BULARREKO MINBIZIA: NUP BOLUNTARIO BILA ARI DA

 

NUP boluntario bila ari da bularreko minbizia pasatu eta epe luzera bizirik jarraitzen duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko ikerketa-proiektu baterako

Parte hartuko duten edo interesa izan dezaketen pertsonentzako informazio saioak eginen dira abenduaren 12an, 14an eta 15ean, zenbait osasun etxetan eta NUPen

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) buru duen talde bat boluntario bila dabil bularreko minbizia pasatu ondoren epe luzera bizirik jarraitzen duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko ikerketa-proiektu batean parte hartzeko. Parte-hartzaileek 18 urtetik gorako emakumeak izan behar dute, noizbait bularreko minbizia diagnostikatu dietenak, tratamendu aktibo onkologikoak (kirurgia, kimioterapia eta/edo erradioterapia) duela bost urte baino gehiago amaitu dituztenak (ez du axola tratamendu hormonala egiten ari badira), gaur egun gaixorik ez daudenak eta Internet erabiltzen ongi moldatzen direnak. Ikerketak emakumeak ditu aztergai, baina aipatzekoa da bularreko minbizia kasuen % 1 gizonetan ematen direla.

Proiektuaren berri emateko eta parte-hartzaile potentzialak biltzeko, ikerketa-taldeak zenbait informazio saio antolatu ditu, abenduaren 12rako, 14rako eta 15erako. Zehazki, abenduaren 12an, asteartea, 10:00etan Iturramako osasun etxean emanen dute proiektuaren berri, 12:00etan Sanduzelaikoan, 16:00etan Donibanekoan eta 18:00etan Burlatakoan. Abenduaren 14an, osteguna, berriz ere Burlatako osasun etxean eginen da saioa, 16:00etan Iturramakoan eta 18:00etan Barañaingo II. osasun etxean. Azkenik, abenduaren 15ean, ostirala, 16:30etan izanen da saioa, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko batzar gelan (3. solairua). Halaber, interesdunak Nely Soto Ruiz eta Cristina García-Vivar proiektuaren ikertzaile nagusiekin jar daitezke harremanetan, proyecto.cumaca.upna@gmail.com helbide elektronikoaren bidez, 948166150 telefonoaren bidez edo 664103172 WhatsApp zenbakiaren bidez.

CUMACA-M (CUidados Más Allá del CÁncer-Mama) izeneko proiektua IdiSNAren bidez aurkeztu da, eta 82.280 euroko dirulaguntza jaso du Carlos III Osasun Institutuaren Osasuneko Ekintza Estrategikoaren deialdian (Gizartearen Erronken Ikerketara bideratutako Estatuko Programa). 2024. urtearen amaiera arte gauzatuko da. Proiektuko ikerketa-taldea hainbat eremutako profesionalek osatzen dute (akademikoak, ikertzaileak eta klinikoak), zeinek esperientzia baitute minbizitik bizirik atera direnen kasuetan, osasunaren arloko berrikuntzan (konputazioa eta adimen artifiziala), osasun laguntzaren jarraitutasunean eta oinarrizko osasun laguntzan.

 

CUMACA-M proiektuaren faseak

Minbizia pasatu eta epe luzera bizirik jarraitzen dutela esaten da gaixotasun hori gainditu duten eta onkologia medikoko zerbitzuen alta jaso duten pertsonez, oro har diagnostikoa egin eta tratamenduak amaitu ondoren 5 urte igaro direnean. Proiektuaren helburuak hiru fasetan gauzatzen ari dira. Lehenbizikoa egina dago jada, eta esku-hartze digitalaren edukia diseinatzea izan du xede, baita web formatuan eta sakelakorako aplikazioan aurkeztea ere. Horretarako, epe luzera bizirik jarraitzen duten pertsona horiei zuzendutako gomendio eta gida klinikoei buruzko nazioarteko literatura berrikusi da, eta diziplina anitzeko adituen talde batek baliozkotu du esku-hartzearen edukia. Baliozkotze horretan, Saray elkarteko emakume talde batek ere hartu du parte, zeina bularreko minbizitik bizirik atera diren emakumez osaturiko taldea baita. Orain, aldiz, bularreko minbizitik bizirik atera diren emakumeen laguntza behar da ikerketarekin jarraitzeko.

Bigarren fasean, esku-hartzearen pilotatze bat eginen da baliabidea erabiliko duen emakume talde txiki batekin, komeni diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko. Azkenik, hura inplementatu eta ebaluatuko da, erabiltzaile talde bat paziente kronikoentzako ohiko arreta jasoko duen beste talde batekin alderatuz. Jarraipena protokolo baten bidez eginen da, informazioa bilduko duena datu soziodemografikoei, datu klinikoei, bizi-kalitateari, norberak minbiziaren ondorioak kudeatzeko duen efizientziari eta esku-hartzearekiko iritziari buruz. Datuak esku-hartzea baino lehenago eta handik 3, 6 eta 9 hilabetera bilduko dira. Ikerketa hau aitzindaria da minbiziaren arretaren arloan; beraz, haren arrakasta frogatuz gero, litekeena da Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako sisteman integratzea.

