“ZIURGABETASUN EGOERA HONETAN, ZAILTASUNA AUKERA BIHURTZEA ESPERO DUGU” DAVID PÉREZ SAÑUDO (AMANIA FILMS)

Ane’ filmak hainbat aintzatespen jaso ditu Malagako zinema-jaialdiko Work in Progress atalean: irudi postprodukzioaren ‘Aracne Digital Cinema’ saria, nazioarteko banaketarako ‘Latido Films’ saria eta Music Library Spanish WIP saria. Lorpen horien inguruan mintzatu gara David Pérez Sañudo zuzendariarekin, eta Amania Films produkzio-etxean zer beste proiektutan ari diren lanean azaldu digu.

ZINEUSKADI: Zer garrantzi dute hiru aintzatespen horiek filmerako? Horietakoren bat nabarmenduko zenuke bereziki?

David P. Sañudo: Malagako zinema-jaialdiko Industria sailean parte hartu genuen sektorearen erantzuna neurtzeko helburuarekin. Filmaren harrera ezagutu nahi genuen; zerbait aldatu behar ote genuen ikusi, gehien nabarmentzen dituzten elementuak identifikatu eta abar. Alde horretatik, esango nuke oso positiboa izan dela esperientzia, erantzun onak jaso baititugu.

Hiru sariak, bakoitza bere erara, eskertzekoak dira eta lagungarriak izango zaizkigu. Egia da Latido Films-ek emandakoak asko pozten gaituela, ekoizpen-etxe gisa ditugun mugak gainditzen eta pelikula hobeto aurkezten eta mugitzen lagunduko baitugu. Beren babesa izatea luxua da.

Z: ‘Ane’ filmaren zuzendari, gidoilari eta ekoizle zara. Nolakoa izan da esperientzia hori?

DPS: Idazketa-prozesua oso gogorra eta luzea izan da. Hasteko, nabarmendu behar dut Marina Paresekin batera egin dudala. Berak ere lan handia egin du eta, zoritxarrez gidoilariekin gertatu ohi den bezala, ez nuke nahiko ikusezin geratzea. Era berean, azpimarratuko nuke prozesu horretan gogo-aldarte, ilusio, ziurgabetasun… asko daudela, eta fase horrek nolabaiteko izaera ziklotimikoa dakarrela, joan-etorriz josita egoten baita. Baina fase horretan dago atsedenaldi eta intelektualizazio handiena. Zorionez, Joanes Urkixoren, Mar Collen eta Borja Cobeagaren laguntza izan dugu.

Bigarrenik, esango nuke zuzendaritza-fasea gogorra, bizia, zirraragarria… izan dela. Ez zen film erraza bost astetan grabatzeko. Ikaskuntza handia izan da. Filmatzen amaitu eta hurrengo egunean, egin ezin izan denari buruz pentsatzen duzu, lortu ezin izan duzunari buruz… Asteak igarota, ahalik eta baliorik handiena ematen diet aurkitu ditugun sorpresei, hasi aurretik espero baino hobeto atera diren gauzei. Inoiz ez nuen horrelako esperientziarik bizi, baina egia da zaila dela distantzia hartzea. Pixkanaka filmarekin adiskidetzen joaten zara.

Amaitzeko, ekoizpenean bestelako presioak daude. Hala ere, nahiz eta egia den lau urtez produkzioarekin oso inplikatuta egon naizela, primerako laguntzaileak izan ditut: Katixa de Silvak ekoizpen exekutibo lan handia egin du, eta Elena Maesok, Agustín Delgadok eta David Blankak ekoiztetxeko erronka handienei aurre egin diete.

Z: Elkartzen eta banatzen gaituzten “zubiei” buruzko istorioa da ‘Ane’. Nola sortu zen ideia?

DPS: Hain zuzen, komunikazioari buruzko istorioa da. Izan ere, pertsona batekin bizi garenean pisu handia du berari buruz ezagutzen ez dugun horrek. Marinari eta niri familia kontzeptuak sortzen digun interesetik abiatzen da istorioa, eta, batik bat, seme-alaba bati eta ama edo aita bati  rol horretan eskatzen zaienetik. Emakumeen kasuan, bereziki idealizatua dago bete beharreko papera. Amei beti egozten zaie zaintzaile eta begirale etiketa; seme-alabak ezagutu behar dituzte. Gurasoak jakitunak direla pentsatzeraino iristen gara. Hala ez bada, arduragabekeria jokoan sar liteke, eta hori ez dago ondo ikusia.

Bai Marinak eta bai nik oso barneratuta daukagu irakaslearen figura, hori baita haur batek izaten duen lehenengo agintarietako bat (gure familietan oso presente dago figura hori). Ez da kasualitatea gure protagonista, Lide, segurtasun-zaintzailea izatea. Haren lana babestea da.

Z: Zein ibilbide egingo du orain filmak?

DPS: Ezin dugu jakin, eta are gutxiago bizi dugun egoerarekin. Ahalik eta jende gehienari interesatzea eta aurkezpen on bat egitea dira gure helburuak.

Z: Amania produkzio-etxeko zuzendaria ere bazara. Nola eragiten die egungo itxialdiak martxan dauden proiektuei?

DPS: Amania Films-ek, beste ekoiztetxeek bezala, hainbat zuzendariren lanak ekoizten ditu. Egia da egoera honek oso eragin handia izan duela. Zorionez, filmatu ahal izan ditugu martxan genituen bi film luzeak: bai ‘Ane’ bai ‘Retrato de mujer de pelo cano y arrugas’ lanak postprodukzio-fasean daude, eta ahal den neurrian aurrera egiten saiatzen ari gara.

Film laburren artean proiektu baten ekoizpena, ‘Carnívoro’ izenekoa, gelditu behar izan dugu. Lan hori Lander Castroren debuta da, eta logistika aldetik lan nahikoa eskatzen du. Beraz, momentuz, geldirik gaude.

Z: Zein beste proiektutan ari zarete orain lanean?

DPS: Hainbat proiektu ditugu abian. Alde batetik, zenbait zuzendariren film laburrekin ari gara; Marina Parésen, Diego Kataryniuk-en, Aitzol Saratxagaren, Nüll Garcíaren eta abarren lan berriekin, hain zuzen ere.

Film luzeei dagokionez, proposamen ugari ditugu mahai gainean eta ahaleginak neurtzen saiatzen ari gara. Orain patxadaz lan egitea dagokigu, presarik gabe.

Z: Zein dira zuen filmak erakusteko ohiko kanalak? Zein eragin izan du COVID-19 birusak zuen merkaturatze-estrategian?

DPS: Gure lehen bi film luzeak ekoiztu berri ditugu, eta zaila egiten zaigu galdera horri erantzutea. Oraindik ez dugu esperientziarik COVID-19ak egoerari nola eta zenbat eragingo dion baloratzeko. Zailtasuna aukera bihurtzea espero dugu.