#2019KONAGUSIAK: JUANMI GUTIERREZEN HERIOTZA

2019ko otsailean hil zen Juanmi Gutierrez, zinemagintza dokumentalean aditua eta aritua izan dena. Errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena, azaldu dute beti Gutierrezek sortutako lanek, izan ere, giza eskubideen defendatzaile izan zen. Euskal ikus-entzunezkoen mundua kolpatu zuen albisteak, eta galeraren aurrean omenaldi andana eskaini dizkiote.

Donostiako Herri Irratian aritu ostean, euskalgintzara egin zuen salto. HABEn lanean hasi zenean errodatu zituenbere lehen ikus-entzunezkoa profesionalak, helduak alfabetatzen laguntzeko tresna didaktiko gisara erabili ziren materialak. Bruselako Insas eskolan egin zituen zinemako ikasketak, eta super 8 mm-ko film labur ugari egin zituen bere ibilbidearen hastapenetan. Eusko Ikaskuntzako Zinema Sailaren arduradun izan zen, eta irakasle gisa aritutakoa da ere Donostiako zenbait zentro kulturaletan.

Film laburrak – Cuentos de mayo (1998),  Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011) – zein luzeak –besteak beste, Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012)- sortu zituen, horietatik gehienak dokumentalak. Pello Gutierrez semearekin aritu da lanean azken urteetan, Zazpi T’erdi ekoiztetxearen txapelpean.

Zinemal jaialdi ugaritan aurkeztu ditu bere lanak, nazioartean ere bai. Esaterako, bere pelikuletako hamar estreinatu zituen Donostia Zinemaldian, iragan edizioan horietariko azkena: Baúles/Kutxak (2018). Halaber, jaialdiko hautaketa batzordeko kide izan zen 1979an. ZINEAk beste lau hedabiderekin batera bultzaturiko Zurriolako Butaka saioan izan zen irailean bere azken filma aurkezten:

 https://youtu.be/RR-abKG3KKE

Gutierrez omentzeko asmoz, Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Tabakalera, Kresala Zinekluba eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean saio bereziak antolatu zituzten martxoan Tabakalerako zinema aretoan. Bada, bere uzta paregabea osatzen duten lan horietako bi hautatu zituzten Gutierrezen senideek martxoan egindako omenaldian proiektatzeko: zuzendariak 1982ean Super-8 formatuan errodatutako Itxoiten (1982) film laburra eta Angor (2007) film luzea.

Bestalde, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, zuzendariaren lanak pantailaratu zituzten ere Errenterian. Horrez gain, Zintzilik irratiak emanaldi berezi bat egin zuen zuzendariaren audioak eta bere dokumentaletan agertutako hainbat abesti jarriz. Hala, ibilaldia egin zuten herritarrek Oreretako kaleetan zehar.

Zinegilearen obra ezagutzeko, ikusi Ganbaran osatu dugun fitxa.


https://www.zinea.eus/2019/12/31/2019konagusiak-juanmi-gutierrezen-heriotza/

#2019koNagusiak: Juanmi Gutierrezen heriotza