MAHATSONDOA

Mahatsondoa, Vitis vinifera L. Vitaceae. Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) dio euskaraz matsa, edamatsa, ayena deitzen zaiola eta lapurteraz, machatia, aihena. Zenbait barietate ere aipatzen ditu: basa-matsa edo matsa-malda, mats-churia, moskatela, garnacha eta mats-gorria edo iche mats gorria. Matsa-malda-ren hostoak, dio, abere hausnarkariek biziki estimatzen dituztela; halaber, enborrekin oso makila gogorrak egiten direla, eta horien luku heldugabeekin, eztarriko arazoei aurre egiten duen jaki lehorgarria eta freskagarria egiten dela. Mahatsondoa ere beste izenez ezagutzen da: vid, aparruzas, parra, uva, ardoegosite eta abar.

Mahatsondoaren sorrera datatzea ez da erraza. Tertziario aroko hondakin fosilak aurkitu izan dira nonbait, gizakia munduan azaldu baino askoz ere lehenagokoak. Espainia da munduan mahasti gehien duen lurraldea. Jarraian, Frantzia, Italia, Turkia, Txina eta Estatu Batuak dira. Era berean, Txilen, Australian eta Hegoafrikan mahatsondoaren laborantza handitzen ari da. Kontinenteetako mahastien azalera, 2008an, hauxe zen: Europan, %57,8; Asian, %21,7; Amerikan, %12,8; Afrikan, %5,05 eta Ozeanian, %2,6.

Mahatsondo espeziei dagokienez, 6.800 inguru omen dira munduan. Horietako ehunen bat bakarrik erabiltzen dira ardoa egiteko, hala nola Tempranillo, Merlot, Cabernet Sauvignon, Cabernet Franc eta abar.

Ardoari buruzko aipamenik zaharrena Itun Zaharrean (Hasiera 9-21) dago. Noek mahasti bat landatu zuen, egindako ardoa edan eta mozkortu egin zen. Gizakiak lehen mahastiak Asia Txikian eta Ekialde Hurbilean landatu zituen. Kristo aurreko 3.000 urte, Vitis vinífera-ren pikor fosilak aurkitu izan dira. Bestalde, 1.000 urte Kristo aurretik, Greziako uharteetan ardoa ekoizten zen. Gero, erromatarrek ardoaren elaborazioa Mediterraneo eskualdeetara zabaldu zuten. Erromatar Inperioa desagertu zenean, fraide kristauek mahastizaintza garatu zuten. Hori dela eta, ardogintzan diharduten Europako herrialderik garrantzitsuenetan, Erdi Arotik, monasterio eta erlijio-komentu asko izaten dira. Frantzia, Italia eta Espainia dira herrialde horiek.

Mahatsondoa zurezko landare igokaria da. Enbor lodia du. Txorten luzeko hosto handiak, bihotz formakoak, bost atal gutxi asko sakonak. Hostoak neguan galtzen ditu. Urteko adarren (xirmenduak edo aihenak) oinean bitik laura hosto barreiatuak ateratzen dira eta, gorago, muturrean kiribil bat duen beste hosto bat. Kiribil horietako batek euskarriren bati heltzen dionean kiribildu egiten da gora egiteko. Infloreszentzia panikula bat da: mahats-mordoa osatzen du. Lore txikiak. Loretxo bakoitzak bost hortz txikiko kaliza berdea, bost petaloko korola berdea, bost estamine eta loretxoaren erdian, pistiloa. Fruitua argizari, ezti, more, urdinxka edo ia beltz kolorekoa. Baia biribil edo elipsoidala da (mahats-pikorra).

Loraldia apirilean hasten da. Larrekoa edo landua da. Larrekoa basoetan zein ur-bazterretan ateratzen da, baita mendi-mazeletan zein lautadetan ere. Mila bostehun metrotik behera, mahasti zabalak lantzen dira. Parretan ere lantzen da. Klima gozo eta euri gutxiko udaldiak gustukoak ditu. Mahats-bilketa udazkenaren hasieran egiten da.

Neska-mutilak ginela, 1960 urte inguruan, Iruñerrian baziren mahastiak, eta zenbait etxetako sotoetan ardoa egiteko dolareak ere. Guk, Uharten, mahastiak eta dolareak ezagutu ditugu. Haiek urteak!

Mahatsa, lehorketa prozesu baten bidez mahaspasa bilakatzen da. Jakin badakigu mahatsak oso gozoak direla. Ardoa egiteko erabiltzen da gehienbat. Mahats-zukuari irakiten uzten ez zaionean muztioa lortzen da.

Mahatsek eta are gehiago mahaspasek potasio, kaltzio, magnesio, burdina, fosforo, kobre, tiamina, azido nikotiniko, piridoxina eta azido foliko asko dituzte. Hazien olioa, bestalde, gantz azido asegabetan aberatsa da eta hiperlipemiak eta arteriosklerosiak prebenitzeko erabiltzen da.

Nabaskoze inguruan arrope izeneko ore bat egiten zen. Mahatsaren zukua kobrezko pertzetan egosten zen ore bat egin arte. Oreari intxaurrak, pinaziak edo arbendolak gaineratzen zitzaizkion eta askaltzeko hartzen zen. Sekulako jaki gozoa!

Fruituak libragarriak eta diuretikoak dira. Bihotz eta giltzurrunetako gaitzetan ere gomendagarriak. Hostoak taninotan oso aberatsak dira, hori dela bide, horien infusioak beherakoaren aurkako eragina dute. Bestalde, aihenen izerdia ekzemak tratatzeko eta begien hanturak arintzeko sendagai ona da. Halaber, mahatsondoaren hostoen taninoek, antozianinek eta flabonoideek zainen odol-zirkulazioa hobetzen dute. Hau da, hodi-babesleak eta idortzaileak dira eta zainetako gutxiegitasuna tratatzeko erabiltzen dira (zangoen hantura eta barizeak, pisu-sentsazioa, bernetako mina, nekea eta karranpak), baita hemorroideak ere.

Plaketen antiagregatzailea ere bada, beraz, arretaz hartu behar da medikamentu antigatzatzaileak hartzen direnean, baita plaketen eragin antiagregatzailea dela eta kontuz hartu behar da ultzera peptikoa izaten denean.

Pello Iturria Sarasibar