CROWFUNDING ANTROPOLOGIKOA

Crowfunding-a, modan dagoen terminoa eta jarduera da, herritarrek interesgarri ikusten dituzten proiektuak laguntzea; bakoitzak diru ale batzuk jarrita, talde, erakunde edo norbanako baten proiektuak bultzatzea da, finean.

Euskal Herrian hitz hau berria bada ere, ezaguna da bere oinarria. Auzolana esparru askotan izan da erabilia, eta helburu anitzak indartzeko tresna polita.

Guk ere, crowfunding, auzolana… luzatu nahi dizuegu, baina lasai, ez gatoz diru eskean. Gure helburua, burutzen ari garen ikerketan, zeu ere parte-hartzaile izatea da. Ez da arrotza Euskal Herrian halako jarduera, duela urte batzuk oso zabaldua baitzen datu bilketak etnografia zaleek burutzea. Zuk ere, lagundu dezakezu ikerketa honetan.

Baina zein ikerketa?
Halloween edo Gau Beltzaren ospakizunaren inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta bertako partaideen bizipen, diskurtso eta praktiken azterketa, horixe da gure ikerketaren izenburua, Eibarko Juan San Martin bekari esker burutzen ari garena. 2016ko urtarrilean hasi eta 2017ko ekainean izango da aurkeztua. (Informazio zehatzagoa dokumentu honen bukaeran).

Eta zuk, nola lagundu dezakezu?
Gai honekiko interesa baduzu, zure ekarpena burutu dezakezu:
1) Elkarrizketa bat egin haur bikote/hirukote bati (7 eta 12 urte bitartean) eta transkribatu, eta urriaren 31an iluntzean behaketa bat zure herrian.
2) Elkarrizketa bat egin heldu bati (70 urtetik gora) eta transkribatu, eta urriaren 31an iluntzean behaketa bat zure herrian.

Galdetegia eta jarraitu beharreko irizpideak guk bidaliko dizkizugu elkarrizketa eta behaketa egin ahal izateko.

Zer irabazten duzu honekin?
Gizartearentzat interesgarria den ikerketa baten zure aletxoa ipintzea. Ikerketa honen parte izango zara, eta hala agertuko zara ikerketaren orri batean, beste parte hartzaileekin batera. Bestetik, gonbidatua zaude, nola ez, burutuko ditugun aurkezpenetara eta ondorengo meriendatxora. Animatzen? Bete ondoko orria eta bidali guri, jozaita001@gmail.com helbidera.

BULTZATZAILEAK: JAIME ALTUNA ETA JOSU OZAITA

Ikergaia: Halloween edo Gau Beltzaren ospakizunaren inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta bertako partaideen bizipen, diskurtso eta praktiken azterketa

Azaroaren 1ean, kristau tradizioko beste herrialde askotan bezala, Santu Guztien eguna ospatzen da Euskal Herrian. Hilerrietara joanez, hilobiak apainduz eta otoitz eginez hildako pertsonekin gogoratzeko erritua urtero errepikatzeko ohitura mantentzen bada ere poliki-poliki indarra galtzen ari den ospakizuna da. Azken urteetan, ordea, jai egun honen bezperako ospakizunak oso era nabarmenean indartzen ari dira. Urriaren 31ean Halloween izeneko jaia Euskal Herriko haur eta gazteen artean nabarmenki hedatzen ari da. Ameriketako Estatu Batuetako hedabideen, kultur ekoizpenen eta kontsumo produktuen bidez mozorroz eta kalabazez betetzen dira herri eta hirietako kaleak. Gaztetxoentzat oso ezaugarri erakargarriak dituen jaia da; iluntasunarekin eta beldurrarekin jolasteko aukera ematen du, mozorrotzeko erakargarritasuna dauka eta gozokiak biltzeko eta jateko aitzakia ematen du.
Heldu askok, aldiz, ohitura berri hauek ez dituzte begi onez ikusten eta deserosotasuna eta kritika giroa nabari da data horiek hurbiltzerakoan. Halloween kultur industriaren asmakizun eta amerikar ohitura gisa hartzen da eta guraso askok bertako ohitura eta kulturaren aurkakoa dela uste dute.
Baina Santu Guztien bezperako errituak ez dirudi hain arrotz eta hain berri direnik. Ez behintzat, hainbat bilduma etnografikoetan jasotako testigantzei erreparatuz gero. Itxuraz, urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen duela hamarkada batzuk. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske-errondak egiten ziren neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala.
Ikerketa honen bidez ospakizun zehatz honen inguruan urte gutxitan eman den bilakaera aztertu nahi dugu. Ospatzetik ahanztera eta forma berriarekin berriro ospatzera eman den bilakaera ulertzeko ikerketa etnografiko bat egitea proposatzen dugu. Kultur adierazpenetan eta ospakizunetan aldaketak nola ematen diren aztertzeko aukera interesgarria iruditzen zaigu.