Azkenean, 2006ko uztail hartako sanferminetan, Jabier Eskubi Larratz Aralar alderdi politikoko bozeramaileak piztu zuen txupinazoa, aurreikusita zegoen bezala.
Hala ere, jarraitu baino lehen, komeni da azaltzea, Iruñeko udaletxeko balkoian, ez dela kabitzen gurpil aulki bat, plaza aldera begira bederen; sartzekotan, sartuko litzateke zeharka jarrita, hau da, ezker edota eskuin aldera begiratuta, baina, hala eta guztiz ere, oso gaizki ibiliko litzateke balkoira ateratzeko, lehenik eta behin, dezenteko koska gainditu beharra baitago, eta, dauzkan neurriak edukita, uste dut arrunt zaila izanen litzatekeela, han maniobra hori egin ahal izatea.
Egoera hura hala zegoela, norbaitek proposatu zuen, egun hartarako jar litekeela arrapala txiki bat, ni momentu hartan behintzat, igo ahal izateko balkoira txupinazoaren unean, nola edo hala, ikusi ahal izateko eta Jabier Eskubi zinegotzi kidearekin, une hura partekatu ahal izateko, eta gero, jakina, bukatutakoan kentzeko, baina ideia hark ez zuen batere arrakastarik izan eta hantxe bertan gelditu zen zeharo baztertuta.
Bueno, ba, urte hartan ere, azkenean iritsi zen txupinazoaren metxa pizteko unea, ez, ordea, lehenago dezenteko polemika sortu gabe, izan ere, Jabier Eskubi Larratzek, txupinazoa piztu baino egun batzuk lehenago, iragarri zuen oihukatuko zuela <Gora sanferminak!>, eta egin ere halaxe egin zuen, bere agnostizismoarekin bat eginez; pertsona batzuek begi onez ikusi genuen aldaketa hura, baina beste batzuek ez, ordea, haien artean Yolanda Barcina zegoen, noski, egundoko zaputza hartu zuena.
Bitartean, ni balkoitik kanpo, hau da, udaletxe barruko areto handi hartan, bakarrik, jende asko nire aurrean neukala, bakoitza bere txokoa bilatzen, eta nik, deus gutxi entzun eta ulertu ahal nuela, eta udal plaza ikusi, jakina, batere ez! Hala eta guztiz ere, hantxe inortxok ere ez zidan erakutsi elkartasun eta enpatia keinurik txikiena ere! Ez eta lotsagorritu ere! Halakoxea omen da jende asko.