AUZO LOTSA 46 HITZ JUNTATZAILEA

 

 

Udal agintaldi hartan, Luis Ibero Elia jauna zen Iruñerriko Mankomunitateko burua. Garai hartan, oraindik hiribus asko eta asko egokitu gabe zeuden pertsona guztiek erabili ahal izateko, eta, horretaz gain, teorian, behintzat, egokituta zeuden autobus haietan ere, oso sarritan gertatzen ziren matxurak eta trabak beraien plataforma mekanikoetan, hau da, edo ez ziren ongi ateratzen, edo ez ziren ongi sartzen, edota bien tartean gelditzen ziren blokeatuta eta abar, baina behar bezala behinik behin, sarritan ez ziren ibiltzen.

Gauzak hala, ni helburuetara, hau da, udaletxera, etxera edota beste edozein lekutara, behin baino gehiagotan, berandu, hoztuta, bustita, urduri, haserre, amorratuta eta abar iristen nintzen, matxura haien erruarengatik. Jakina, gainera, gehienetan behintzat gidariek ez zuten inolako errurik, baizik eta ibilgailu haien enpresako arduradunak.

Horiek horrela, eta, ezintasun handi haren aurrean, behin batean, konfiantzazko gidari batek honako hauxe esan zidan:

-Hik egin behar duana zera duk, benetako kexa formal eta ofizialak idatzi eta enpresako arduradunari bidali; baina, esan bezala, betiere, idatziz!

Eta halaxe hasi nintzen, bada, berehala probatzen metodologia berri hura. Harrezkero, kasu oker eta negatiboren bat gertatzen zitzaidan bakoitzean, ziztu bizian hasten nintzen apuntatzen zehaztasunez, paper muturren batean, ahal bezala, gertaeraren datu guztiak, alegia, ordua, autobus linearen zenbakia, norabidea, autobusaren zenbakia, ezbeharraren deskribapena eta abar, eta abar.

Era hartan, hiru urteren buruan, oker ez banago, 200 kexa baino gehiago idatzi eta bidali nizkien Iruñerriko Mankomunitatekoei eta baita haren buruari ere, zuzenean, haren posta elektronikora, hau da, Luis Ibero Elia jaunari berari.

Egoera hartan, egun batean, autobusak gordetzeko tokira joateko ere gonbidatu ninduten, arazo haiek konpontze aldera, ideia batzuk proposatzeko, alegia. Egin ere, hala egin genuen, baina nik behintzat ez nuen hoberako aldaketa nabarmenik sumatu.

Gauzak hala, handik aurrera ere, egoera bertsuan jarraitu nuen, hau da, arazo ugari izaten autobusetako arrapalekin, batzuetan, lekuetara berandu iristen, beste batzuetan, behar baino hotz handiagoa pasatzen, beste aldi batzuetan, ordea, bustitzen eta abar, eta abar.

Horiek horrela zirela, ostiral batean, beste askotxotan bezalaxe, Hirigintza Batzordera berandu samar iritsi nintzen, hiribusen gorabeherak zirela eta. Amorruak hartuta, bilerara sartu bezain azkar, Iruñerriko Mankomunitateko buruari zera esan nion, denen aurrean, haserre bizian:

-Begira, Luis, hik kudeatzen dituan autobus horien funtzionamendu kaxkarraren erruagatik, gaur ere berandu eta hozturik iritsi nauk! Ez zekiat ze arraio egiten duan eragozpen eta oztopo horiek ez konpontzeko behingoz! Dagoeneko makina bat kexa formal bidali ditiat Mankomunitatera eta baita hire ordenagailu pertsonalera ere, baina orain arte ez diat inongo erantzunik jaso! Egia esateko, uste diat neurritik nabarmenki pasatzen ari haizela!

Baina, berak, ordea, munduko gibelik handienarekin, zera erantzun zidan patxada osoan:

-¡Oye, Xanti! ¡Que escribidor estás estos últimos días, eh!

Eta halaxe, batere azalpen gehiagorik eman gabe, hantxe utzi ninduen ni ahoa bete hortz, harriduraz josia, CDNko kudeatzaile ustez bikain eta harroxko hark. Agur, hurrengo arte!