 

Ondorioak eta zainketak minbizia gainditu duten pazienteengan

Minbizitik bizirik atera direnak gero eta gehiago dira, zenbait faktoreren ondorioz, hala nola detekzio goiztiarra, tratamenduak eta osasun zerbitzuetarako irisgarritasun hobea. Testuinguru horretan, bularreko minbizitik bizirik atera diren emakumeen kopurua ere gero eta handiagoa da. “Horietako batzuk arazorik gabe itzultzen dira eguneroko bizitzara. Hala ere, askotan aurre egin behar izaten diete ondorio fisikoei (neke kronikoa, mina, etab.) psikologikoei (antsietatea, depresioa, berrerortzeari beldurra, etab.) eta sozialei (pertsonen arteko harremanak aldatu izana, lanera itzultzeko zailtasuna, etab.). Askotan, osasun sistema ez da osasun arazo horietaz arduratzen, ez baitago argi zehaztua oinarrizko osasun laguntzako langileek zer eginkizun izan behar duten minbizitik epe luzera bizirik atera direnen zainketei dagokienez”, azaldu du Nely Soto Ruizek, Cristina Garcia-Vivar kidearekin batera proiektuko ikertzaile nagusia denak. “Nahiz eta nazioartean esperientzia arrakastatsuak badauden oinarrizko osasun laguntzan minbizitik epe luzera bizirik atera direnentzako zainketa-planak ezartzeari dagokionez, espainiar estatuan motelagoa izaten ari da ezarpen hori”, ondorioztatu du Cristina García-Vivarrek.

Bestalde, Nely Soto Ruizek azaldu duenez, “osasunean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzeak eraginkortasuna erakutsi du alderdi psikologikoak, bizi-kalitatea eta autoefizientzia hobetzeko orduan”. “Horrez gain, aukera egon daiteke esku-hartzeak pertsonalizatzeko, adimen artifizialeko algoritmoak erabiliz”, nabarmendu du. Faktore horiek guztiak direla eta, pertsona horien beharrei erantzuna emateko proiektu egoki eta aitzindari gisara planteatzen da CUMACA-M.

 

Proiektuaren ikerketa-taldea

Esan bezala, CUMACA-M proiektuko ikertzaile nagusiak Nely Soto Ruiz eta Cristina García-Vivar dira. Haiez gain, Leticia San Martín Rodríguezek, Paula Escalada Hernándezek eta Marta Ferraz Torresek osatzen dute taldea. Erizainak dira denak, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta Erizaintzako Praktika Berriak (inno-CARE)[1] taldeko ikertzaileak NUPen eta IdiSNAn. Halaber, minbizitik bizirik atera direnek espainiar estatuko Erizaintza Onkologikoaren Elkartean (SEEO) duten taldearen arduraduna da Cristina García-Vivar.

Honako hauek osatzen dute taldea: Ana Beatriz Bays Moneo, fisioterapeuta eta NUPeko irakaslea; José Antonio Sanz Delgado, ingeniari informatikoa, irakaslea eta NUPeko Adimen Artifiziala eta Arrazonamendu Hurbila taldeko ikertzailea (GIARA) eta erakunde bereko ISC[2] ikerketa-institutuko kidea; Rosario Orzanco Garralda, erizaina eta NUPeko irakasle elkartua, eta Óscar Lecea Juárez, familiako medikua eta Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.

Taldean daude, halaber, hauek ere: Nerea Elizondo Rodríguez, erizaina eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) Zainketetako zuzendariordea; Ainhoa Ullibarri Ochoa, erizain onkologikoa, Gasteizko Erizaintza Eskolako irakaslea eta minbizitik bizirik atera direnek SEEOren barnean duten taldeko kidea; Nuria Domenech Climent, erizaina eta SEEOko lehendakariordea; Ana Carolina Andrade Biaggi, NUPeko irakasle laguntzaile doktorea; Gustavo Adolfo Pimentel Parra eta Pilar Arnal Vallés, CUMACA proiektuko doktoregaiak, eta, azkenik, aholkulari gisara, Deborah Mayer, Ipar Carolinako Unibertsitateko katedraduna, minbiziaren biziraupenaren arloko nazioarteko aditu ospetsua eta Ameriketako Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionaleko (NIC) Biziraupen Bulegoko zuzendari ohia.

 

Argazkia: Ikertzaileak, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean. Ezkerretik eskuinera: M. Rosario Orzanco Garralda, Paula Escalada Hernández, Nely Soto Ruiz, Cristina García Vivar, Ana Carolina Andrade Biaggi Leite eta Gustavo Adolfo Pimentel Parra.

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/grupo-innocare

[2] https://www.unavarra.es/isc