GAZTEEK DUTE ERABAKIKO

 

Uste genuen bidean ginela,

hainbeste lan egin ondoren,

uste genuen askatasuna

ari zela guregana hurbiltzen.

 

Gure moduan bizitzekotan,

borroka behar dugu eraman,

borrokatzen diren herriek

bide berriak atzemanen dituzte.

 

Aurrerapausoak eman badira,

kontzientziak esnatu badira,

ez uste horrekin aski dela,

deus ez da betiko irabazia.

 

Urrats handiak egin izan dira,

gizartea euskalduntzen ari da,

baina oroitu beti hor direla

itxaropena ebatsi nahi digutenak.

 

Oztopoak emanen dituzte,

tranpa abilak ezarriko ere,

sakabanatu nahi gaituzte,

beraien helburuak bete arte.

 

Lur zati bat saltzen dugunean,

geure burua dugu saltzen,

ez bagira horretaz ohartzen,

galduko gira oharkabean.

 

Ez dugu bistatik galdu behar,

nahi badugu libre izan bihar,

pazientzia beharko dugula,

prozesu luze bat abian da.

 

Gazteek dute erabakiko,

nola giren borrokatuko,

askatasuna da agertuko,

guk guztiok nahi dugulako.