HITZEGITEA, HUTSEGITEA DA

Hitzegitea, idaztea, hutsegitea da… Pertsonari aspaldi leitu nionez Yusepek euskaratu drama estatiko ilun, koadro bakarreko hartan, gure herriaz ari balitz bezala, hilotzaren aurrean. Eta bizia ere halatsu da, geure okerrak etengabe zuzenduz, mundualdi honetako komediak fintzen joatea. Kontuak hola, hementxe bertan idatzi nuen EUSKALDUNA NAIZ, ETA…? artikulua prentsan atera ondotik, ezker eskuin, inguruan sumatu dudan hitzen ondoeza dela medio, egin nahi nituzke hiru oharño labur:

1.Euskadirik gabe? Bai, Euzkadi merezi zuten. Arrazoi zuen Koldok. Eta Euskadi Ta Askatasuna ere bai merezi genuen, Pertur. Baina zertara etorri gara? Euskal Herria bere onera zetorren ustean, Euskal Hiria eske hastera? Enbeita gurusa berriari aditu diodan egiarik finena, non eta Leitzan bertan, euskaldunon kastaren bihotz sikologikoan: “Zeuen himnoa da: Agiragirando… lau gara hemen, bi kantari eta, den denak esken”. A zer gudari baskoiak, gu! Nik sumatu dudan fintasun bakarra hauxe da: euskaldun xaloak, ibili eta buelta, muzin egiten diola edozein asmazio beharturi: Euzkadi, Euskadi, Euskal Hiria… Ezin dut laburrago esan. Hitzaren mediku finak maite ditut. Ez baita munduan botika hoberik. Humanitatearen ikur identitario bakarra da: hitzen ondoeza. Asironen “buklea” lapsus ederra izan da. Noiz onartuko ote du purismo jasangaitzetik umekeria populistara etorri den Euskaltzaindiak?

2-Kartzelarik gabe? Euskal preso bati idatzi nion aurreneko gutun inoxo hartan, esaten niola uste dut, mundua bera baduela aski gartzela Pertsonak, beste latzagoen bila ari gabe. Eta horra non, Euskadi askatu behar zigutenak kartzelatik ezin aterea aski ez, Euzkadi asmatu zutenak berriz atzera kartzelan asmatzera jo dugun. Entzun 1914-1918 gerlako euskal presoen grabaketak. Hau zen euskal eskola berria? Inolako beharrik gabe, “Maitia nun zira?” fina bera gezurrez “zikintzia”? Hala bada, Bartolo errukarri honi, betiko antzerki zuri hau sumatuta, “Maritxo nora zoaz, iturrira berriro?” atera zaio. Bejondizuela, hitzen ondoezik gabe betikoan segitzeagatik! Edo zer da orain, abertzale zaharrek eta berriek denek preso beharra dugula? Edo lehen gerla handiko euskal preso unibertsal asmatu horien itzal erromantiko guruz edertuan omendu nahi direla oinaze antzuko azken gerlatik bueltan datozen gure heroi errukarriok?

3.Ezabertzalegoa? Ez nuen esan nahi inondik ere, beste gabe frantses edo español huts sentitzen dena, baizik eta munduan euskaldun sentitzen dena, baina, nik neure eguneroko bizitzan mila bider sumatu dudanez, Euskadi kontuok aditze hutsak atzera eragiten dion euskaldun fin xuhurra. Eta alderantziz: munduko hipokresiarik haundienarekin bada ere, salbokundukta gisa nonahi eta beti keinu merke erraz grosero hori egin beharra sentitzen duena, abertzale jatorraren patente inkontestablea lehenbailehen saltzeko, eraskusteko? irabazteko? inposatzeko?… Zenbat aldiz, zenbat lekutan, zenbat modutara… sentitu ote dut keinu barrenuts harro merke hori, abertzale gama osoan, eta lotsa eta pena haragituz bada ere, isildu egin behar, 40 urtez landutako neure izate guziak pose merke harro horixe beste merkaturik ez duela ohartzean. Esan dizut hasieran, beti da ongarri nork bere HITZEN ONDOEZA sentitzea, zaintzea, gure herriaren parte haundia, itxurakeria hutsa baita, Hutsal Herria gara neurri haundian, gero eta hutsago eta harroago, Oteizaren hutsmin espainola adoratzen, hanpatzen, haizez betetzen… Behar bada literatura hutsa da nere hau ere, baina hementxe dago nire eta nire senide arteko alde politiko guzia ere, eta sarean ikus dezakezun EKARRI AIZKORA zintzoegi hartan ere bai, nahiz zakar iduri; inoiz ez baita erreza, gezurra bezain eder esaten egia.

OHARRA: artikulu hau 111 aldizkariaren 10. aleko 15. orrian argitaratua izan da, baina Aizkora esatean, zertaz ari naizen hobeki jakin nahiko bazenu, mesede ederra eginen lizuke Elinberri honetan bertan Aizkora tiraka sarobe neurtzen Iberon (1620) izeneko artikulua ere leitzeak.