INDIGAZTAINONDOA

Izen botanikoa Aesculus hippocastanum L. da. Sapindadeae familiakoa. Izen herrikoi asko ditu: indigaztainondoa, indi-gaztaina, itsas-gaztaina, gaztaina pilonga, euskaraz; castaño de indias, castaño amargo, castaña pilonga, castaña loca, castaño de caballo, castaño de sombra eta abar, gaztelaniaz. Lacoizquetak bere hiztegian (1888) ere indigaztaina deitzen dio euskaraz, eta, castaño de indias gaztelaniaz.

Aesculus hippocastanum Carlos Linneok deskribatu zuen, 1753an. Aesculus latinezko izen bat da, haritza esan nahi du, eta hippocastanum grekozko hippos (zaldia), eta latinezko castanea hitzetatik dator, hau da, zaldi gaztaina.

Nahiz indigaztainondoa deitu, zuhaitz hau Asia Txikokoa, Balkanetakoa da jatorriz. Mundu osoko eskualde epeletako kale eta parkeetan, apaingarri, ikusten da. Maiz basatzen da hostoerorkorreko basoetan.

Tamaina handiko zuhaitz hostoerorkorra; 30 metroko altuera izan dezake. Adar asko garatzen dituen enbor tentea du. Azala leuna, baina denborarekin pitzadurak agertzen dira. Adar gazteen azala horixka edo arre-gorrixka da, lentizelekin. Adar zaharren azala grisaxka-iluna da, lentizelekin ere. Azala, barnealdean, leuna eta kobre-kolorekoa da.

Aurkako hosto handiak, peziolo luzekoak, palmatu-konposatuak, 5-7 folioloz osaturikoak, ertz horzdunak edo zerradunak. Gainaldea berde iluna, azpialdea argiagoa. Lore zuriak edo arrosak. Kaliza, bost sepalo fusionatuta, kanpai formakoa. Korola bost petalokoa. Hauek 10-15 mm-ko luzera dute, eta kolore zuria, oinarrian orin gorriak edo horiak dituztela. Androzeoak zazpi estamine ditu, antera gorrixkak, eta petaloak baino handiagoak. Ginezeoa trikarpelarra eta globularra da. Loreak hostotzaren gainetik nabarmentzen diren panikula piramidaletan biltzen dira; basalak hermafroditak dira eta apikalak arrak. Ernamuin erretxinatsuak ditu. Fruitua “indi-gaztaina” bilgarri arantzatsua, kapsula bat da, eta, barnean, haziak, gaztaina pilongak alegia, ditu: bat, eta bi edo hiru batzuetan. Haziak bost bat zentimetrokoak, marroi kolorekoak, orban moduko gune zurixka nabarmena dute. Barrualdea haragitsua eta zurixka dute. Ez dira gizakiarentzat jangarriak.

OSAGAI AKTIBO NAGUSIAK

Landarearen hazian: printzipio aktiboak, saponosido triterpenikoak dira eta, horien artean, eszina nabarmentzen da. Eszina kotiledonetan dago, almidoiarekin (%60 ere), proantozianidinekin, flabonoideekin eta kumarinekin (eskulina eta fraxina) batera.

ESCOPek (European Scientific Cooperative on Phytotherapy; Europako Fitoterapiaren Kooperatiba Zientifikoa) gomendatzen du haziek gutxienez %3ko glukosido triterpenikoak izatea, eszina gisa baloratuak, Frantziako eta Alemaniako farmakopea betez.

Landarearen azalean eta hostoetan: printzipio aktiborik garrantzitsuenak eskulosidoa, fraxosidoa eta eskopoletosidoa direla dirudi. Konposatu horiek heterosido kumarinikoak dira.

EKINTZA FARMAKOLOGIKOA

Hazia: Eszinaren presentziari esker, haziek propietate antiinflamatorioak eta benotonikoak dituzte. Hodien iragazkortasuna gutxitzen dute, eta edemaren aurkako eragina dute.

Azala: Eskulosidoa nabarmentzen da. Propietate benotonikoak ditu, erresistentzia baskularra handitzen baitu. Gainera, B izpi ultramoreek eragindako kaltea gutxitzen du, eta, beraz, eguzki-babesgarriak fabrikatzeko erabiltzen da. Era berean, hazian dagoen proantozianidina A2-k ekintza farmakologiko berberak ditu.

INDIKAZIOAK/GOMENDIOAK

Sintoma horiek dituzten zainetako gutxiegitasun kronikoaren tratamendurako: hanken hantura, astuntasun-sentsazioa, mina, nekea, azkura eta karranpak zangosagarretan.

Landare hau, emate topikoan, tradizioz erabiltzen da zainetako asaldura arinekin lotutako hanken ondoezaren eta astuntasunaren sintomak tratatzeko, eta kontusioekin lotutako sintomak arintzeko (edema lokala eta hematomak). Hemorroideen eta ebakuntza osteko edemen tratamenduan ere eraginkorra dela frogatu da.

Ahotik hartzen da, prestakin solidoetan eta likidoetan; eta bide topikotik, krema edo gel moduan.

ALBO-ONDORIOAK

Eszinarekin egindako azterketa klinikoetan, %0,6-3 kasutan albo-ondorioak ikusi dira, batez ere urdail-hesteetako mina, bertigoa eta buruko mina. Era berean, ahotik eman ondoren, prurito-kasu bakar batzuk deskribatu dira; baita aplikazio topikoaren osteko ukipen-dermatitisa ere.

ARRETA-NEURRIAK

Kontsultatu mediku batekin, larruazalaren hanturarik edo larruazalpeko induraziorik badago, ultzerak badaude, hanka bat edo biak bat-batean handitzen badira, bihotz-gutxiegitasuna edo giltzurrun-gutxiegitasuna badago.

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da barne bidezko erabilera-segurtasuna ziurtatu.

SENDATZEKO ERABILERA TRADIZIONALAK NAFARROAN

Haziak zirkulazio-aparatuko arazoak tratatzeko erabiltzen dira, hala nola zirkulazio txarra, barizeak eta odoluzkiak. Errezeta bat honako hau da: beirazko poto bateko hiru laurdena hazi lehor zatituz betetzen da, alkohol etilikoz estaltzen da, eta berrogei egunez gerizpean berazten uzten da, potoa egunero irauliz. Iragazi ondoren, egunean 3 tanta hartzen dira, 20 egunez.

Barizeak tratatzeko, honako prestakin hau egiten da: altzifrearen fruituekin batera, poto batean, haziak beratu egiten dira, 70ºko alkohol etilikoan, eta potoa ilunpetan itxita gordetzen da. Egunero, beratua nahasteko irauli egiten da, eta, bederatzi egun igaro ondoren, iragazi egiten da. Tinturarekin igurtziak ematen dira barizeetan; edo ahotik hartzen da, 25 tanta, hiru aldiz egunean.

Halaber, zenbait gizabanakok, tradizioz, erreuma saihesteko, gaztaina pilonga bat eraman ohi dute poltsikoan. Hori bai, zimurtua geratzen denean, beste batez aldatu behar da. Halaber, zenbaitek esaten dute zuhaitz zehatz baten haziak izan behar direla, eta beste batzuek energia positiboa eta zorte ona ematen dutela.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Consejo General de Colegios Oficiales de Farmacéuticos. 2011. Catálogo de plantas medicinales.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Aesculus hippocastanum L.