AUZO LOTSA 33 ESZEDENTZIARIK EZ

 

Azken hamarkada hartan, alegia, 90eko hamarraldian, Iruñeko Agoitz kaleko Pablo Saratsate kontserbatorioan jarraitzen nuen musika ikasten, besteak beste, txistu musika tresna. Urte jakin batean, bosgarren maila ari nintzen lantzen, ahal nuen neurrian. Argi dago behin ere ez naizela nabarmendu txistulari trebea izateagatik, eta, gainera, nire eragozpen fisiko handixkoak neuzkan, batez ere danbolina jotzerakoan, beste gauza batzuen artean. Baina, hala eta guztiz ere, neronen helburua, seigarren maila gainditzea zen, harekin ikasketen erdi-mailaraino iritsiko bainintzen.

Beste alde batetik, esan beharra dago, nik ordurako maisu ikasketak eginak nituela, eta baita oposizioak gaindituta ere. Hortaz, garai hartarako, esan liteke, neronek ogibidea ziurtatuta neukala, eta, txistu ikasketarena, nahikari pertsonal bat zela, besterik gabe, eta, ez inola ere, nire balizko lanbidea; horixe behin eta berriz errepikatu nion nire txistu irakasleari, baina, geroxeago ikusiko duzuen bezala, ez zidan deusetarako balio izan.

Esan bezala, bereziki danbolinarekin neuzkan arazo larriak jotzeko momentuan, nahiz eta beste oztopo batzuk ere ez nituen faltan. Gauzak hala, egun jakin batean, nire irakasleari, danbolinean eszedentzia emateko eskatzera ausartu nintzen. Berak, ezetz eta ezetz! Ikasle denei maila berbera exijitu behar ziela, eta nirekin ezin zuela salbuespenik egin. Behin baino gehiagotan aritu ginen eztabaidan eta tirabiran. Neronek argudiatzen nion, irakasletza karrera egiterakoan, gorputz heziketa irakasgaian, arazo handirik gabe eman zidatela eszedentzia, azterketa praktikoan; teorikoan, ez, normala den bezala.

-Danbolin eszedentzia hori lortzekotan, Madrilen eskatu beharko genikek -esaten zidan irakasleak.

-Eska dezagun, ba! -animatzen nuen nik.

Baina ez, ez zuen eskatu nahi izan, eta, era hartan, gelditu behar izan nuen, aurrera egin ezinik. Are gehiago, bosgarren mailako azken azterketa egin behar nuenerako, nire txistu irakasle hark, epaimahaiko beste bi kideak ere konbentzitu zituen, niri eskatzeko ez nezan jarraitu txistu ikasketak egiten, hau da, bosgarren maila bukatu ondoren, txistu karrera bertan behera uzteko, alegia, seigarren mailan hasi gabe; saiatu ere ez!

Eta halaxe gertatu zen, nire zoritxarrerako. Hantxe bukatu zen nire txistu ibilbidea, seigarren mailako matrikula ere egin gabe, nahiz eta bosgarrena gainditutzat eman zidaten; hori bai, min eta oinaze handiarekin amaitu nuen modu hartan, baina, jakina da agintea duena dela agintzen duena.