AUZO-LOTSA 23 ZULATUAK

Garai hartan, erabiltzen nuen aulki motordunak, gurpil pneumatikoak zituen, hau da, airez puzten ziren haietakoak, eta, horrek berak, bere arrisku nabarmenak zeuzkan, zeren eta, gutxien espero zenuenean, izan ahal baitzenuen zulaturen bat.

Batzuetan, aurreko gurpil bat zulatzen zitzaidan, eta, beste batzuetan, atzekoren bat; azken hau gertatzea, okerragoa zen ibiltzen jarraitzeko, eta, gehienetan, gainera, ibiltzen segitu behar izaten nuen, lantokiraino, kontserbatorioraino edota etxeraino iristeko. Bi gurpil bidaia berean edo egun berean, ez dakit inoiz zulatu ote zitzaizkidan, oraintxe bertan ez dut gogoratzen, baina, dena den, ez zen ezinezkoa; oso erraz gerta zitekeen.

Eta, gurpila zulatzen zen lekutik etxeraino joatea, batzuetan, odisea oso bat gertatzen zen; jakina, bitartean, lantokira edota kontserbatoriora joan behar baldin banuen, are eta okerragoa zen oraindik, kontuan eduki behar baita, tartean, semaforoak, zebra bideak, era guztietako ibilgailuak, pertsonak eta abar saihestu behar izaten nituela.

Uda batean, hara zer gertatu zitzaidan!, alegia, egunero edo ia-ia egunero ibili nintzen Iruñeko Alde Zaharrean, sanferminetan, eskuko aulkian, norbaitek ni eramanda, eta, ez zitzaidan gurpil bakar bat ere zulatu, -miraria!-, nahiz eta, garai hartan, sanferminetan, oraindik ez ziren erabiltzen plastikozko edontziak. Baina, ordea, Iruñeko jai ospetsu haiek bukatu, eta, egun batean, lagun batek, aulki berberean, Arrosadia auzoko belardi edo larre batera (sasoi hartan, oraindik ere bai baitzegoen), eraman bezain azkar, atzeko gurpil bat zulatu egin zitzaidan; hau amorrua! A zer egonarria eduki behar!

Batez ere, aulki motordunaren gurpilen bat zulatzen zitzaidanean, eta, bereziki, atzekoa baldin bazen, batzuetan, ez zen inola ere txepelkeria etxeraino iristea. Gainera, gerta zitekeen lantokira, kontserbatoriora edota beste nonbaitera joaterakoan, eta, egoera hartan, ez zen batere erraza suertatzen ibiltzea eta aulkia kontrolatzea, bakarrik, inoren laguntzarik gabe, gurpilen bat airean gelditu eta aulkia desorekatzen zelako.

Baina, gorabehera haiek guztiak jasan ondoren, etxeraino iristean, arazoa ez zen han inondik inora ere bukatzen, ez, orduan aurkitu behar izaten bainuen ea nork, non eta noiz konpondu ahalko zidan. Batzuetan, ostiral ilunabarrean gertatzen zitzaidan zulatua, eta, asteburuan ez zen batere erraz suertatzen konpontzailea aurkitzea; halakoetan, senperrenak ikusten nituen astelehenean berriz ere lanera joateko. Egia esateko, halako egunetan, idiaren eramankizuna beharrezkoa eta ezinbestekoa zen.