MIGUEL ARANAZ MARINA ETA ÁLEX GOÑI PITILLAS

 

NUPeko bi ikaslek enborrak airez garraiatzeko egitura bat diseinatu dute Iratiko oihaneko instalazio historikoetan inspiratuta

Aezkoa ibarreko bi gizon Orbaizetan lanbide zaharrei buruzko museo bat egiteko proiektua sustatzen ari dira, eta horko erreprodukzio baten parte izateko egin dute NUPeko ikasleek eraikuntza

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ingeniaritzako bi ikaslek, Miguel Aranaz Marinak eta Álex Goñi Pitillasek, altzairuzko kableen bidez enborrak airez garraiatzeko instalazio bat diseinatu dute, XX. mendearen hasieran Iratiko oihanean erabiltzen ziren egituretan oinarrituta. Garai bateko lanbideei buruzko museo bat eraikiarazi nahi dute Aezkoako bi lagunek Orbaizetan, arma-olaren ondoan, eta orduko lanabesak irudikatzeko diseinatu dute NUPeko ikasleek instalazioa.

Javier Goicoa Juango eta Jesús Mari Larrañeta Elizondo aetzak harremanetan jarri ziren Javier Goicoechea Fernández NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariarekin proiektu baten berri emateko: ezagutzera eman nahi dituzte garai bateko lanbideak, zehazki, Iratiko oihaneko egur garraioan aritzen ziren kablisten eta arroilako garraiolarien lanbideak[1]. XX. mendearen erdialdera arte, langile horiek tirolina erraldoien antzeko instalazioak erabiltzen zituzten Nafarroako Pirinioetako zur-ustiategietan, eta oihanean moztutako enborrak ibairaino jaisten zituzten grabitatearen eraginez, motorrik gabe. Hala, beherago zeuden industrietara garraiatzen zuten zura lehengai gisa erabiltzeko.

“Nafarroako Pirinioetako zur-ustiategietan, pago eta izeiak moztu, bildu eta garraiatzen zituzten —esan du Miguel Aranaz Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra egin duen ikasleak—. Garai hartan, motorizaziorik ia ez baitzegoen edo zegoena eskasa baitzen, eta, gainera, zaila zenez arbolak botatzen ziren lekuetara ailegatzea, aldi baterako zurezko egiturak eraikitzen zituzten, eta horietatik altzairuzko kableak zintzilikatzen zituzten enbor-karga astunak orografia malkartsuetan barrena garraiatzeko”.

Aezkoa eta Zaraitzu ibarretan, ibai eta urtegiak baliatzen zituzten garraiobide gisa. “Horrela, Iratiko uretan aldi baterako esklusak eraikitzen zituzten ur emaria erregulatzeko, eta hala eramaten zuten zura Ekaiko mendilerrotik ibaian behera zura erabiltzen zuten enpresetaraino”, azaldu du Miguel Aranazek.

 

Enbor garraioari lotutako lanbideak

Arroilako garraiolarien eta kablisten artean helmugara eraman behar zituzten enborrak. “Lan gogorra zen eta apenas zegoen tresnarik —azaldu du Álex Goñi Ingeniaritza Mekanikoko gradudunak—. Enborren pisua arintzeko, mendian lantzen zituzten lehenbizi, eta, gero, garraiatu egiten zituzten. Batzuetan langileek berek eramaten zituzten enborrak; halakoetan, ‘asentu’ batzuk egiten zituzten enborrak bermatu eta arroilako garraiolariek ahalik eta modurik ergonomikoenean eraman zitzaten; beste batzuetan, berriz, idiek garraiatzen zituzten enborrak, baina, horretarako, pistak egin behar izaten zituzten eskuz lehenago, aitzurrez, pikotxez eta dinamitaz baliatuz”.

Zur garraioa errazteko, ingeniaritza-sistema bat instalatu zuten, airean zintzilikatutako kable luzez osatua. “Lan neketsua zen instalazio haiek muntatzea, eta langile kualifikatuak behar ziren: kablistak. Kableak eskuz igotzen zituzten batzuetan, sorbalda gainean, eta zamarien laguntzaz beste batzuetan. Mila metro luze izaten ziren kableak, eta metro bakoitza 2,6 kg ingurukoa. Garraiolari bakoitzak hamar bat metro kable eramaten zituen”.

 

Kalkuluak eta zailtasunak

Javier Goicoak eta Jesús Mari Larrañetak zura airez garraiatzeko tirolina moduko haiek erreproduzitu nahi dituzte laster, erakusgai jartzeko. Gurutze Perez Artieda irakaslearen esanean, “aetzek bazituzten horma-irudi, marrazki eta maketa batzuk, baina egitura horien parte batzuen kalkuluak behar zituzten euskarri gisa”. Aetzen proposamenaren ondorioz, ikasketa amaierako bi lan egin dituzte ikasle batzuek enborrak airez garraiatzeko instalazioei buruz, Daniel Salcedo Pérezek eta Gurutze Pérez Artiedak zuzenduta (Ingeniaritza Saileko irakasleak biak). Zehazki, Miguel Aranazek egituren eta zimenduen kalkulua egin du, eta Álex Goñik osagai mekanikoen kalkulua.

Zailtasun batzuk aurkitu zituzten ikasleek lanak egitean; esaterako, araudirik ez zegoela halako egiturak eraikitzeko kalkuluak egiteko eta oso bibliografia gutxi zegoela, zeina turistentzako teleferikoei buruzkoa baitzen gehienbat. “Informazioa falta da estandarizatu gabeko sistema bat zelako, halako instalazioak ez zeudelako zabalduak eta, gainera, gero eta gutxiago erabiltzen zirelako”, esan du Álex Goñik.

Museoaren proiektua gauzatuko delakoan egin dute ingeniariek ikasketa amaierako lana. Horregatik, proiekturako oinarrizko dokumentu gisa balio izateko moduan idatzi dute. Bi gazteek lanen kopia bana eman diete proiektuaren bi sustatzaile aetzei, ikasleen tutoreekin eta IITIGMETeko zuzendariarekin batera Arrosadiko campusean egindako bilera batean (Iruñean).

 

  1. argazkia: Ezkerretik eskuinera: Daniel Salcedo, Álex Goñi, Miguel Aranaz, Javier Goicoechea, Gurutze Pérez Artieda, Javier Goicoa eta Jesús Mari Larrañeta, ikasketa amaierako lanak emateko ekitaldian.

 

  1. argazkia: Garai batean, Errekaidorreko mendi gainean (Iratiko oihana) enborrak nola kargatzen zituzten erakusten duen argazkia.

 

 

 

 

 

 

 

 

[1] https://www.youtube.com/watch?v=UW03tIjwjMA