IÑIGO LIBERAL OLLETA

 

Iñigo Liberal NUPeko ikertzaileak “Early Career Award in Nanophotonics” saria lortu du metamaterial kuantikoen arloan egindako ekarpenengatik

Kaliforniako Unibertsitateko, Australiako Unibertsitate Nazionaleko eta Harbin Teknologia Institutuko ikertzaileek jaso dituzte beste hiru sariak

 

Iñigo Liberal Olleta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile eta Smart Cities Institutuko (ISC) kidea da 2022ko “Early Career Award” saria irabazi duten lau ikertzaileetako bat. Nanophotonics aldizkari zientifikoak ematen ditu sari horiek, eremu esperimentalean, teorikoan edo aplikatuan nabarmendu diren, bikaintasun zientifikoa erakutsi duten eta nanofotonikaren arloan ekarpen nabarmenak egin dituzten ikertzaileak aitortzeko. Sari horiek ikertzaile hasiberriak aintzatesten dituzte, kontuan hartuta haien ikerketek aurrerapenen bat ekarri duten fotonikaren funtsezko ulermenean. Nanophotonics aldizkaria arlo horretako liderretako bat da, eta Atomic, Molecular Physics and Optics kategoriako lehenbiziko kuartilean (Q1) kokatzen da.

Hauek izan dira beste hiru saridunak: Joel Yuen-Zhou (Kaliforniako Unibertsitatea), Daria Smirnova (Australiako Unibertsitate Nazionala) eta Shumin Xiao (Harbin Teknologia Institutua). Irabazleek 1.000 euro eta ziurtagiri bana jasoko dituzte, eta aukera izanen dute aipatutako aldizkarian bi urtez kosturik gabe argitaratzeko.

Zehazki, Iñigo Liberal 2022ko irabazle hautatu dute “zerotik hurbileko indizea duten inguruneen arloan (NZI) eta metamaterial kuantiko eta termikoen arloan egindako ekarpen nabarmenengatik”.

NUPeko ikertzaile horrek 2020an European Research Council (ERC) erakundearen “Starting Grant” laguntza jaso zuen, Europar Batasunean prestigio zientifikorik handiena duena. Onuradunak 1,5 milioira arteko finantzaketa izaten du, eta hark erabakitzen du Europako zein erakundetan garatuko duen bere proiektua. Iñigo Liberalek NUPen jarraitzea erabaki zuen, non nanofotonikaren eta optika kuantikoaren esparruetako muturreko materialak ikertzen baititu.

Testuinguru horretan, eta aipatutako laguntza horren emaitza gisa, joan den urtarrilean NUPek laborategi berri bat jarri zuen, nanofotonikaren eta optika kuantikoaren arloko punta-puntako ikerketan aritzeko diseinatua. Iñigo Liberalek gidatutako taldeaz gain (9 lagunek osatzen dute), gradu edo master amaierako lana egiten ari diren Unibertsitateko ikasleek ere lan egiten ahalko dute bertan.

 

Argazkia: Iñigo Liberal Olleta NUPeko ikertzailea.