ZUME ZURIA

Izen botanikoa Salix alba L. da. Salicaceae familiakoa. Salix generoari euskaraz zumea eta sahatsa deitzen zaio. Manuel Larramendik idatzitako hiru hizkuntzako hiztegian (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia. 1745) dio zumea hitzak zura eta mea (mehea) esan nahi duela, hau da, adar malguak eta arinak dituela eta saskiak eta beste tresnak egiteko erabiltzen dela. Baita zarika ere deitzen zaiola, hau da zarea, esanahi berarekin. Larramendik bere hiztegi hirueledunean iuntzia ere deitzen dio: ia (ihi), eta uncia (ontzi), hau da, ontziak egiteko balio duen ihia.

Lacoizquetak bere hiztegian, 1888an, dio, Bertiz-Arana aldean, zumia eta zumarika (zumea eta zarika) deitzen zaiola, esanahi berberarekin. Halaber, dio, zumeek printzipio mingots, toniko eta febrifugo bat dutela, salicina deritzona, eta adierazten du “ikusi dut praktiko bat, zumearen azalarekin, sukar terziana menderakaitzak ezabatzen”.

Gaztelaniaz sauce deitzen zaio. Laurehun bat espezie ditu. Zuhaitzak eta zuhaixkak dira. Leku hotzetan eta epeletan hazten dira, Ipar Hemisferioan batez ere. Horietako bat zume negartia edo sahats negartia (Salix babylonica) da, mundu osoan landatua, parkeetako apaingarri gisa, batez ere. Haren adar malguak ia lurreraino iristen dira.

Zume zuria tamaina handiko zuhaitza da, hogeita bost metro gora izan ahal da. Dioikoa (oin batean lore arrak eta bestean emeak). Enbor zuzena, azala arre-grisaxka, arrakala sakonak. Adar horixkak, gaztaina-gorrixkak edo laranja kolorekoak, malguak, azal leuna eta dirdiratsua. Hosto handiak, erorkorrak, alternoak, ilaundunak, puntaluzeak, lantza-itxurakoak, ertz zerradunak. Gainalde berdea, leuna eta dirdiratsua; azpialdea glaukoa. Lore arrak eta emeak multzotan, horiak, gerbak osatzen dituzte. Lore emeek, obario superoa, estilo motza, 2-4 estigmak. Lore arrek bi estamine eta periantiorik gabekoak. Loreek ugari jariatzen duten nektarrak lorautseztapena egiten duten intsektuak erakartzen ditu. Hostoak eta loreak, eskuarki, aldi berean sortzen dira. Goiz loratzen da, otsailaren bukaeran. Fruitua kapsula eta, barruan, ile-mototsa duten haziak.

Urte bat inguru duten adarrak malguak dira, tolesten eta ehuntzen ahal dira, saskiak egiteko. Kalitate handiko ikatza ere ematen du. Zura arina eta sendoa da, erraz ezpaltzen da, baina kolpeak eta presioak ongi jasaten ditu. Makilak eta beste zenbait tresna egiteko ere erabiltzen da.

Zumeak lur hezetan, ibai- eta erreka-ertzetan eta urmaeletan hazten dira. Zenbaitetan, basoak eratzen dituzte; sahastiak, alegia. Iberiar penintsulako leku heze gehientsuenetan sortzen dira. Nafarroa osoan ikusten dira. Zume zuria, Nafarroako hegoaldean gehiago hazten da.

Eragin terapeutikoa zumearen azala du. Europako Farmakopearen arabera, Salix generoaren hainbat espezietako adar gazteen edo urteko kimuen azal lehortua erabiltzen da: besteak beste, S. purpurea L., S. daphnoides Vill. eta S. fragilis L. Gutxienez, %1,5 deribatu salizilikoak (salizina gisa) dute.

Eragin biologikoa duten osagai nagusiak deribatu salizilikoak dira (%1,5-11): salizina edo salikosidoa (%1 inguru) eta salikortina (% 4 izan ahal da), besteak beste.

Salizinaren eduki osoa espezieen, landarearen, adinaren eta biltzeko garaiaren arabera aldatzen da. Deribatu salizilikoetan espezie aberatsenak hauek dira: Salix purpurea L. (%4-12), Salix daphnoides Vill (%2-10) eta Salix fragilis L. (%2-10). Salix alba-ren edukia, ordea, txikiagoa da (%0,5-1) eta erabiltzeari utzi zaio. Konposatu horiez gain, azido fenolikoak, flabonoideak eta taninoak dituzte, besteak beste.

Salizina, digestio-hodian, hesteetako mikrofloraren bitartez, hidrolizatu egiten da, eta saligenina (alkohol salizilikoa) eta glukosa bihurtzen da. Odolak eta gibelak saligenina xurgatzen dute, eta bertan oxidatzen da, azido saliziliko bihurtuz. Azido salizilikoa da eragin analgesikoa, antipiretikoa eta antiinflamatorioa duena.

Gero, sintesi kimikoren bitartez, azido salizilikotik azido azetilsalizilikoa lortu zen, 1897an. Azken konposatu honi Bayer enpresa farmazeutikoak aspirina deitu zion. Azido salizilikoa izena, bestalde, landare honetatik dator, Salix izen latinetik, hain zuzen ere.

Konposatu salizilikoek eragin analgesikoa eta hantura-kontrakoa dituzte. Plaketen antiagregazio eragina, ordea, oso txikia da azido azetilsalizilikoaren eraginarekin alderatuta. Bestalde, 240 mg salizina duten zume-azalaren estraktuekin gizakietan egindako saiakuntzek erakusten dute salizinatik sorturiko azido salizilikoak ez dituela erabat frogatzen eragin analgesikoa eta hantura-kontrakoa. Izan ere, polifenolek eta flabonoideek deribatu salizilikoen eragin analgesikoan eta hantura-kontrakoan ere zerikusia omen dute.

Antzina, paludismoari, erreumari eta infekzioek eragindako sukarraldiei aurre egiteko zumea askotan erabiltzen zen. Aspirina, laborategian ekoiztu zenean, landarearen erabilpena jaitsi zen. Gaur egun, ordea, sukarrari, erreumari, artikulazio-arazoei, nekeari, hotzeriari, gripeari eta antzeko gaitzei aurre egiteko hartzen segitzen da. Gehienbat, kapsuletan, estraktutan eta tinturatan hartzen da. Euskal Herrian ere, zumearen eragin sendatzailea aspalditik ezaguna da.

Erdi Aroan, zeinuen teoria oso hedatuta zegoen; alegia, nola zen landarearen itxura eta hazten zen lekua, hala izango ziren haren ahalmen sendatzaileak. Teoria honek landareen sendatzeko ahalmena egiaztatu nahi izan du mendetan zehar. Horrela, Salix generoak sustrai gogorrak, luzeak, iraupen handikoak, erresistenteak ditu. Gainera, ur ertzean bizi den eta “oinak bustita” dituela ondo garatzen den zumeak, hotzarekiko immunea alegia, derrigor, burutik beherakoak, gripeak, erreumatismoak eta sukarrak sendatzeko gai izan behar du. Zumearen azala zati aktiboa izango da; izan ere, azalak landarea bildu eta berotu egiten du. Eta halaxe da.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Fernández M. 1981. Las plantas en la medicina popular 1.- Navarra húmeda del NO. Eusko Ikaskuntza. Pamplona.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Salix sp.