MANEX ETA SALMENTA

-Aida, behia, aida! Aurrera! -oihukatu zuen seme batek.

-Toz, ttattarra, toz! Tira!, itzuli hona! -esan zion aitak behiari, egunsentian.

-Segi, Beltxa, segi! -beste seme batek, egonarri handiz.

-Esti, atzera! Uo! -berriz ere aitak, erne eta adi.

-Muuuu! Muuuu! -marruak, behiek eta txahalek, asaldatuta-. Au-au-au! -txakurrak zaunka, urduri.

-Eutsi, eutsi! Lotu ongi! -kamioilariak, lasai, eskarmentuaren erakusle.

Iskanbila eta nahasmendu harekin guztiarekin, Manex ikaratuta esnatu eta lasterka leihora joan zen, larrainera begiratzera. Oso goiz zen oraindik. Eguna orduantxe ari zuen argitzen. Mutikoak Beltxa izeneko behia kamioian sartzen ikusi zuen. Behi hura zaharra zen eta ez zuen aurkakotasun handirik egin, kamioira sarrarazi zutenean: aita, muturreko sokatik tiraka, seme bat, bultzaka, eta, beste seme bat, akuilatzen; erraz samar igoarazi zuten kamioi barneraino.

Urriaren hasieran zeuden eta goiz hartan tratulari bat baserriraino joan zen, kamioi handi batean, ukuiluko animalia batzuk hiltegira eramatera.

Hurrengo txandan, txahal eme bati tokatu zitzaion, Nabarra zuen izena. Ongi gizenduta zegoen eta hura ere zailtasun handirik gabe sartu zuten kamioira, <aida!>, <tox!> eta <geldi!> batzuen artean. Manexek, maniobra hura ere arreta handiz jarraitu zuen bere logelako leihotik, lau gizonezkoak serio demonio aritu ziren bitartean. Nabarra ere Beltxaren ondoan lotu zuten, kamioi barruan.

Azkenik, Gorri izeneko zezenkoa agertu zen ukuiluko atean, Manexen aita soka sendo batetik tiraka zuela. Zekorra, handia eta indartsua zen. Ongi gizenduta zegoen; gorputza zabal-zabal eginda. Aita, bi seme eta kamioilariaren artean, poliki-poliki ibilgailuaren aldera zeramaten abelgorria, muturretik soka lodi batekin ongi helduta, atzetik akuiluarekin pixka bat ziztatuz eta bi aldeetatik aidaka. Halako animalia ar handiei, normalean, sudurrean, metalezko eraztun sendo bat jartzen zieten haragian sartuta, tenkatuz gero min har zezaten, eta, era hartan, pertsonek errazago menderatzeko abere haiek; Gorrik ere honelako eraztun bat zeraman jarrita, eta, horretan barna zegoen pasatuta soka lodia, aratxe arra bera hobeki maneiatzeko.

Kamioiaren atzealdeko arrapalaren hasierara iritsi zirenean, ordea, idiskoa izutu egin zen igotzen hasi bezain laster, metal eta zurezkoa zen arrapala hark, apatxekin ateratzen zituen hotsak entzunda. Aldaparen erdian, atzeraka hasi zen zezen gaztea ikaratuta, orro eta marruka.

-Ou!, uo! Geldi, Gorri! -aitak, kamioi gainetik eta sokatik tiraka.

-Aida!, aida! Tira, segi aurrera, madarikatua! -besteek, atzetik eta alboetatik, estu eta larri, akuilatu nahian.

Aita eta beste hiru gizonezkoak ere saiatu ziren animaliari eusten, baina erabat alferrikakoa izan zen. Nahiz eta eraztunetik lotuta egon, aratxe sendo hark bere indar guztiak atera baitzituen handik ihes egiteko. Azkenean, aitak lokarria askatu behar izan zuen, txahal arrak arrastaka eramanen ez bazuen behinik behin. Abere handi hura ostikoka eta jauzika hasi zen bere burua askatu nahian, eta, azkenik, hanka egiteko. Inguruan zituen beste hiru gizonezkoek ere baztertu egin behar izan zuten bere aldamenetik, ikusi zutenean zezenkoaren eraso basati hura.

-Ou, uo! Geldi hadi! Hator hona, demonio hori! -aita saiatu zen animalia geldiarazten, baina egoera latz hartan ezinezkoa gertatu zitzaion.

Gauzak horrela, Gorrik, ostiko batzuk eman ondoren eta zenbait orro egindakoan, oso gustura aprobetxatu zuen handik ospa egiteko, bere burua aske ikusita. Soka muturretik arrastaka zuela, bidean aurrera egin zuen lasterka, herri alderantz. Gorrik, ukuiluko gainerako txahal guztiek bezalaxe, bere bizitza osoa baserri barruan emana zuen, kanpora batere atera gabe, beraz, han, kalean, dena berri eta arrotz egiten zitzaion; ez zekien non zegoen, eta, askoz gutxiago ere nora zihoan, baina lehenagoko estutasun eta estres haiek igaro ondoren, oso gozoro sentitzen zen libre, eta, aurrera eta aurrera ari zen ziztu bizian, gelditu gabe.

