MARÍA JORQUI AZOFRA

 

María Jorqui NUPeko irakasleak liburu bat idatzi du adimen artifizialeko produktu eta sistemek eragindako kalteen erantzukizunari buruz

Egungo esparru juridikoak pertsonei arlo horretan babes egokia ematen ote dien aztertzen da Dykinsonek argitaratutako lan horretan

 

María Jorqui Azofra Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Saileko irakasleak “Responsabilidad por los daños causados por productos y sistemas de inteligencia artificial” liburua argitaratu berri du Dykinson etxearen eskutik. Obran, egileak egungo esparru juridikoa eta erantzukizun zibilaren arloko arau proposamenak aztertzen ditu –bereziki, produktu akastunek eragindako kalteengatiko erantzukizun zibilaren arlokoak–, betiere garapen bidean dauden teknologia digital berriei lotuta. Gainera, araudi hori pertsonei babes egokia bermatzeko egokia ote den ikertzen du, alde batera utzita haiei kalte egiten dien produktu akastuna ukigarria edo digitala den eta adimen artifizialeko sistema oso bat edo haren parte bat den.

Gai hori garatzeko, egileak teknologia horien bilakaerari buruzko azterketa bat egiten du, eta, ondoren, lege aurreikuspen nagusiak eta haien ezaugarrien ondoriozko gai juridikoei emandako erantzunak azaltzen ditu, Europako Batzordean landutako arau testu, txosten eta dokumentuetan islatutakoak. “Adimen artifizialari buruzko Europako Erregelamenduaren proposamenaren helburu nagusietako bat gobernantza hobetzea da, baita oinarrizko eskubideen arloan indarrean dagoen legeria eta adimen artifizialeko sistemei aplika dakizkiekeen segurtasun betekizunak modu eraginkorrean aplikatzea ere”, egileak azaldu duenez, baina “kaltedunak babesik gabe uzten ditu erantzukizun zibilarekin lotutako gaietan”, adierazi du. Arlo horretan, zuzentarau proposamen berri bati jarraikiz, obrak egokitzapenak proposatzen ditu fabrikatzaileak produktu akastunengatik duen erantzukizunean, eta, beste zuzentarau baten esparruan, batez ere erruaren kontzeptu juridikoan oinarritutako erantzukizun eskaerei erantzutera bideratutako harmonizazio espezifikoa proposatzen da. Bi proposamenek bermatu nahi dute kaltetuek benetako kalte ordaina jasoko dutela baldin eta kalteak sortzen badira nahiz eta adimen artifizialari buruzko Europako Erregelamenduaren proposamenak prebentzio baldintzak ezartzen dituen.

“Kontua izanen da, besteak beste, ikustea nola ezartzen den araudi honen guztiaren intersekzio erregulatzailea, dauden xedapenekiko eta Europar Batasuneko beste politika batzuekiko koherentzia errespetatzeko. Hori funtsezkoa da, enpresei segurtasun juridiko handiagoa emateko ez ezik, herritarrek adimen artifizialean duten konfiantza handitzeko ere”, adierazi du liburuaren egileak.

 

María Jorqui Azofraren CV laburra

María Jorqui Azofra Zuzenbide Zibileko irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere ikerketa-ildo nagusiak honako hauek izan dira: pertsonek aurrerapen biomediko eta teknologiko berrien aurrean dituzten eskubideak; zuzenbide digitala, erantzukizun zibila eta garapen bidean dauden teknologia digital berriak; osasun zuzenbidea eta datuen babesa.

Gai horiei buruzko zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du eta parte hartzen ari da. Haien ondorioz, lan ugari argitaratu du, baita hitzaldiak aurkeztu ere Estatuko eta nazioarteko hainbat forotan. Eskolak ematen ditu Salamancako Unibertsitateko Ondarearen gaineko Zuzenbide Pribatuko Unibertsitate Masterrean, Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitateko Zientzia Juridikoen Goi Prestakuntzako Doktoretza Programan, aipatutako ikerketa-ildoekin lotutako NUPeko unibertsitateko adituaren ikastaroetan eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak jardun klinikoko gai etikoei eta pazienteen eskubideei buruz ematen dituen ikastaroetan. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Etika Asistentzialeko Batzordeko eta Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordeko kidea ere bada.

 

Argazkia: María Jorqui Azofra, NUPen.