ZINEMA-PROIEKZIOAK IRUÑEAKO KONDESTABLEN

Udalak eta Nafar Ateneoak euskarazko zinema-proiekzioak antolatu dituzte Kondestable Civivoxean urteko lehen hiruhilekoan

Euskal emakume zinemagileei buruzko dokumentala

Otsailaren 7rako, 19:30ean, Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufíak zuzendutako Arnasa betean – A pulmón dokumentalaren proiekzioa antolatu dute. Atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileak protagonista dituen lanak, gaiaren ikuspegi unibertsala aurkezten du. Hiru emakume urpekarik, itsaspeko bidaia batean, emakumeek zuzendutako filmetan zehar gidatzen gaituzte, eta haietan jorratutako gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena erakutsiko dizkigute. Aitzindariak ezagutuko ditugu, eta azken zinemaldietan arrakasta izaten ari diren zinemagile beteranoen edo gazteen lanek harritu eginen gaituzte. Bi zuzendariek parte hartuko dute dokumentalaren aurkezpenean.

Rosa Zufía Sanz 30 urtez Euskal Telebistan (ETB) erredaktore-editore lanetan eta kultura- eta zinema-programak zuzentzen aritu den Tuterako kazetaria da. 1999tik 2006ra bitarte Albistegietako zuzendariordea izan zen. Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroa sortzen ere lagundu zuen, Donostian, Komunikazio zuzendari gisa (2006-2011). Besteak beste, RTVE-Otra Mirada SSIFF sariaren epaimahaian parte hartu du. Arnasa betean. A pulmón bere lehen filma da.

Bertha Gaztelumendi Caballero kazetaria, errealizadorea eta, gaur egun, ikertzailea da UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedran. Arnasa betean. A pulmón bere seigarren filma da. Aurretik beste hiru dokumental luze zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (2012), Volar (2017), Atzerriko dokumental onenaren saria jaso zuena Annual Copenhagen Film Festival jaialdian, eta Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa (2019), ikus-entzunezko ARGIA saria jaso duena. Nigar franko egingo zuen aitak (2014) film ertaina ere egin zuen, eta Las buenas compañías (2015) film laburra zuzendu zuen Nuria Casalekin, Errenteriako XX. Film Laburren Jaialdian dokumental onenaren saria jaso zuena.

Iruñeko frankismo-garaiari begirada bat

Martxoaren 12an, asteazkenarekin, eta Mirentxu Purroy zinemagile iruindarraren Denboraren gibelean film luzearen proiekzioarekin amaituko da hiruhilekoko programazioa. Ikerri eskola-garaiko irudiak eta oroitzapenak pilatzen zaizkio eta bere haurtzaroko hainbat lagun erreskatatzen ditu Klara, pentsaera askeko andereño ausartaren bueltan. Gerran garaitutakoen seme-alaba mordoxka baten bidearen zati bat alaitasunez, musikaz eta askatasunez bete zuen andereñoak, Frankoren diktadurak hogei urte betetzen zituen 1956ko Iruña hartan. Atzerabegirako bat da,Iruñeko frankismo-garaira, eta 19:30etik aurrera proiektatuko da. 

Mirentxu Purroy hainbat komunikabideetan prentsa idatzian, zineman eta telebistan aritutako kazetaria da, bai eta Psikologia klinikoko diplomaduna ere. Bere ikasketak New Yorken osatu zituen, Columbia University-n eta New York University-n; han graduatu zen zinemagintzan. Punto y Hora informazio astekariaren sortzailea eta Egin egunkariko zuzendaria izan zen. El siencio de los inocentes eta Denboraren gibelean filmak zuzendu ditu, baita film labur, dokumental eta informazio erreportaje ugari ere. Euskal Telebistako Mundo.hoy gaurkotasuneko eta ikerketa-kazetaritzako saioa ere zuzendu zuen.