KARPO TUNELAREN SINDROMEA

Zer da Karpo Tunelaren Sindrome (KTS) bezala ezagutzen dena?

Eskumuturrean tunel antzeko bat zeharkatzen duen Mediano izeneko nerbioaren konpresioa da. Hau gertatzen denean, hainbat sintoma agertzen dira: eskuaren inurritzea edo/eta sentikortasun eza, eskuan eta besoan mina, giharren ahuldadea, manipulazio arazoak, etab. Hauek egun guztian zehar agertu daitezke, baina oso ohikoak dira gauean eta goizean esnatzean sentitzea. Nerbioaren konpresioak aurrera jarraitzen badu, inurritzea eta mina desagertu daitezke, eskua pixkanaka argalduaz, giharraren atrofiagatik.

Zerk eragiten du? Zeintzuk dira arrisku faktoreak?

Besoetan maiztasun gehiagorekin ematen den nerbio konpresioa da eta, beraz, lanuzte arrazoi garrantzitsu bat da.

Gaixotasun hau, Karpo tunelaren barruan presio handipen batengatik ematen dela dirudi. Hau garatzeko arriskuarekin erlazionatuta daude:

  • Gorputz Masa Indizea (loditasuna).

  • Esku/eskumutur mugimendu tasa.

  • Haurdunaldia eta menopausia hasieran.

  • Hainbat lanbide: muntai kate batean lan egitea, ordenagailuekin lan egitea, lorazaintza, bibrazioekin lan egitea, etab.

  • Besoetan tendoiren baten inflamazioa izatea.

  • Artritis Erreumatoidea, Hipotiroidismoa, gaixotasuna auto-inmuneak, etab. izatea.

  • Etab.

Baina kasu askotan, ez da zergatia topatzen.

Nola egiten da diagnosia?

Gaixotasunaren diagnosia, batez ere klinikoa da, hau da, sintoma eta azterketa klinikoaren araberakoa. Beste gaixotasun baten barruan dagoenaren zalantza baldin badago, beste froga batzuk egin daitezke. Horien artean, azterketa neurofisiologikoa (korronteen bidez, nerbioen funtzionamendua aztertzea), Ultrasoinua, Erresonantzia Magnetikoa, etab.

Nola ekiditu daiteke?

Orokorrean, zergatia topatzen bada edo arrisku faktoreak badaude, hauek konpondu edo ekiditu behar dira. Gainera, jarduera fisikoak eta ariketak KTS arriskua txikitzen dute.

Zein da tratamendurik egokiena?

Pertsona bakoitzaren araberakoa da hau. Mediku espezialistak azalpen guztiak eman eta bien artean aukera guztiak aztertu eta gero, akordio batetara iritsi behar da.

Bi aukera daude. Alde batetik, tratamendu kontserbadorea: eskumuturraren mugimendu eza baimentzea (eskumuturreko, ferula edo ortesi baten bidez), esteroideen injekzioak eskumuturrean edo aho bidezko esteroideak. Hauek, gaixoaren egoeraren arabera baliagarriak badira, KTS hobetzen dutela jakina da.

Horietariko batekin, sintomak 2-7 asteetan hobetzen ez badira, beste tratamendu kontserbadore batekin frogatu beharko genuke edo zuzenean, tratamendu kirurgikora pasa.

Bigarren aukera honekin, ebakuntzarekin (karpoko lotailu-gurutzatuaren askapena), sintomak konpontzen dira eta nerbioaren funtzioa hobetzen da. Beti ere kontutan izan behar da, ebakuntza bat dela eta honek bere arriskuak/onurak dituela.

Beste hainbat tratamendu badaude ere, ez dago hauen alde edo kontrako gomendiorik, ebidentzian oinarritutako azterketen arabera: jarduera aldaketak, akupuntura, laser hotza, diuretikoak, estimulazio elektrikoa, iontoforesia, masaiak, etab.