PARKE EOLIKOEN OSASUN ESTRUKTURALA

Ezkerretik eskuinera: Miroslav Zivanovic, Eduardo Hidalgo (Sevillako Unibertsitatea), Aitor Plaza, Julen Bacaicoa, Xabier Iriarte, Iñigo Vilella, Carlos Castellano, Alfonso Carlosena eta Antonio López ikertzaileak.

Parke eolikoen osasun estrukturalari buruzko jardunaldi bat egin dute NUPen

Aerosorgailuen balio-bizitza gehiago zehaztea edo egituran izan ditzaketen akatsak detektatzea da ikerketaren helburua

60 lagunek hartu dute parte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Smart Cities ikerketa-institutuak (ISC) eta Nafarroako Doktoretza Eskolak aerosorgailuen osasun estrukturalari buruz antolatu duten jardunaldian. Jardunaldiaren oinarrizko helburua finantzaketa publikoarekin NUPen gauzatutako zenbait proiektutan lortu diren emaitza zientifiko eta teknologikoak partekatzea zen, aerosorgailuen osasun estrukturalaren azterketari buruzkoak hain zuzen.

Saioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileentzat nahiz kanpokoentzat izan zen, eta gaiari buruzko doktoretza-tesi batzuen esparruan egindako ikerketak ere aurkeztu ziren bertan.

Ikertzaileek azaldu dutenez, presak, zubiak, parke eolikoak eta bestelako azpiegitura handiak zahartzearen aurrean gaur egun dauden alternatibek ondorio nabarmenak dituzte ingurumenean eta ekonomian. Parke eolikoen kasuan, posible da parke berri bat instalatzea edo egungoaren bizitza luzatzea, baina, azken aukera horri dagokionez, beharrezkoa da zehatz-mehatz jakitea parkearen osasuna nolakoa den eta balio-bizitza zenbatean luzatzen ahal den.

Testuinguru horretan, azken urteotan, osasun estrukturala monitorizatzeko teknikak garatzen ari dira (SHM, ingelesezko sigletan), dorrearen bibrazioaren neurketan oinarrituak, eta azpiegitura handi horietan aplikatzen dira. Etengabeko segimenduaren bidez, estrukturaren egoera zein den eta nolako bilakaera izanen duen zehaztea da helburua, akats estrukturalak edo zahartzea detektatzeko. Aerosorgailuen kasuan, estruktura birakariak direnez, zailagoa da SHM teknikak aplikatzea, eta, ondorioz, gaur egungo ikerketak teknika horiek hobetzeko eta fidagarriago egiteko moduarekin daude lotuak.

NUPeko proiektuak

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2019az geroztik ari dira aerosorgailuei aplikatutako SHM teknikak garatzen. Ikertzaileek bi eginkizun nagusi dituzte: batetik, IoT (Gauzen Internet) motako azelerazio sentsoreak eta sentsore horien elikadura autonomorako gailuak diseinatzea, eta, bestetik, seinaleak prozesatzeko teknikak garatzea sentsoreek emandako datuak aztertzeko. NUPeko diziplina anitzeko taldea ISCko Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak eta IMAC (Ingeniaritza Mekaniko Aplikatu eta Konputazionala: Multisolidoa eta Robotika) ikerketa-taldeetako kideek osatzen dute.

Haiekin batera, Sevillako Unibertsitateko zenbait ikertzailek ere hartzen dute parte, eta, garatzen ari diren proiektuetako batean, lankidetzan aritzen dira IED Greenpower eta Aresse enpresa nafarrekin.