ANTONIO RODRIGUEZ HUESCARREN HITZAK (1953)

D’Alemberten Entziklopediaren aintzinsolasa izango da,

beharbada, XVIII. mendeko espirituaren obrarik adierazgarriena.

Balio hori, bederen, ematen dio, sinbolikoki,

garai oso baten asmoak pilatu eta sinesmenik

sakonenen erakusgarri izan zen artelan erraldoiaren

atarikoa izateak: hau da, frantziarren Entziklopedia-rena.

Argien mende osoa betetzen du mugimendu entziklopedikoak,

eta zenbait hipotesi ditu,

oraindik behar bezainbat argitu ez direnak. […]

Aintzinsolasa-ren xedea bi partetan dator,

eta parte bakoitza Entziklopedia-ren bi helburuetako bati dagokio;

izan ere,“entziklopedia den aldetik azaldu egin behar du, ahal den heinean,

gizakiaren jakintzen ordena eta korrelazioa;

eta Hiztegi arrazoitu gisa eta abar, zera eduki behar du:

zientzia bakoitzaren eta arte bakoitzaren—hala liberalaren nola mekanikoaren—

printzipio nagusiak eta entziklopediaren egitura eta mamia osatzen duten xehetasun esentzialenak”.

Lehen partean, jakintzaren adar askotarikoen genealogia azaltzen da.

Bigarrenean, Errenazimentuaz geroko jakintzen

garapenaren kuadro historiko moduko bat. […]

Hirugarren partean, berriz, ikuspegi pertsonalagoa duten

zenbait gogoeta datoz, Entziklopedia-ren berezitasunei

eta zertarakoari buruzkoak (esaterako, ordena alfabetikoa zertarako hautatu den).

Bestalde, kritika bat egiten zaio Chambersen Hiztegia-ri

(nahiz eta oinarri gisa balio izan dion);

izandako lankidetzen goraipamen bat ere badago,

eta zilegizko harrotasunez obraren gainean egindako adierazpen bat. […]

Amaieran, berriz,

giza jakintzen sistemaren azalpen xehea” dator;

hots, sailkapen-koadro bat, handia bere neurrian.

Azkenik,

Giza jakintzen sistema orokorra, Bacon kantzilerraren arabera

ere sartuta dago,

D’Alembertenarekin konparatu ahal izateko,

eta plagioaren akusaziotik libratzeko, akusatu egin baitzuten,

eta bere burua, arrazoi garbiz, horretatik defendatzeko.