AMAIA SARALEGUI GAINZA

Amaia Saralegui eta Sean Clarke

Amaia Saralegui NUPeko doktoregaiak egonaldia egin du New Yorkeko Unibertsitatean giza baliabideek erizaintzan duten efizientzia ikertzeko

Erizaintzan diplomatua da NUPen, eta Sean Clarke ikertzailearekin lan egiten du Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate horretan. Clarke bere ikerketa-arloko erreferenteetako bat da

Amaia Saralegui Gainza Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Erizaintzako diplomaduna doktoratu aurreko egonaldia egiten ari da Rory Meyers College of Nursing zentroan (New Yorkeko Unibertsitatea, New York, Ameriketako Estatu Batuak), NUPeko Erizaintzako Praktika Berriei buruzko Ikerketa Taldean (inno-CARE) egiten ari den tesia dela-eta. Amaia Saralegui, egonaldi horretan, Sean Clarke ikertzailearekin batera ari da lanean, zeina erreferentea baita giza baliabideek erizaintzan duten erabileraren arloan. 

Leticia San Martín eta Nely Soto Ruiz zuzendari diren doktoretza-ikerketan, Amaia Saralegui ospitaleratze mediko-kirurgikoan diharduten erizainen lanaren efizientzia aztertzen ari da, eta, horrekin batera, baita ospitaleratze hori aurreikusten, eta, beharrezkoa bada, hobetzen duten faktore pertsonalak edo antolamendukoak ere. Azterlan horrek saria jaso zuen Erizaintzako Dekanoen Espainiako Konferentziak deitutako ikerketa-proiektuetarako laguntzen lehen deialdian.

Giza baliabideak erizaintzan behar bezala kudeatzen ari diren jakiteak lehentasunezko kontua izan behar du osasun erakundeentzat. Gauden egoera honetan, herritarren beharrek erizaintzaren arloko gero eta zainketa gehiago eskatzen dituzte, eta ezin dugu onartu baliabide horiek gutxiegi erabiltzea”, esan du doktoregaiak. “Norberaren eta lanaren ezaugarri batzuek erizainen lanaren efizientzia determinatu dezakete, eta horiek zein diren jakitea funtsezkoa da jardun hori optimizatzeko antolaketa-neurriak hartzeko, eta, horrela, zaintza modurik onenean egiteko”, ondorioztatu du.

Sean Clarkeren eta Amaia Saraleguiren CV laburra

Sean Clarke erreferente da arlo hauetan: erizaintzako giza baliabideak; osasun laguntza emateko faktore ekonomiko eta politikoak; eta erizainen lan baldintzak, zehazki langileei, kalitateari eta lan segurtasunari lotutako gaiak. Gaur egun, New Yorkeko Unibertsitateko (NYU) dekanorde exekutiboa da.

Amaia Saraleguik Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen, eta ikasketa amaierako aparteko saria eskuratu zuen. Gainera, 2010az geroztik, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ZIUn dihardu erizain.