BIZITZAREN AMAIERAN DAUDEN PAZIENTEAK ZAINTZEKO JARRERA

María Osés Zubiri, NUPen.

Erizainek bizitzaren amaieran dauden pazienteak zaintzeko orduan dituzten jarrerak aztertu ditu doktoretza-tesi batek

María Osés Zubirik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere ikerketa

María Osés Zubiri erizainak doktoretza-tesia irakurri berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), erizainek bizitzaren amaieran dauden pazienteak zaintzeko izaten dituzten jarrerei, gaitasunei eta sinesmenei buruzkoa. Bere ikerketaren arabera, “gomendagarria litzateke erizaintzako profesionalek esku hartzea pazienteek heriotzaren aurrean dituzten saihespenezko jarreretan, eta aintzat hartzea bizitzaren amaierako zaintzarako gaitasunak eskuratzeko aukera, etapa horren kalitatea eta garapena hobeak izan daitezen”.

María Osésen doktoretza-tesiak Juan Manuel Casas Fernández de Tejerina NUPeko Medikuntzako irakaslea izan du zuzendari, eta bikain kalifikazioa jaso du, nazioarteko aipamenarekin.

Bere lanean, María Osések bizitzaren amaierari eta etapa horretako zaintzari buruzko jarrerak, gaitasunak eta sinesmenak alderatu zituen Nafarroa Garaiko eta Valdiviako (Txile) erizain talde bateko kideen artean. Haien lan jardueraren (arreta espezializatuaren eta oinarrizko osasun laguntzaren) aldi eta toki desberdinak hartu zituen kontuan, baita zenbait aldagai soziodemografiko ere (adina, generoa, egoera zibila, erlijioa eta gaitasun tekniko eta emozionalen pertzepzioa).

Alde nabarmenak

Tesiaren egileak azaldu duenez, dimentsio guztietan, adinaren, kultur eta erlijio testuinguruaren eta heriotzarekin lotutako aurretiko esperientzien arabera desberdintasun esanguratsuak aurkitu zituen heriotzarekiko jarrerei, gaitasunei eta sinesmenei dagokienez, bai eta profesionalek pazienteak bizitzaren amaieran zaintzeko eta egoera horri aurre egiteko duten pertzepzio emozional eta teknikoari dagokionez ere.
Ildo horretan, adierazi du ezen, adibidez, “heriotzaren kontzeptua behar bezala eraikitzeko, mesedegarriak direla aldez aurretik hileta-zeremonietan eskarmentu handiagoa izatea, erlijio bat praktikatzea edo bizitzaren amaierako erizaintzako zainketen erabilera teknikoari buruzko autopertzepzio handia izatea, bai eta bizitzaren amaierako prozesuan zainketa aringarriak modu koherente eta malguan emateko ere”.

Emaitzei dagokienez, Nafarroa Garaiko erizaintzako profesionalek “beldur handiagoa erakutsi zuten heriotzaren aurrean Valdiviakoek baino; izan ere, Valdiviakoek heriotzarekiko jarrera positiboagoak agertu zituzten bi parametro hauetan: berrurbiltzea (heriotzaren ondoren beste bizitza bat dagoela sinesten duen jarrera erlijiosoa) eta ihesbidea (bizitza mingarri baten alternatiba moduan ulertzea heriotza)”. Era berean, Nafarroa Garaiko profesionalen taldeak puntuazio kaskarragoa lortu zuen “heriotzari aurre egiteko orduan, oro har, bai eta hilzorian dauden pazienteak eta haien senitartekoak zaintzeko gaitasun txikiagoa ere”. Bestalde, Valdiviako taldekoek “Nafarroa Garaiko profesionalek baino jarrera askoz transzendentalagoak erakutsi zituzten, ortodoxoagoak baitira eta hurbilago baitaude bigarren xalotasunetik erlatibismotik eta kanpoko kritikatik baino”.

Ondorioak

María Osés Zubirik bere ondorioetan azaldu duenez, faktore soziodemografikoek eta esperientzia pertsonal zein kulturalek “eragina dute heriotzaren eta haren prozesuaren inguruko jarrera, gaitasun eta sinesmen desberdinak garatzeko orduan. Faktore horiek erabakigarriak dira bizitzaren amaierako erizaintzako zainketa komunitarioak eta ospitalekoak egokitzeko orduan. Ikasitako trebetasunek, bai emozionalek, bai praktikoek, erraztu egiten dute egoera terminalean dauden pertsonei eta haien senitartekoei ematen zaien arreta, eta, beraz, beharrezkoa da osasun-kolektiboak hori lantzea”.

Testuinguru horretan, analisia egin ondoren, lanaren egileak gomendatzen du erizaintzako profesionalek esku hartzea pazienteek heriotzaren aurrean dituzten saihespenezko jarreretan, horiei aurre egitea, “eta aintzat hartzea jarrera positibo neutralak eta erlijiosoak hartzeko aukera, bai eta bizitzaren amaierako zaintzarako gaitasunak eskuratzeko aukera ere, etapa horren kalitatea eta garapena hobeak izan daitezen”. Alde horretatik, “zainketa aringarriei eta bizitzaren amaierako zaintzari buruzko erizaintzako prestakuntza-programak sustatzea” iradokitzen du, “graduatu aurreko mailan nahiz graduondokoan”.

CV laburra

María Osés Zubiri Erizaintzako diplomaduna da NUPen, eta bertan egin zituen Osasun Publikoko Masterra (2008), Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Masterra (2009) eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Masterra, hain zuzen ere Segurtasuneko, Higieneko eta Ergonomiako eta Psikologia Aplikatuko espezialitatean (2012). Urte horretan bertan, Kirofanoko Erizaintzako Masterra egin zuen Camilo José Cela Unibertsitatean (Madril). Ikerketako zenbait hitzaldi eman ditu, eta nazioarteko hamar bat biltzarretan hartu du parte.

2004 eta 2007 artean, erizain asistentzial aritu zen Milango Ospitale Poliklinikoan (Italia); 2007tik aurrera, berriz, Nafarroako Osasun Zerbitzuko hainbat espezialitatetan egin du lan, eta, gaur egun, erizain asistentzial dihardu amentzako ospitaleko ebakuntza-gelan. NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle elkartua ere bada.