AUZO-LOTSA 18 IRAGAZKI OPERAZIOA

Laurogeiko hamarkadaren lehen erdian, gutxi gorabehera, egun jakin batean, Iruñerriko dantza talde batek, txistulari bat behar zuen, Behorlegin dantza emanaldi bat egiteko; oraintxe bertan ez dut ongi gogoratzen, zein zen arrazoi zehatza, baina, dena delakoarengatik, asteburu hartan, txistulari propiorik gabe gelditu ziren, eta, harexegatik, hain zuzen ere, eskatu zidaten niri, txistulari moduan beraiekin joateko.

Emanaldiaren bezperan, entsegu eskas bakar bat egin, eta, nik, partiturak batere ongi jakin gabe, hantxe abiatu nintzen egun hartan, autobusean, gainerako dantzariekin, ni txistulari bakarra zutela, eta, gainera, berria, haientzat; hitz gutxitan esanda, denak nire eskuetan zeuden, eta, nik, partituren menpean aritu behar, ziurgabetasunean.

Denak autobusean sartu, nire gurpil aulkia barne, eta martxa! Behorlegira bidean ginela, ez dakit zehazki non, baina, kontua da, mugako toki jakin batean, guardia zibilen kontrola zegoela. Autobusa geldiarazi eta atetik, zera agindu ziguten beren hizkuntzan:

-Emaguzue denok zuen nortasun agiria, mesedez!

Guk, isil-isilik, berehalaxe eskuratu genizkien gure agiriak. Baina, handik minutu gutxira, beraien egiaztapenak egin ondoren, itzuli, eta, autobus barruraino sartu eta gero, honelaxe mintzatu zen, serio-serio, haietako bat:

-Xanti Begiristain Madotz ezin da pasatu, nortasun agiria iraungia du eta!

Dantzari guztiak, aida batean, zeharo asaldatu egin ziren, ohartuta horrek zer ondorio zekarren, alegia, txistularirik gabe, ezinen zutela egin beraien emanaldia, eta, ondorioz, berehala, kexaka eta builaka hasi ziren:

-Baina, nola? Aizue!, txistularia erabat beharrezkoa dugu! Dantzariak gara eta saioa egiteko, musika guztiz ezinbestekoa daukagu; gaur, bera da gure txistulari bakarra. Xanti gabe ezin dugu emanaldia egin, beraz, pasatzen utzi beharko zeniokete!

-Ez, ez, ez, ez! Guri bost axola zuen arazoak! Berdin-berdin zaigu mezatara baldin bazoazte ere! Xanti ezin da pasatu eta kito!; hementxe gelditu beharko du! Zuek ikusiko duzue nola moldatzen zareten! Hori guretzat hutsaren hurrengoa da! Gainera, guk pasatzen utziko bagenio ere, gero jendarmeekin arazo berbera izanen luke, hau da, ez bailiokete aurrera egiten utziko.

-Bai, baina, Xantik, gurpil aulkian ibiltzeko, laguntza behar du, ordea! Hemen, nork lagunduko dio? -dantzariek ekin eta ekin.

-A, bueno!, hori ez da batere arazoa, e?, gurekin gelditzen baldin bada, geure bazkaritik jan ahalko du!; daukaguna partekatu eginen dugu eta aire! -guardia zibilen erantzuna.

Bitartean, nik nire baitan, zera pentsatzen nuen: <Alajainkoa! Besterik ez genian behar! Orain artaburu hauekin bazkaldu behar al dut nik? Arraio mila demonio! Dios, bai patu petrala nirea! Ba, horrelaxe egin behar baldi dut, ederki entzun behar ditek, noski, nire txistua baba-lore hauek!; nazka-nazka egin arte!>.

Bien bitartean, dantzariak jo eta ke ari ziren guardia zibilekin, niri pasatzen utz ziezadaten. Agintedunek ezetz eta ezetz, guztiz ezinezkoa zela, bezperan Iruñean atentatu larri bat izan zelako postetxe nagusian, eta, horregatik, Iragazki Operazioa egiten ari zirela, gainera, beraiek niri pasatzen utziko balidate ere, jendarmeek berehalaxe geldiaraziko nindutela, argudiatzen zuten behin eta berriz. Hitz gutxitan esanda, eta, antza denez, han ez zegoen zeregin handirik.

Gauzak hala zeudela, ezinbestean jaitsi behar izan ninduten autobusetik. Jaitsi eta nirekin bi dantzari gelditu ziren. Bitartean, guk, hantxe, ikusmiran genbiltzala, metro batzuk aurrerago, zubi estu bat topatu genuen. Halako estua zen, non gurpil aulkia zabalik egonda, ez baitzen igarotzen. Orduan, ez bat eta ez bi, gehiago pentsatu gabe, dantzari batek ni besoetan hartu eta hala pasatu ninduen zubi estu hartan barna. Besteak, aldi berean, gurpil aulkiari heldu, tolestu, gora jaso eta era berean zeharkatu zuen zubitxoa. Behin beste aldean geundela, aulkia zabaldu, ni barruan kokatu eta errepide aldera abiatu ginen, gure autobusaren zain gelditzeko. Ibilgailua iritsi eta gelditu zenean, ni berriz autobusera igo, gurpil aulkia maletegian sartu eta aurrera, Behorlegirantz! Jendarmeekin ez genuen inolako arazorik izan.

Haiek hala, denboratxo bat autobusean igarotakoan, azkenean, onik eta pozik iritsi ginen helmugara, hau da, Behorlegira. Behin han, herrian, egin beharreko dantza emanaldia egin eta gero, ez estutasunik gabe, dantza batzuen partiturak ez nekizkielako oso ongi, baina, bueno, inor, behintzat, ez zen kexatu eta gaitzerdi! Geroago, otordu on bat eman ziguten, eta, han, jendearekin gustura gozatu ondoren, arratsalde erdialdean-edo, Iruñerantz abiatu ginen dantzariak eta txistularia -neroni-, autobusean.

Itzulerako bidaia normaltasun osoarekin egin genuen, mugara iritsi ginen arte. Han, badaezpada ere, arazorik ez edukitzeko, goizean egindako trikimailu eta maniobra berberak egin genituen, alegia, autobusetik jaitsi, zubitxoa era berean zeharkatu eta berriz ere autobuserantz.

Baina, Ipar Euskal Herritik Hegoaldera igaro, eta, autobusera iristen ari ginenean, han, une batez, goizeko guardia zibilekin egin genuen topo.

-Kontxo! Hemen al zarete berriz ere? Zer moduz joan zaizue eguna hemen? -haiek guri.

-Ongi esan beharko. Hementxe ibili gara, inguruko bazterrak ikusten eta ezagutzen, besterik gabe… ai!, bueno, barkatu, baina autobusa gure zain dago eta joan egin beharko dugu -guk, serio-serio, guardia zibilei.

Handik aurrera, ez genuen inolako arazorik izan Iruñeraino ailegatzeko. Ikusten denez, irakurle, Iragazki Operazio ospetsu hura oso eraginkorra izan zen!