremanak azalduko ditu; eta, azkenik, hilaren 17an, Isabel Cordero Carrión Valentziako Unibertsitateko irakasleak “Matematika, unibertsoa kodifikatzeko” hitzaldia emanen du. Bada beste hitzaldi bat ere, Eduardo Sáenz de Cabezón irakasle eta dibulgatzaileak hilaren 18an, 19:00etan, emanen duena, baina honezkero ez dago lekurik hartara joateko.

Azaroaren 15ean, 12:00etan, Javier Peralta de Andrés NUPeko Zientzien Saileko irakasle eta erakundearen Herbarioaren kontserbatzaileak ibilbide gidatu bat eginen du campuseko lorategian zehar, non munduko zenbait lekutako landareak eta zuhaitzak aurki baitaitezke.

 

“Hiru minutuan” lehiaketaren finala eta “Yo quiero ser científica” antzezlana

Bestalde, azaroaren 16an (osteguna), 19:00etan, “Hiru minutuan” dibulgazio lehiaketaren finala eginen da Arrosadiko campuseko 018. ikasgelan. Ikasketen amaierako lanen edukia espezializatua ez den publiko bati 180 segundoan hobekien azaltzen dioten graduko eta masterreko ikasleak saritzea da lehiaketa horren xedea. Sariketa hori Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak finantzatzen du (FECYT), eta Nafarroa Garaiko RNE du laguntzaile.

Azkenik, azaroaren 13an eta 20an, 10:00etan, NUPen, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Yo quiero ser científica” antzezlana eginen da. Emanaldi horiek ikastetxeentzat dira, eta aldez aurretik egin behar dute erreserba. Antzezlan horretan, NUPeko emakumezko ikertzaile eta irakasle batzuek aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren bizitza eta lana berreskuratuko dute. Antzezlanak, zeina irakasle eta ikertzaile horiek berek sortua den eta interpretatzen duten, ikusgarritasuna eman nahi die emakume zientzialariei, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten.

 

Argazkia: Zientziaren Asteak NUPen aurkezteko ekitaldia.

Argazkia: “Sukaldariak eta zientzia” jardueraren une bat.