Osasun publikoan hizkuntza minorizatua dagoelarik, nahiz eta hizkuntza ofiziala izan, erabiltzaileen hizkuntza-aukera osasun-langileek eskaintzen dutenaren araberakoa da. Norberaren esku dago euskararen normalkuntza, hizkuntzen erabilera normala.
Eskaintza aktiboa baldin badago, erantzun aktiboa egongo da, eta lan-ohiturak naturalak badira, pazienteekiko harremanak naturalak dira. Uraren gisa, hizkuntzak busti egiten du tantaz tanta behin isurtzen hasiz gero, eta hizkuntzak errealitatea eta harreman oro besarkatzen du, ibai-adarrek lurra besarkatzen eta bustitzen duten modu berean. Horregatik, lanean bertan sartu behar da nahi gabe hizkuntza, eta elkarren arteko eguneroko komunikazioan.
Horretan motor nagusia langileak dira, eta prestakuntza-saioak zuzenean lanorduetan izatea garrantzitsua da; horrela, prestakuntza amaitzean ere hizkuntza-ikasketak segitzen du lan-bizitzan, norbera proaktibo izanik eta besteak behatuz. Ez da inolako gramatikarik behar, norbere kontzientzia piztean alferrik baitira hizkuntza-eskakizun oro. Hizkuntza kontzientziarekin batera, enpatia. Hori horrela, ahozkotasunak garrantzia handia du pertsonen arteko barne-harremanez ari garelarik.
Harreman horretan gorputza dugu espresiobide, eta gorputzarekin sentitzen dugu dena. Bihotzetik ahora amamaren mintzoa doakigu odolaren bidez, eta minak nahiz plazerak sentitzeko gaitasuna ama-hizkuntzaz sentitzen. Minik handiena burutik baldin badatorkigu, bihotzak lagun dezake sendatzen; baina minik handiena bihotzetik baldin badatorkigu, bihotzak ez du buruaren arrazoirik ulertzen sentimena kalteturik. Norbere ama-hizkuntza bihotzean dago, eta beste hizkuntza batean aritzeak emozioetatik aldentzen gaitu. Horregatik, osasun arloan, eta batez ere, gaixotasun psikiatriko-psikologikoak tratatzerakoan gaixoaren ama-hizkuntzan aritzearen garrantziaz jabetu beharko luke profesionalak. Hizkuntza batean aritzeak nortasun bat erakustea esan nahi du, eta ez da berdina ama-hizkuntzan hitz egiten dugularik edo bigarren hizkuntza batean hitz egiten dugularik, desberdin komunikatzen baikara hizkuntza bakoitzean.
Profesionalak ulertu behar du hizkuntza-normalkuntza ez dela euskararekin soilik loturiko afera, baizik eta gizarte batean dauden hizkuntzekin duela zerikusia, izan ofizial edo ez-ofizial. Osasun-langilearen eta pazientearen arteko hizkuntza-mugei buruz ari gara, hizkuntza-muga horiez ohartu behar dugu, hau da, hizkuntza bera hitz egiten ez dutenen arteko komunikazio-arazoez.
Osasun-arreta egoki bat emateko pazientearen adina, sexua, hizkuntza eta abar kontuan hartu behar dira, pazientea egoki identifikatu behar da alegia, eta hizkuntza-normalkuntzan aurrera egiteko XXI. mendera egokitu behar dugunez, aztertu beharko litzateke euskara ikasteko profesionalen liberazioa eraginkorra izan den iragandako urteetan. II. Euskara Planaren arabera, euskarazko asistentzia-zirkuituak sortzea da lehentasun; izan ere, mediku eta profesional euskaldunak egon arren, mediku euskalduna egoteak ez baitu bermatzen pazientearen eta medikuaren arteko harreman euskalduna. Ez da nahikoa hizkuntza-eskakizuna ziurtatua edukitzea, eta horregatik, agiria duenari ere hizkuntzekiko jarrera proaktiboa eskatu behar zaio bere lanean. Ezagutza gure esku dago, baina Artzeren esaldi hura gogoan, hizkuntza bat bizirik dago baldin eta hizkuntza hori dakitenek hitz egiten badute.
Hizkuntza-normalkuntza sustatzeko, batetik, hizkuntza aktiboak ekintzaile aktiboak behar ditu lan-hizkuntza bilaka dadin; bestetik, behetik gora hasi behar da, osasun-arloko ikasketa-graduetan “hizkuntza-kontzientzia” irakasgaia txertatuz ikasleek ere euren eguneroko bizitzan hizkuntzaren garrantziaz jabetzeko. Eta azkenik, estandar klinikoetan euskararen erabilera eta presentzia handitzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da. Horretarako, tresnak eta baliabideak badira jadanik, eta horiek baliatu behar dira.
Aurkikuntza baten benetako bidaia ez da paisai berriak deskubritzea, baizik eta aurrean duguna begi berriez ikustea. Hala, pertsonak jarri behar ditugu erdigunean, eta kontzientziarekin batera polita eta ederra dena (eleaniztasuna eta norberaren ama-hizkuntza) ezinbesteko dela erakutsi irribarre batez.
Bukatzeko, elkarrekin lan eginez eta komunitateari bizitasuna emanez, hitzetatik haratago, pertsonen beharrak eta nahiak ikusi behar dira, eta aldaketa txikiak eginez profesional elebidunen beharrik gabe ingurune elebidun edo eleaniztun bat egotea posible dela ikusi. Denok gara bat, eta mitoetatik haratago, esan behar da mediku euskaldun bat, elebidun edo eleaniztun denez, mediku hobea dela, eta kanpaina hori jarri behar dugu ardatz.