ALETXA ETA MIKEL – 13

 

Udaberriko arrats apal epel honetan, kostaldeko apartamendu aberatsean, polizia autoan gertatu zitzaionari buruz oraindik zur eta lur, Mikel sartu zen.

Gidatzen zuen brigadierrak eraikin azpiko aparkalekuan utzia zuen polizia autoa. Peugeot 308 zuri eta anonimoa hau ez zen zeinekin arratsaldean ospitaletik abiatu ziren autoa, polizia bigarren taldekoa, aldiz. Mikel eta brigadierraren babesteko etorririko bigarren taldekoa.

Angeluko Larreetako kalean jasan bultzadaren ondorioz brigadier eta Mikelen aurreko autoak orduan gibelean falta zuen ia metro bat. Polizia zientifikoa bertan  ari zen neurriak et laginak hartzen ondoko inkestetan baliatzeko. Agian erasotzaile erraldoiak gidaturiko BMW erraldoiaren aztarnak aurkituko zituzten, tindu edo metalezko puskak, gidariaren atxilotzeko asmoarekin.

Mikelekin apartamendura hurbiltzearekin, adi-adi izana zen brigadierra. Ea ezertxo ez normala ikusten zuen. Besteak beste erasotzaile erraldoiaren agertzea. Edo konplize batena. Bistan da ez zuen argi itzulikaria 308aren teilatuan jarria. Mikel berriz ere aitzin eta gibeleko eserlekuen artean kukuturik zegoen. Gero, aparkalekutik ateratzeko eta igogailuez bosgarren estaira iristeko, brigadierrak bere Sig Sauer SP2022 pistola zorrotik atera zuen eta eskuan harturik, segurantza hozka kendu.

– Arratsalde on Aletxa! Nola zaude? —Mikelek.

– Ontsa, Mikel, zu baino hobeki nago zoritxarrez! Nor da zure laguna, otoi?

– Polizia Nazionalaren brigadierra da, Aletxa. Erraldoiak ihes egin du, gure autoa larriki kolpatuz Angeluko Larreetako kalean. Eta konplizeak beste BMW erraldoi batean zituela badirudi ere. Zorionez azken segundoan BABetik atera ginen Bost-Kantoi plazarantz hartuz eta konplize haiek saihestu ditugu.

Aletxari Mikelek azaldu zion brigadierra apartamenduan gelditu izanen zela, beste hiru lankideekin txandatan. Mikel eta haien bizitzak babesteko armatuak zirela. Erasotzaile erraldoia non zegoen oraindik poliziak ez zekien. Erasotzailea eta haren konplizeak aurkitu arte egoera honetan geldituko zirela. Poliziak brigadierren elikadura antolatuko lukeela ere erran zion eta horri buruz “Gustatzen zaidana” programarekin aldaketarik ez zegoela.

– Mikel, afaltzeko ordua da eta zure zopa, kirurgialariak manatua bezalakoa, jateko edo zehazkiago edateko prest dago! —Aletxak.

Erran eta egin. Morfinaren efektua eta egunaren ikarengatik akitua zen Mikel, brigadierrari Aletxa nor zen azaldu zion eta gero zuzenki oheratu, ohiko dutxarik hartu gabe.

Mikeli gaua luze luzea izan zitzaion, amets gaiztoek betea. Karrika estu-estu eta bihurgunetsu batean korrika ibiltzen zen, erasotzaileak segituz bere gibelean, esku batean labana handi batekin eta bestean brigadierrari lapurtua zion zerbitzu pistola, oraindik polizia gizonaren odol tantetan blai.

Izerdi lapetan kolpe batez iratzarri zen eguerdian, matelezurra sutan. Bere harridura handienera, zailki ireki zituen begien aitzinean, Miren hemen zegoen, irribarre leuna ezpainetan, baso bat ur esku batean eta morfina pilula bestean.

– Ez mintzatu Mikel, hori hartu aurretik! —xuxurlatu zion Mirenek— Esperientziaz badakit luzeegi analgesikorik hartu gabe lo egin duzula. Gero bospasei minutu eman efekturik sentitzeko. Berriz ni nauzu hemen zure sustengatzeko beste lankide guztiak presazko lanetan arituak direlako. Izan ere zure geldialdiak ez usteko lanak gehitu zizkien ia guztiei. Baina ongi hartu zuten denek, baita zure jartzaileek ere, enpresan hainbat egiten zenuela konturatuz!