Manex, leiho ertzetik, ikuskizun osoa arreta handiz ari zen jarraitzen, begirik kendu gabe, eta, baita kezka eta urduritasun pixka batekin ere. Zer gertatuko ote zen bukaeran? Horra hor, mutikoaren jakin-mina.

Egoera hura ikusita, Manexen bi anaia zaharrenak, eskuetan akuilu bana zutela, larrainetik atera eta beren euntzera sartu ziren langan barrena. Handik lasterka jo zuten herri alderantz, baina bidearen paraleloan, harik eta zekorra aurreratu zuten arte. Orduan, ataka batean zehar herriko bidera atera eta hantxe bertan geldiarazi zuten Gorri, aida batean, akuiluen laguntzarekin.

-Ou, uo! Esti, atzera! Segi, segi etxera, egoskor halakoa!

Handik, etxe aldera bideratu, eta, lehenago edo geroago, lortu zuten Gorri baserrira inguraraztea. Hantxe, aitaren eta kamioilariaren laguntzarekin, erraz samar lortu zuten ukuilura sartzea.

Ukuiluan, berriz ere iskanbila eta istiluak, ordea:

-Muuuu!, muuuu! -beste abelgorri gehienek-. Au-au!, au-au! -etxeko txakur txikiak-. Eta, karakaka! -oiloek. Behingoagatik, oilarra isilik gelditu zen, nahiz eta egunsentia izan.

Behin barruan Gorri, bere lekura joan zen txintxo samar, ganbelara. Aitak une hura aprobetxatu zuen zekorra berriro ere katearekin lotzeko bere jantokian, eta, ikusita zer-nolako gorabeherak izan zituzten kamioira igotzerakoan, orduan erabaki zuen beste modu batez probatzea, alegia, zapi ilun batekin lauhankakoaren begiak estali eta muturreko lehengo soka lodiari, beste luzeago bat erantsi zioten, lasaiago eta hobeki maniobratzeko.

Jarduera hura bukatutakoan, idiskoa berriz ere larrainera eraman zuten lauren artean, katea berriro askatu eta gero. Begiak estalirik edukita, Gorrik salduta sumatzen zuen bere burua, ez zekien ongi nondik nora zihoan eta horren ondorioz, ez zuen aurkakotasun handirik egin; bere burua eramaten utzi zuen. Era horretan, aise samar hurbilarazi zuten kamioiaren arrapalaraino. Han, aita, isil-isilik kamioiraino igo eta soka luzea barruko barra sendo baten inguruan pasatu zuen, zekorrari errazago eusteko. Gainerako hiru gizonezkoak animalia akuilatuz eta ziztatuz, berehala igoarazi zuten denen artean Gorri goraino. Aitak lokarritik ongi tiratu eta kamioi barruraino amen batean sarrarazi zuten, santu-santu. Han, beste bi abelgorrien ondoan ongi lotu, pertsonak kamioitik jaitsi eta atzeko atea seguru itxi zuten, arrapala altxatutakoan.

Manexek oraindik leihoan zirauen, mugida guztia presentziatzen. Handik gutxira, kamioilaria, hango eginbehar guztiak gauzatutakoan, kamioiaren kabinan sartu, ibilgailua arrankatu eta goitik behera berehalaxe desagertu zen baserritarren begi-bistatik, ganadua berarekin eramanda, noski.

Segituan, isiltasun handi eta triste bat nagusitu zen larrainaz. Ordurako, Manexi eskolara joateko, prestatzen hasteko momentua iritsi zitzaion, beraz, bat-batean, ukuiluko gorabehera guztiak alde batera utzi eta bere prestaketari ekin behar izan zion aida batean. Sukaldera joan, gosaldu, maletatxoa gertatu eta eskolara; herriraino, bi kilometro.

Eguerdia ongi pasatuta, eskolatik atera eta etxera arin-arin bazkaltzera, arratsaldean berriz ere eskolara itzultzeko. Baina baserrira iritsi zenean, bazkaldu baino lehen, zuzen-zuzen ukuilura joan zen ikustera zer egoera eta giro zeuden han. Berehalaxe sumatu zituen Beltxa, Nabarra eta Gorriren hutsune eta gabezia handiak. Manexek, mutiko ipurtarin eta bihurritxoa izanda ere, bazeukan bere bihoztxoa, eta ukuiluan animalia haien gabetasuna ikusita, bihozmina eta nahigabea berehalaxe nabaritu zituen bere baitan, oso ongi bai baitzekien Beltxa, Nabarra eta Gorri berriro ere ez zituela sekula santan han ikusiko, eta horrek atsekabe handi samarra sorrarazten zion. Behi, bigantxa eta zekor berriak etorriko ziren, bai, seguru, horretan ez zeukan inolako zalantzarik, baina beste batzuk izanen ziren, ez lehengo berberak.

Gogoeta haiek bukatu, errealitate gordinera itzuli eta sukaldera igo zen bazkaltzera. Bazkaldu eta berriz ere eskolara, bizitzak aurrera jarraitzen baitzuen; han ez zegoen etenik.