LUMIÈRE EMANALDIA

Hemen dira berriz Lumière Emanaldiak, klasikoen eta zaharberritutako aurkikuntzen hamar proiekziorekin

Lumière Institutuaren eta Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendari Thierry Frémaux-ek eta Lumièreko programazioaren buru den Maelle Arnaud-ek film bana aurkeztuko dute Donostian

Lumière Emanaldiak berri izango dira gurean aurten eta Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, hamar film programatuko ditu apirila eta ekaina bitartean: hainbat klasiko eta zenbait aurkikuntza. Izenburuen artean zinemaren historiako zati diren zuzendarien lanak aurkituko ditugu, hala nola C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horretaz gain, hain ezagunak ez diren beste batzuen obrak ezagutzeko aukera ere emango digu zikloak, adibidez Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatte.

Lumière Emanaldien bigarren edizioaren helburua Lumière anaiek zinematografoa sortu zuten hirian duela 41 urte irekitako Lumière Institutuaren zaharberritze, kontserbazio eta hedapen-lana ezagutaraztea da. Proiekzioak apirilaren 14an, ostiralean, hasiko dira Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan (Donostia). Lehenengoa Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da, baina film guztiak Gasteizko Artium Museoan ere ikusi ahalko dira, baita EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan (Bilboko Arte Ederren museoak itxita jarraitzen du berritze-lanak direla eta) eta Iruñeko Golem zinema-aretoetan ere. Gainera, Donibane Lohitzuneko Le Select zinema-aretoetan zikloaren lau proiekzio egingo dira. 

Dans la nuit filmari buruz -agian frantziar zinemaren azken film mutua- Bertrand Tavernierrek esan zuen “poesia zinematografikoa” zela eta Maelle Arnaud Lumière Institutuko programatzaileak aurkeztuko du Donostian. Bestalde, Donostiako emanaldian eta apirilaren 22an Bilbon egingo denean Joserra Senperena musikari donostiarrak zuzenean joko du pianoan zinta horrentzat berariaz sorturiko partitura bikaina. Three Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren emanaldian ere pianoa izango da protagonista. Zinema mutuaren obra garrantzitsuetako bat den lana Bolognako filmategiak berritu du eta lehen aldiz ikusi ahal izango dugu kontserbatu diren material guztiekin. Senperenak musikaz lagunduko du istorioa Donostian eta Josetxo Fernández de Ortega Jáureguik Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Lumière Emanaldiek beste lan batzuk berreskuratuko dituzte, hala nola Chibusa yo eiennare (1955), Kinuyo Tanaka zinemagile japoniarraren lanik onenetako bat. Tanakaren filmek emakumeak izaten dituzte ardatz eta kameraren atzean jarri aurretik Kenji Mizoguchi, Mikio Naruse eta Yasujiro Ozu zuzendarientzat aktore gisa egin zuen lan, beste batzuen artean.

1955. urtekoak dira, halaber, Ordet (Carl Theodor Dreyer) danimarkarra, Veneziako jaialdian Urrezko Lehoia irabazi eta zinemaren historian arrastoa utzi duen maisulana; eta herrikoiagoa den Gas-oil, Lumière Institutuak 50eko hamarkadako Frantziako zinemaren izen handi gisa aldarrikaturiko Gilles Grangier zuzendari gutxietsiak zuzendua.

Emanaldi hauek proposatzen duten beste berraurkikuntzetako bat gerraondoko Frantziako gizartearekin konpromiso sendoa izan zuen André Cayatte zuzendari errebelde eta inkonformista da. Zikloak Justice est faite (1950) berreskuratu du, haren lan adierazgarrienetako bat. Horretaz gain, programak frantziar zinemaren beste ezinbesteko izenetako baten lana ere biltzen du, haren filmografiaren zaharberritzeei esker berraurkitua: Jean Eustacheren Mes petites amoureuses, (1974).

Programa osatzeko zinemagintza garaikidearen funtsezko hiru egilek zuzenduriko filmak izango ditugu: Apocalypse Now. Final Cut (1979-2019), gizakiei eta gerrari buruzko gogoeta ahaztezin bat, Francis Ford Coppolaren klasikoaren azken bertsioa eta estreinatu zenetik 40 urtera zaharberritua; Raging Bull (1980), Robert De Niro protagonista duen Martin Scorseseren maisulan ikonikoaren 4K-n zaharberritutako kopia bat; eta Im Lauf der Zeit (1975) berreskuratua, Wim Wenders zuzendari alemanaren ibilbidean erabakigarria izan zen eta Donostian Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko duen zinta.

Sarrerak Internet bidez eta proiekzio-lekuetan eskuratu ahalko dira, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik, Bilbon egingo diren emanaldietarako sarrera fisikoak bertako Arte Ederren Museoan egongo baitira salgai.

Egitaraua