EZAGUTZA TEKNOLOGIKOAK ZABALTZEKO ETA TRUKATZEKO NAVARRA LAN PARTY TOPAKETAK “ONLINE” FORMATUA IZANEN DU BERRIZ ERE

Aste honetan eginen den Navarra LAN Party topaketaren kartela.

NUPek eta ANDITECek koordinatutako eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babestutako topaketaren edizio hau heldu den asteburuan eginen da

Teknologiaren zaleen Navarra LAN Party topaketak, iaz bezalaxe, “online” formatua izanen du bere laugarren edizio honetan. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute ekitaldia, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin, eta heldu den asteburuan ospatuko da: irailaren 24ko 15:00etatik (ostirala) irailaren 26ko 15:00ak arte (igandea), etenik gabe. Topaketa digital honek MarsGaming eta Toornament enpresak ditu laguntzaile. Doakoa da, aurretik “online” izena emanda, baina antolatzaileek 20 euro balio duen eta etxera bidaltzen duten “pack” bat eskaintzen dute sarrera birtualarekin, kamiseta batekin eta akreditazio fisikoarekin.

Aurten ere, Navarra LAN Partyren programan sormen digitaleko jarduerak, hitzaldi eta lantegiak eta bideo-joko lehiaketak izanen dira. Alde batetik, larunbat goizerako, zenbait hitzaldi antolatu dira teknologiarekin lotutako gaiei buruz: “blockchain” erako finantza deszentralizatuak nolakoak diren, auto elektrikoek nola lortzen ahal duten beren bateria-hondakinetatik elektrizitatea biltegiratzeko modu berri bat sortzea, edo administrazioaren digitalizazioa. Gainera, ostiral arratsaldean emanen den programazioa ere nabarmendu behar da: lehenik eta behin, STEM eremuko emakumeen gaia landuko da, eta, ondoren, laster unibertsitatera iritsiko diren Batxilergoko ikasleei zuzendutako galdera-erantzunen erronda bat eginen da, bai eta gure gizartean adimen artifizialaren erabilera eta egoera sakontzeko gune bat eskaini ere; hori guztia Ikertzaileen Gau Europarraren programaren barnean eginen da. Horrez gain, Random Topic Games podcasta emanen da, bideo-jokoen aktualitateaz hitz egiteko. Emanaldi guztia ekitaldiaren Twitch kanalaren bidez eginen da, ekitaldiaren gainerakoa bezala.

Bideo-joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste “League of Legends”, “CSGO” edo “PUGB” bideo-jokoenak. Aipatzekoa da zenbait bideo-jokoren lehiaketak lehenbiziko aldiz eginen direla edizio honetan: “Rust”, “Rainbow 6” eta “Fórmula 1”. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere eginen dira, Nafarroan Demo Scene delakoa babesteko helburuz, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Horrez gainera, sormen artistikoko txapelketak ere eginen dira, diseinuaren, argazkigintzaren eta bideoaren ingurukoak.

Navarra LAN Party topaketaren lehenbiziko bi edizioak Nafarroako unibertsitate-pabiloian egin ziren, 2018an eta 2019an, eta bi mila lagun inguru bildu zituzten; iazkoan, berriz, pandemiaren ondorioz “online” formatuan egindako lehenbizikoan, 700 lagunek hartu zuten parte.

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Party topaketaren webgunean eta @navarralanparty Twitter eta Instagram kontuan.

Duela bi urte NUPen modu presentzialean egindako Navarra LAN Partyko parte-hartzaile batzuk.

Duela bi urte NUPen modu presentzialean egindako Navarra LAN Partyko parte-hartzaile batzuk.