KE BELTZA

Joan, 17599. 6. zelda

Bum! Horra beste bat. Beste eztanda bat, beste bihotz hautsi gehiago, beste hondamendi bat. Nire hanka ubelduei begiratzen diet urduri, besoen laguntzaz ezkutatzen naiz eta soinurik ez egitea erabakitzen dut. Nire negar malkoei ezin eutsirik nago, nire gorputzak hauek ateratzea nahiko balute bezala, baina nik ez diet uzten, nazkatuta nago. Nazkaturik hemen giltzapetu gintuzten gizonetatik. Handiak ziruditen, berdez jantzitakoak eta bihotzaren gainazalean oso marka berezi bat zutela konturatu nintzen. Gizonek, gu baino botere gehiago zutela jabetu nintzen jipoia eman zidatenetik eta oraindik ez dut ulertzen zergatik nagoen itxitura honen barruan uniforme zahar honekin. Desberdina al naiz? Zer egin dut?

Gaiztoak dira, oso gaiztoak. Beraiek kendu zidaten ama. Ez dut oso ondo gogoratzen, badakit min egin ziotela. Ez dut geroztik ikusi, baina bizirik dagoela ziur nago.

Egunero esnatu, uniformea jarri eta logelatik ateratzen naiz. Nire ezkerrera begiratu eta ke beltz batek estaltzen du zerua urrunetik. Oso ke beldurgarri eta indartsua da, bere osagaiak inoiz bukatuko ez balira bezala. Orduak ematen ditut hura begira. Egunero hogei pertsona eramaten dituzte itxituraren beste aldera eta ez dira itzultzen, hauek desagertutakoan beste hogei pertsona berri eramaten dituzte. Horrela egunero, baina badakit itxituraren beste aldean ez dagoela ona den gauza bat. Deus ere.

Aitarekin oso ondo moldatzen naiz, baina azken aldian urduri samar dagoela ikusten dut. Ez da bera. Masailetako zimurren goialdean, ubeldu koloreko begi-zuloak ditu eta giltzapetuta egon garen bost hilabete hauetan ilea urdindu zaio.

Gelatik atera eta teilatura igo naiz. Gutxi pisatzen dudanez, ez da jausten.

Goizean eraman dituzten hogei pertsona horiek ez dira itzuli oraindik eta goizeko hamaikak dira jada. Kea gelditu egin da eta gizon berdeak itxituraren beste aldetik etorri dira, baina hogei pertsona horiek gabe.

Makurtu egin naiz beldurrez. Gizonak nire eta beste gainontzeko gizonen gela barrura sartu dira. Teilatu lastoz eginikoa denez, oso ongi ikus dezaket zertan dabiltzan.

Hizkuntza arraro batean hitz egiten hasi dira eta nire aitaren eta nire oheaz gain, beste hemezortzi pertsonen oheak apuntatu dituzte behatzekin.

Nire aitak aurpegi zurbila jarri du eta negar malko bat erori zaio. Begi bistakoa da gure txanda laster dela.

Gizon berdeek, hemeretziak hartu eta ilaran jarri dituzte zenbatzeko. Laster konturatu dira ni neu falta nintzela baina ez naiz teilatutik jaitsi. Ez dute denbora asko pasa ni aurkitu barik eta teilatutik jaisteko agindua eman dit gizon batek. Nik buruarekin ezetz esan eta poltsikotik makil bat hartu du. Barkatzeko esan diot nire hizkuntzan eta lurrean nengoela, bizkarreko bat eman dit bere indar guztiarekin.

Aitak laguntzeko keinua egin du, baina ondo nengoela esan diot.

Ilaran azkena naiz. Denak ni baino altuagoak dira, ni baino gehiago pisatzen dute, ni baino indar gehiago dute…, baina pertsonak garela konturatu naiz. Baita uniformez jantzita gauden guztiok eta baita gizon berdeak ere. Espezie berekoak. Ez dut oraindik ulertu nola hil gaitezkeen gure artean.

Hiru gizon etorri dira gurekin batera. Bi zaharrenak aurrean eta gaztea atzean. Gaztearen aurretik noa eta zerbait esaten entzun dut. Buelta eman eta negar malko bat jausi zaio ezpainetaraino. Begiratu egin diot eta irribarre zintzo bat oparitu dit beherantz begiratzen zuen bitartean.

