JESÚS NAVARRO MARTÍNEZ

 

Jesús Navarro Martínez, irabazle NUPeko Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekiko Ikasketa Amaierako Lanen Sarietan

Bigarrena Laura Gorostiaga Revert izan da, eta hirugarrena Iranzu Díaz de Cerio Alzate

 

Jesús Navarro Martínez EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko laugarren mailako ikasleak Familia Enpresaren Kudeaketako Unibertsitate Aditu tituluko ikasketa-amaierako lan onenaren saria irabazi du, “Estudio de caso sobre relevo generacional en una empresa familiar. Analizar la gestión del proceso de transición” izeneko lanarekin. Sariketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresa Familiarren Katedrak sustatzen du eta Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekiko ikasleei dago zuzendua. Sariak emateko ekitaldia irailean eginen da.

Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekia zeharkako prestakuntza bat da eta familia-enpresen berezitasunetan dago espezializatua. Haren helburua ikasleen prestakuntza osatzea da, eta horretarako prestakuntza berezitua eskaintzen du, mota horretako enpresen zuzendaritzarako eta kudeaketarako gaitasun espezifikoak garatu ditzaten.

Lucía Garcés Galdeano NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea izan da lan irabazlearen zuzendaria. Saria irabazi duen ikasleari 300 euro eta diploma bat eman dizkiote sari gisa. Egileak azaldu duenez, lanaren helburua familia enpresan ondorengotza-prozesu bat nola kudeatu azaltzea izan da, hau da, ondorengotzaren gaia proposatzen denetik prozesua amaitu arteko pauso guztiak azaltzea.

Honela diote Jesús Navarroren hitzek: “lan honetan azaltzen dut zein diren gaur egun ondorengotzaren gai konplexuari heltzeko ditugun tresnetako batzuk, baita bidean sor daitezkeen gatazkak eta gatazka horiek konpontzeko zenbait metodo ere”. Era berean, ondorengotza-prozesua era desberdinetan kudeatu duten familia-enpresen benetako kasuak azaltzen ditu. “Saiatu naiz familia-enpresaren ondorengotzari eragiten dioten alderdi pertsonalak eta juridikoak aztertzen, bai eta prozesu hori arrakastaz nola osatu ere, familia-enpresak berebiziko garrantzia baitu Nafarroako ekonomian”.

 

Bigarren eta hirugarren postuak

Bigarren saria Laura Gorostiaga Revert EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren nazioarteko programaren bosgarren ikasmailako ikasleari eman diote, eta 200 euro jasoko ditu. Ana Lucía Caicedo NUPeko Enpresa Kudeaketako Saileko ikertzailea aritu da zuzendari haren lanean: “La transmisión del espíritu emprendedor, un factor clave en la continuidad de la empresa familiar”. Laura Gorostiagak honela adierazi du: “aztertu dut nola transmititzen den espiritu ekintzaile hori familia-enpresetan, bereziki Nafarroako enpresetan, eta kontuan hartu dut aberastasun sozioemozionalaren teoria”. Ildo horretan, adierazi du enpresa guztien abiapuntua fundatzailearen ekintzailetasuna dela, baina beharrezkoa dela jarrera eta orientazio ekintzaile horri denboran eustea enpresa gisa bizirauteko eta hazteko, eta, horretarako, ekimen eta proiektu berritzaile, arriskutsu eta ausartak gauzatzea. “Familia-enpresak leku ezin hobea dira horretarako; izan ere, historia komun bat eta lotura emozional bat dutenez, gai dira enpresa-kultura indartsu eta partekatu bat sortzeko, fundatzailearen lan onaren filosofiari eusteko eta esperientzia eta ikaskuntza belaunaldien artean zabaltzeko. Horrela, senideen adibideari jarraituz familian mantenduko da ekintzailetza-espiritua, eta batetik bestera transmitituko da; horrek familia-enpresaren jarraitutasuna eta garaipena ziurtatuko ditu”.

Azkenik, hirugarren saria, 100 eurokoa, Iranzu Díaz de Cerio Alzatek irabazi du, zeinak amaitu berria baitu EAZko 3. ikasmaila. Ana Lucía Caicedo Leitón Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea izan du zuzendari, “Cómo ser un CEO no familiar en una empresa familiar y no morir en el intento” lanean.

Bere lanean deskribatu du zein garrantzitsua den familiakoak ez diren CEOak familia-enpresa batean integratzeko prozesua, baita haien balioak, nahiak eta helburuak enpresaburu denfamiliarekin bat etortzea ere. Erabilitako metodologia kualitatiboa izan zen; zehazki, kasu bakarreko azterketa egin zuen Perfinasa enpresarekin. Bertan, elkarrizketa bat egin zion familiakoa ez zen CEO bati eta informazioa bilatu zuen bigarren mailako iturrietan. “Oro har –adierazi du egileak–, azterlanak laguntza ematen du identifikatzeko zein diren arrakastarako faktoreak familiakoa ez den CEO bat integratzean familia-enpresaren testuinguruan”.

Aurtengo epaimahaia honako hauek osatu dute: Marisa Sainz ADEFANeko zuzendariak; José Antonio Arrieta ARPA Abogados Consultoreseko zuzendariak; Pablo Cámara SONAGAReko zuzendariak; Marina Castro NUPeko irakasleak; eta Lucía Garcés Galdeano NUPeko Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariak.

 

  1. argazkia: Jesús Navarro Martínez, lehen sailkatua
  2. argazkia: Laura Gorostiaga Revertek bigarren saria eskuratu du
  3. argazkia: Iranzu Díaz de Cerio Alzate, hirugarren sariaren irabazlea