Pastorala, Zuberoan eta euskaraz?

Pastorala taula gainera eramateko bidea luzea izan ohi da, urteetako elkarlana egin behar izaten dute antolatzaileek ikuslegoaren aitzinean aurkeztu aitzin. Baina pastoralak gaur egunera arte ailegatzeko egin duen bidea luzeagoa izan da. Erdi Aroan Europan zehar hedatuta zegoen antzerkia hartu baitu oinarri gaur egun Zuberoako ondare bilakatutakoak.

Mendeetan zehar gaur egunera arte ailegatzeko egin duen bidea zein izan den jakitea ez da erreza. Tradizioak mantentzeko, arima galdu gabe gizartearen aldaketei erantzuten jakitea omen da biziraupenaren sekretua. Ez bide dira denak horrekin ados, Hondarribin eta Irunen egiten den Alardeari begiratzea besterik ez da behar horretarako.

Pastorala, gizarteari egokitzeko birako batean ote dago? Salbuespenak salbuespen, duela gutxira arte pastorala Zuberoako herri batek euskaraz egiten zen urteroko antzerkia zen, baina azken urteotan aldaketa batzuk ikusi ditugu. Zuberoatik Baiona eta Iruñeara egin du salto, eta euskararen tokia ezbaian egon da Zalgize eta Iruri herriek aurten egindakoan.

Birako honen aitzindaria 2013an Mixel Etxekoparrek egin zuen Ederlezi pastoral “alternatiboa” izan zen, tradizioari berrikuntzak ekarriz. Historian ijitoen tokia aldarrikatuz Gotaineko Xiru festibalean estreinatu zen, eta Euskal Herrian zehar aurkeztu zen. Iruñeako agerraldiak Zuberoatik kanpoko pastoralen bidean hazi bat landatu zuen.

Bide berriaren lehen pausuak 2014an, hiru pastoralen urtean, atzeman daitezke: ofiziala, emazteena eta hiritarra izan genituen. Ofizialak, Garindainen eginak, Petti Buhamearen bizia zuen kontatzen, tradiziotik atera gabe, urteroko hitzordu sahiestezina.

Jean-Mixel Bedaxagarrek bere aldetik, beste pastoral txiki bat egin nahi izan zuen, Akitaniako Alienor erregina, emakume handia zela atzemanda, bere bizia ezagutaraztea hartu zuen xede. “Emazteen” pastorala egin zuen, emakumeak baitziren sujet eta arizale. Ofizialetik at, baina formak atxikiz eginikoa izan zen, Zuberoan, euskaraz eta pastoral munduan erreferente dugun Bedaxagarrek idatzia eta zuzendua.

Hirugarren pastoralak ekarri zuen ikusten ari garen “iraultzaren” lehen pausua, Gerezien denbora pastoral “hiritarra” baitzen. Baionan egina, Lapurdiko kostaldean bizi ziren zuberotarrek osatu zuten taldearen gehiengoa, eta Itxaro Bordak (baxenafartar, zuberotar eta baionarrak) idatzi zuen. Gaiak ere laguntzen zion definizioari, Baionako portuko langileen borroka hartu baitzuen gaitzat.

2015ak berri gehiago ekarri dizkigu, pastoral ofizialak euskarari loturiko kalapitak sorrarazi baititu Zuberoan. Euskal kulturaren erreferentea dena frantsesez idatzia izan da. Frantziatik etorritako Annick Renaud Coulonek idatzi du gidoia erdaraz eta gero zuberotarrera itzulia izan da. Askok arriskua ikusi dute pausu berri horretan, hasieran frantsesetik itzuli bada ere gizartearen transformazioaren egokitzapen horretan denborarekin itzultzearen lana alde batera utzita, frantsesez antzeztera ez ote den helduko. Zuberotarrak dituen hizlari kopuruari begiratuta, eta bere lurraldean euskarak duen beherako joera kontuan hartuta, aukera erreal bat ote da pastoralak euskara galtzea? Beldurra beti hor dago.

Beste lurraldeei begira bestelako berritasunak ere ikusi ditugu. Nafarroa Garaiko hiriburuan Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastorala egin dute. Beste berezitasunen artean sujetarena dugu, Bidador izanik ere protagonismoa Iruñeako euskaldunekin partekatua izan baita. Hau da arizaleek bere burua omendu dute, historikoa izan ohi den pastorala garaikidea bilakatuz. Gainera zuberotarrak kolaboratzaile besterik ez dira izan.

Azkenik 2016ean Baionan eta Donostian antzeztuko den Katalina de Erauso beharko litzateke aipatu. Gerezien denborak irekitako bideari jarraiki kostaldeko zuberotarrak ditu berriz arizale nagusi. Bide “iraultzaile” honi berritasun bat gehitu behar zaio, emakumeen tokia protagonista eginez. “Pastoral femeninoak” sujeta emakumea du, baina benetan bakarra bilakatzen duena idazlea eta errejentak ere sexu berekoak dituela da.

Egokitzapen iraultzaile baten aurrean ote gaude? Pastoralarentzat Zuberoatik kanpo bide egonkor bat irekitzen ari da? Pastoralaren lurraldean euskara bere tokia galtzen ari da? Emakumeek tradizionalki gizonezkoena zen eremu berri bat konkistatzeari ekin diote?

Bide berri horiek aldeko zein kontrako iritziak sortu dituzte, batzuentzat onargarriak eta desiragarriak direnak, beste batzuentzat izpirituaren galtzea dakarte. Denborak esango digu pastorala tradizioaren egokitzapen garaikide batean ote dagoen, edo azken urteotakoak modak eta salbuespenak besterik ez diren izan. Eta lehena baldin bada gizarteak onargarritzat zer jo duen ikusiko dugu: frantsesa Zuberoan, garaikidea Iruñean edota femeninoa Baionan?

2016ean estreinatuko diren pastoralak taula gainera eramateko mustraketan ari dira janeko sujetak, arizaleak eta errejentak. 2017ak berritasun gehiago ekarriko al ditu?