“JAMA NETWORK OPEN”

Ariketa fisikoak gehiegizko pisua duten haurren erraietako gantza eta diabetes arriskua murrizten ditu, NUPek parte hartutako ikerketa baten arabera

JAMA Network Open” nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dute Granadako Unibertsitatearekin lankidetzan egindako lan hori

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Granadako Unibertsitateko zenbait ikertzailek egiaztatu dute familian bizimodu osasungarriak txertatzeko 22 asteko programa batean ariketa fisikoa gehitzea lagungarria dela gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurren gorputzeko gantza eta, zehazki, erraietako gantza murrizteko. Ikerketa-lana “JAMA Network Open” nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dute.

Horrez gain, ikerketak erakutsi du erraietako gantz-metaketa gutxitzeak intsulinarekiko erresistentzia ere gutxitzen duela, eta hori garrantzitsua da klinikoki, intsulinarekiko erresistentzia diabetesa izateko lehenbiziko urratsa baita halako haurrentzat. Lanaren egileek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela osagai anitzeko programak diseinatzea eta familiak haietan parte hartzea. Hain zuzen, programek alderdi dietetiko eta psikologikoei heldu behar diete, eta ariketa fisikoa hartu behar dute barne haurren obesitatea tratatu eta diabetesa prebenitzeko.

Ikerketan diziplina anitzeko talde bat ari da lanean, zehazki arlo hauetako espezialistak dituena: ariketa fisikoa (Cristina Cadenas-Sánchez, María Medrano Echeverría —NUPekoak biak—, Jonatan Ruiz eta Francisco Ortega), fisiologia eta nutrizioa (Maddi Osés, Lide Arenaza eta Idoia Labayen, denak NUPekoak eta IS-FOOD institutukoak), erradiologia (Fernando Idoate) eta ingeniaritza biomedikoa (Aritz Sanz, Arantxa Villanueva eta Rafael Cabeza, denak NUPekoak eta azken biak, gainera, ISC institutukoak). Emaitzak Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren eta FEDER funtsen bidez finantzatutako ikerketa-proiektu batean sartu dira.

Haurtzaroko gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arriskua

NUPeko ikerketa-taldeak ohartarazi duenez, haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia handitu egin da azken hamarkadetan; hainbeste, ezen mundu mailako pandemia bihurtu baita. “Gehiegizko pisua eta obesitatea duten haurrek gantz gehiegi pilatzen dute organo eta ehunetan, eta horrek, beste patologia batzuen artean, gaixotasun kardiobaskularrak eta 2. motako diabetes mellitusa garatzeko arriskua areagotzen du”, esan dute.

Erraietako gantz-ehuna gantz-metaketa kaltegarrienetako bat da osasunerako”, zehaztu du Idoia Labayenek. “Kalkuluen arabera, erraietan gantza metatzeak % 36 eta % 86 bitarte handitzen du edozein arrazoia dela kausa hiltzeko arriskua. Gainera, erraietako gantz-metaketa handitzea faktore erabakigarria da intsulinarekiko erresistentzia eta bestelako nahasmendu metabolikoak garatzeko. Horrenbestez, hori da helburu terapeutiko nagusia diabetesa prebenitzea xede duten bizimoduari buruzko esku-hartzeetan”, erantsi du ikertzaileak.

Argazkia: NUPeko ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera: Fernando Idoate, Aritz Sanz, Maddi Osés, Idoia Labayen, María Medrano, Arantxa Villanueva eta Rafael Cabeza, Unibertsitateko Olibondoak eraikinean.