GUDA EGOERAN

Egun batean, ez dakit nola eta zergatik, baina, bat-batean, nire burua lur eremu luze, zabal eta latz batean topatu nuen. Lautada ikaragarri handia zen; zelai-zelaia. Dena lehor eta agorra. Zuhaitzik ez zen ikusten, hurbil behintzat. Zoruan lurra, harriak eta hondarra, hezetasun izpirik gabe.

Harrituta eta lekuz kanpo sentitu nintzen egoera arraro hartan. Urruti-urrutian pertsona batzuk mugitzen ikusten hasi nintzela iruditu zitzaidan. Halaxe zen, bai, pertsona beltz-beltzak ziren, gazteak, gehienak gizonezkoak, gihartsu eta bizkorrak.

Ez zegoen zalantzarik, ez; ez dakit nola eta zergatik, baina Afrikako herrialderen batean egon behar nuen, dudarik gabe.

Pertsona haiek, gero eta hurbilago ikusten hasi nintzen; niregana zetozen ziztu bizian, jauzika, zalapartaka, tiroka eta burrunbaka. Berehala, borrokan ari zirela konturatu nintzen. Bi talde handiren arteko gudu baten antzekoa zen. Eskuetan harriak, makilak, lantzak, fusilak, metrailetak eta antzeko armak zerabiltzaten. Ni izututa nengoen; paralizatua. Ez nekien zer egin; nola erreakzionatu.

Dagoeneko, niregandik oso gertu zeuden. Zalapartak, oihuak, ahotsak, garrasiak eta iskanbilak ikaragarriak ziren. Dardarka ari nintzen; zer gertatzen zen ez nuen ulertzen. Beldurrak airean sentitzen nintzen.

Halako batean, nola eta zergatik ez dakit, baina neronen burua lurrean ikusi nuen; gorputz osoa etzanda, hildakoarena eginen banu bazala. Zer gertatzen zen ikusteko, burua mugitzen eta altxatzen ere ez nitzen ausartzen. Etsita nengoen. Banekien edozein momentutan, kolpe txar edo balakadaren bat jaso ahal nuela.

Jendetza trumilka neukan inguruan. Gurpil-aulkia aldamenean, baina ez zen motorduna, baizik eta eskukoa; hortaz, nik ezin inora ihes egin handik. Eta ni lurrean nentzan. Nire aurrean zauritutako emakume bat ikusi nuen, nirea bezalako beste gurpil-aulki batean, niri begira. Orduan, supituan, ohartu nintzen nik ez nekiela beraien hizkuntza; beraien kultura ez ere nuen ulertzen; beraien arteko gerra ere ez nuen konprenitzen. Ni han, lurrean, bakar-bakarrik, beste gizarte batean, inorekin komunikatu ezinda. Nahita ere ezin mugituta.

Nire aurrean eta inguruan, pertsona batzuk nituen niri begira eta hizketan, baina ez nien deus ere ulertzen; ezin nien deus ere jakinarazi. Keinuka eta imintzioka ere, komunikazioa ezinezkoa gertatzen zitzaidan egoera larri hartan, lurrean etzanda. Nahi eta ezin.

Ez nekien zer gerta ote zitekeen une batetik bestera; nola hartuko ote ninduten; zer erreakzio izanen ote zuten nirekiko. Gainezka eginda nengoen; beldurrak akabatzen. Egoera horretan, pertsonak gure ingurutik aterata, gure gizartetik eramanda, zer gutxi garen ohartu nintzen; zeinen babesgabeak sentitzen garen. Ezdeusa sumatzen nuen neronen burua. Baliorik gabea. Funtsik gabekoa. Ausardia gaberik. Hutsaren parekoa…

Estutasun hartan, bat-batean esnatu eta berehala konturatu nintzen dena amesgaizto bat izan zela; gaizto-gaiztoa! Amets oso-oso txarra. Eta segituan, burura etorri zitzaidan gerretatik iheska doazen pertsona errefusiatu eta iheslari guztien sufrimenduaren irudia.