ZUZENBIDE IRAKASLEEK LIBURUA KARRIKARATU DUTE

 

NUPeko Zuzenbideko zortzi irakaslek adimen artifizialari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko liburu bat idatzi dute

Tirant lo Blanch-ek argitaratu duen lan kolektibo hori salgai dago jada, paperean nahiz formatu elektronikoan

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko zortzi irakaslek “Inteligencia Artificial y prevención de riesgos laborales: obligaciones y responsabilidades” izeneko lan kolektiboa idatzi dute. Tirant lo Blanchek argitaratu du, eta paperean nahiz formatu elektronikoan dago eskuragarri. Liburu horretan, diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztertzen dira adimen artifiziala (AA) enpresan integratzeak dituen ondorio juridikoak, zehazki, laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan. Horretarako, kontuan hartu dituzte adimen artifizialaren eta erantzukizunaren arloko arau-proposamen berriak eta prebentzioaren arloan lehendik dagoen araudia.

María Ángeles Egúsquiza Balmaseda katedradunak eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano irakasleak izan dira lanaren zuzendariak, eta, haiez gain, hauek izan dira lan kolektiboaren egileak: José Luis Goñi Sein, Julen Llorens Espada, Mirentxu Marín Malo, María Jorqui Azofra, Luis Pérez Capitán eta Raquel Luquin Bergareche.

Liburuaren aurkezpenean azaltzen den bezala, adimen artifizialean oinarritutako garapen teknologiko berriak enpresen antolaketan eta ekoizpenean txertatzeak zenbait aplikazio ditu, robotikako ekipo aurreratuetatik hasi eta zerbitzuen kudeaketan buka. Giza baliabideak, prebentzioa edo osasunaren zaintza dira kudeatu beharreko zerbitzu horietako batzuk.  “Europar Batasunak lege-proposamen sorta batekin erantzun die erronka berri horiei; izan ere, lege horiek garrantzi handikoak dira AAko sistemen bideragarritasuna, sistema horiek txertatzen dituzten produktuen segurtasuna eta erantzukizunen erregimen orekatua bermatzeko”, adierazi dute egileek.

Testuinguru hori da lanean planteatzen den azterketa juridikorako abiapuntua. Lanak bederatzi kapitulu ditu guztira, hiru ataletan banatuak: lehenbizikoak adimen artifizialaren erregelamendua, produktuaren segurtasunari buruzko araudia eta fabrikatzailearentzako eta enpresariarentzako betebeharrak eta erantzukizunak ditu ardatz; bigarrena, berriz, enpresan adimen artifizialeko sistemak sartzeari eta haiek laneko arriskuen prebentzioan duten eraginari buruzkoa da; eta, azkenik, hirugarrenak adimen artifizialak eragindako kalteen erantzukizun zibila du aztergai.

 

Araudia, aplikazioak eta arriskuak

Lehenbiziko atalean, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeanok idatzi du lehen kapitulua, eta hauek dira jorratu dituen gaiak: AAko sistemak lan eremuan eta produktuaren segurtasunari buruzko Europako arau esparrua. Bigarren kapituluaren egilea José Luis Goñi Sein da, eta Europar Batasunak AAri buruz duen erregelamendua eta hark laneko segurtasun eta osasun araudiarekin duen lotura ditu ardatz. Hirugarren kapituluak, Julen Llorens Espadak idatzitakoak, gai hau lantzen du: adimen artifizialaren arloko erantzukizun zibila eta haren eragina Espainian lan-istripu baten edo lanbide-gaixotasun baten ondoriozko kaltea konpontzearen arloan.

Liburuaren bigarren atala laugarren kapituluarekin hasten da. Mirentxu Marín Malok idatzia, adimen artifizialak prebentzioaren arloan egiten dituen ekarpenak eta sortzen ari diren arrisku berriak ditu aztergai. Bosgarren kapitulua, hori ere Julen Llorensena, AAri eta laneko osasunari buruzkoa da, eta seigarrena, Luis Pérez Capitánena, teknologia berriak kudeaketa prebentiboko xedeetarako erabiltzeari buruzkoa.

Hirugarren eta azken atalean, adimen artifizialaren ondoriozko kalteen erantzukizun zibilari buruzkoan, María Ángeles Egúsquizak zazpigarren kapituluan erantzukizun zibilaren arau-esparru orokorra eta erregulazio-proposamenak garatu ditu. Zortzigarren kapituluan, María Jorqui Azofrak produktuaren legezko kontzeptua aztertu du, produktu akastunek eragindako kalteen erantzukizunari buruzko zuzentarau-proposamen berriaren argitan, eta, azkenik, bederatzigarren kapituluan, Raquel Luquin Bergarechek eduki eta zerbitzu digitalen horniduragatiko erantzukizun zibila aztertu du.

 

Argazkia: Lan kolektiboaren egileak NUPen. Ezkerretik eskuinera: Mirentxu Marín, Julen Llorens, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano, María Ángeles Egúsquiza, María Jorqui eta José Luis Goñi.