Arraroa da. Gizon berde bat zintzoa izan daiteke? Batek daki! Baina begien aurrean ikusi dudan ortzadar hori ez dut ahaztuko.

Ibiltzen hasi gara eta pentsatzen hasi naiz. Badakit nire hankek daramatzaten pauso erritmotsuak azkenak direla. Badakit ez dudala lur lehor hau gehiago zapalduko eta badakit nire ibilbide motz hau bukatu dela. Zaila da azken batean hiltzeko bidea onartzea, baina zer egingo dut bestela? Korrika hasi? Ez du merezi. Horrelaxe hasiz gero, bertan akabatuko ninduten. Beraz, egoera onartu eta aurrera jarraitu dugu hesiaren bestaldera pasa eta gero.

Zelai berde batera iritsi gara bi ordu oinez pasa eta gero, esan beharra dago nire adinerako oso ausarta izan naizela hau guztia ibiltzeagatik. Baina beno, barrutik kikilduta nagoela ere esan behar dut.

Bi itzal ikus ditzaket urrutian eta gerturatzen ari garen denboran, argi ikusten da bi labe handi direla. Bi labe zahar. Bi akabatzeko makina esango nuke nire hitzetan. Aitak begiratu eta lasai egoteko esan dit. Aitatxoren aurpegia ikusi dudanean negarrez hasi naiz eta kateak batzen dituen tramankulua askatzen saiatu naiz. Baina alferrik, atzean neukan gizon berdeak errieta egin dit. Ez dut ulertzen bere jarrera, hasieran oso zintzoa zen nirekin, eta orain zer? Akabatu egin nahi nau, ala? Ez da bidezkoa. Zergatik jarraitu behar du berak bizirik? Zergatik ez nik? Uffff… hau bai amorrua nirea.

Gizonak eskua erakusteko esan dit eta kili-kili egin didan zerbait jarri dit eskuan. Orri bat da. Zabaltzen hasi eta liluratuta geratu naiz. Nire hizkuntza idazten daki! Zeinen ondo! Nire begiak hau irakurtzen hasi dira:

Zu bezalako haurtxoa ere izan naiz gezurra dirudien arren. Nire familia eduki dut, beraien babesa, nahi nuen guzti-guztiak, eta horiekin edo gabe badakit zer den haur izatea. Batzuetan gorrotoa izan da nire jabe, baina bide berri bat hasteko unea heldu zitzaidala aurreikusi nuen. Zu bezalaxe egon naiz ni kartzela moduko etxe zahar oietan gosearen gosez, jateko ordua noiz izango ote zen galdetzen. Badakit galdera asko etorriko zaizkizula burura, baina historiarekin jarraituta, nirea den honek, amaiera ona izan zuen eta ihes egitea lortu nuen, herri honetatik atera eta etxera itzuli nintzen. Orduantxe bertan ezagutu zintudan. Zure aita eta ama zenituen alboan eta hor ere lotuta zeundeten. Zerbait egin behar nuen eta eskutitz hau idaztera etorri naiz zuregana hain gazte izanagatik. Arrisku larrian nagoela badakit, baina polizien hizkuntza erakutsi zidaten eskolan eta sarbidea lortu dut. Badakizunez, zurea den honek ez du nirea bezain amaiera onik eduki. Azkenean, zorte kontua dela esango nuke nik, eta ziur nago, zu, aita eta ama oso pozik biziko zaretela.

BIDAIA ON!

Eskutitza poltsikoan sartu eta lurrera bultza gaituzte denok belauniko jartzeko esanez. Hiru bat polizia berri etorri dira eta armekin apuntatu gaituzte. Aitari begiratu eta irri egin diot, berak berea itzuli eta burua mugitu dut. Polizia gazteari eskerraren begirada oparitu diot eta uste baino lehenago, nire buruan hotza sentitu dut, zerbaitek igaro banindu bezala. Poltsikoan nuen mezua bihotzean jarri dut eta bertan erori naiz.

Bakean biziko gara aita, ama eta hirurok labe barruko goxotasunean.