Mikelek pilula eta ura gose handiez irentsi zituen, bere amets eroenetan ere ez zuela Miren iruditu bere logelan, bere ohearen burura hain hurbil, irribarre leuna ezpainetan, kontsolatze hitzak xuxurlatzen ari pentsatuz. Ea oraindik amesten ari ote zen? Baina ez, zeren eta laster matelezurraren sua ia itzali zen.

Mireni, Aletxari kontatua zuen bezala, bezperan arratsaldeko autozko erasoa laburtu zion Mikelek. Miren ez izutzeko, BMWaren bultzadaren bortitza ez zion gehiegi zehaztatu. Barkatzeko galdetu zion Mireni dutxa hartu beharko lukeela erranez, ospitaleko eta izerdi usain txarrak bere gorputzetik kentzeko.

Mikelek, logelatik bainugelara joatean begi izkinatik Miren eta Galdaniz inspektorea elkarrizketan ikusi zituen egon gelan, brigadier baten ondoan. Baina bere buruaren garbitzeko premia azkarragoa izan zen eta dutxa hartu eta gero denbora aski ukanen zuela asmatuz laster bainugelan sartu zen. Gizonezkoak eta guztiak egin eta gero, pixa ere egin ondotik, zintzoki eta hortaz ia pentsatu gabe bere pisua balantzan neurtu zuen “Bai” erranez.

Orain gose-gose zen eta sukaldera zuzenki joan zen bere zopa hartzera. Aletxa eta Mirenen laguntzari esker, mahaiaren erdian prest zegoen zopa platerean, tenperatura idealean. Hamar bat koilarakadez irentsi zuen eta baso bat ur ere emeki-emeki edan. Handik zuzendu zen Galdaniz inspektorearengana.

– Eguerdi on Zigor! Nola zaude? —Mikelek— Berririk ote duzun gure erasotzailearengandik? “Gure” erran dezakegu orain, ezta, Zigor?

– Bai Mikel, arrazoi duzu! Lanbidean ikusi nituen obeditzeko errefusik politen bat izan da atzoko hori! Baina xantza dugu eta zu bizirik irauten duzu Miren eta zure enpresaren zorionera. Ez aipatzeko gure brigadierren buru jabetasuna, tiroketaz ez hasteagatik! Orain gure gizonaren atxilotze eta galdekatze aukerak agian oraindik ditugu. Halere aztarnen azterketa zaila izanen da. Bultzatu zintuzten BMWa Sainte-Croix bazterreko iparrean aurkitua izan da, osoki errea, lantegi abandonatu baten gibelean. Horrelako kasuetan hatz edo hatz genetikoen marken identifikatzea ia ezinezkoa da gaur egun.

– Eguerdi on Zigor eta Mikel! —Aletxak— Zuen gizona atzo argiki burutik jota bazegoen baina dirudienez gaur bururik gabe doa! Gaur goizetik goiti sare ez sozialetan bideo biral bilakatzen ari denak buru moztu baten argazkia erakusten du BMW garaje handi baten mailetan! Bere odolean jarria! Eta horrez gain ekialdeko sastakaiaren gainean jarria! Oraindik ez dituzte sareek gelditu edo kendu. Bideoan agertzen dena eta ditugun gizonaren argazkiak edota bideoak aztertu ditu gure adimen artifizialak. Ondorioztatu du ehun xantzetarik laurogeita hemeretzi badirela gure gizona dadila! Bestela beste bideo bat agertzen da sare ez sozialetan non atzoko zuen polizia autoaren bultzada ikusten da espantu handiko komentarioekin ere! Burua galdu aitzinetik egina da, bistan da!

– Milesker Aletxa! Gu baino zaluago zoaz! —Zigorrek— Alde batetik gure Mikelek oraindik goiti ez du ezer gehiago gizon horrengandik beldurtzeko. Beste aldetik ezinen dugu jakin ea Mikel aitzinetik izendaturiko jomuga zen edo menturaz harrapatua. Horregatik babestu behar zaitugu Mikel gehiago jakin arte! Baita konplizeak nonbait daudela ez dugu ahantzi behar. Ados zaude Miren?

– Baietz Zigor! Eta oraindik ez dakigu ea nire senar ohiak horretan parte hartzen zuen ala ez! —Mirenek.

– Halere, lagunak, niretzat misterio bat da ekialdeko sastakaiaren antzerki hau! Zein lotura izan zitekeen erraldoiaren eta islamisten artean? Horrela bukatzeko?   —Zigorrek.

Eta ziztu bizian apartamendutik atera zen bere inkesta aurrera zuzentzeko.

 

 

2023/10/17

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (77. zenbakian)