MALTHUS: POPULAZIO DINAMIKA, EGUNEROKOTASUNA ETA APOKALIPSIA

Egunero iristen zaizkigu errefuxiatu eta iheslarien berriak. Gerrak, askatasun falta edo pobreziaren eraginez gehienetan, beraien herrietatik atera eta gureganatzen saiatzen dira, bizitza arriskuan jarriz, edo galduz. Berri horien aurrean penatu egiten gara, baina gehienetan ez dugu gauza handirik egiten, bakarkako boluntario eskuzabal eta ausart batzuek izan ezik.

Gure egunerokotasunean murgilduta, behin berri bortitzenak ahaztuta, ez gara gai horietara bueltatzen. Egunerokotasun horrek ez gaitu sarritan guztiz betetzen, mugatu egiten gaituela ondo asko dakigu, baina eroso bizi gara gehienok gure kabi epel txiki horretan.

Ez da kontu berria, ez. Gizakia gizaki denetik, eta bere bizitza gizarteetan antolatu duenetik, beti izan dira iheslariak, tamalez, eta, begiak jaso gabe, horren aurrean ezer gutxi egiten duena gehiengoa izan da betiere.

Historian zehar, gizaki kopuruaren hazkuntzaren aurrean, eta guztien elikadura eta bizitza baldintza egokiak eskaintzeko orduan, gai hori arlo anitzetako zientzialarientzat aztergaia izan da gizarteengan nabaritu diren zailtasunak medio.

Eta gaur, gu, gai hau hausnartzean, ez gara lehenak. Izan ere, An Essay on the Principle of Population liburua 1798an lehen aldiz argitaratua izan zenean, ez zuen autoreak bere izena aitortu. Hala ere, lan anonimo hori laster zabaldu zen garai hartako jakintsuen artean eta, bide batez, laster asmatu zuten Thomas Robert Malthus ekonomialari ingelesa zela egilea.

Bertan, Malthusek, eskura zituen datuak modu zientifikoan aztertu ondoren, gizakiaren zibilizazioa 1880. urte inguruan bukatuko zela aurreikusi zuen. Horretarako, aldagai nagusi biren joera erabili zuen: populazioaren hazkuntza geometriko bizkorra alde batetik, eta elikagaiak sortzeko gaitasunaren hazkuntza aritmetiko motela bestetik. Malthusen ustez 1880. urtearen inguruan hondamendi edo apokalipsi bati aurre egin beharko zion gizakion zibilizazioak, gizakiek ez zuketelako elikagai nahikorik izango.

Zorionez, ez zen horrela izan. Hemen gaude horren froga gisa. Hondamendia ez zen gertatu, alde batetik, gizakia Iraultza Industriala jorratzeko gai izan zelako, eta, bestetik, gizakiaren ugalketa senak beherantz egin zuelako bizi baldintzak hobetzerakoan.

Batzuek Malthusen populazio-dinamikaren arlo zientifikoaren sortzailearen teoria okerrekotzat jo zuten, eta horrela da oraindik ere. Beste batzuen ikuspuntutik, ordea, ez da horrela. Izan ere, egun zazpi mila miloi gizaki gara planetaren azalean eta modu jarraian Naturari eta Lurrari eragiten diogun kalte galantaren aurrean ez dago argi, ez, ea gure garapen eredua jasangarria den. Batzuen ustez, beraz, ezin zaio ekonomialari ingelesaren teoriari uko egin.

Malthus bizirik balego, segurenik, gaur egungo datuak erabiliz, bere aurreikuspena osatu eta zuzenduko luke, eta, baliteke gaur ere gizakiaren apokalipsiari epea jartzea.

Errefuxiatu eta iheslarien egoeraz gehiago arduratu beharko genuke, baita, epe luzera begiratuz, Malthusek duela 222 urte egin zuen  bezala, gure etorkizuna aztertu, aurreikusi, neurri egokiak hartu ere.

Denoi dagokigu. Garai da.

Testua hemen ere ikusten ahal da: www.uriola.eus