IÑIGO SATRUSTEGI ETA ARANTZAZU LIZARTZA

Iñigo Satrustegik eta Arantzazu Lizartzak irabazi dituzte lehenengo sariak Egile berriendako XXXIII. euskarazko Literatur Lehiaketaren narrazio labur eta poesia modalitateetan

Edizio honetan 21 lan aurkeztu dira, 12 poesia modalitatean eta 9 narrazio laburrean

Iruñeko Udalak Egile berriendako XXXIII. euskarazko Literatur Lehiaketako irabazleen izenak eta lanak argitaratu ditu. Iñigo Satrustegi Andrések narrazio laburreko kategorian, Oheak gordetzen duena lanarekin, eta Arantzazu Lizartza Saizarrek, Ez-lekuak poema-bildumarekin, irabazi dituzte lehiaketako 2.500 euroko lehen sariak.

Lehiaketaren beste edizio honetara 21 lan aurkeztu dira, iaz baino 3 gehiago. Horietarik, 12 poesia modalitatekoak ziren eta 9 narrazio laburrekoak. Nafarroan jaiotako edo bizitokia Nafarroan duten egileak parte hartzen ahal zuten. Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahal zuen modalitate bakoitzeko, gai librekoa, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Poesian lanen gutxieneko luzera 200 bertsokoa zen, eta narrazioan, 15 orrialdekoa, 11 tamainako Arial letra-motarekin, eta tarte bikoitzean. 

Epaimahaiaren arabera Oheak gordetzen duena lanean Iñigo Satrustegik heldutasunez heltzen die familia baten bizipenei. Zaintzak, familia-sekretuak, ezkutuko gatazkak eta miseriak erakusten ditu, tramaren erritmoari eutsiz eta maila handiko lana sortuz. Arantzazu Lizartzaren Ez-lekuak poema-bilduma trinkoa da, batasun eta barne-koherentzia handikoa. Egileak gaurkotasuna eta egunerokotasuna erakusten ditu oreka eta desorekaren arteko pultsua agerikoa den indar handiko poemen bidez. Azken finean, maila handiko lana da edukiari eta estiloari dagokionez.

Epaimahaia Castillo Suárez García idazle eta Euskaltzaindiako kideak eta Beatriz Chivite Ezkieta eta Nerea Balda Sanjuán filologo eta idazleek osatu dute. Epaimahaiburua Clara García-Valiño izan zen, epaimahaia bildu zenean Kulturako zinegotzi ordezkaria zena. Saritutako lan guztiak, emandako aipamen berezia barne, Iruñeko Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dira. 

Saritutako beste lan batzuk

Narrazio laburreko bigarren saria, 1.000 eurokoa, Idoia Granizo Uribarrenaren Gure esku balego bezala lanarendako izan da. Itsasargi bakarti batean bizi den bikote baten bizitza lasaia kontatzen du, erabat aldatuko dena bisitari ezezagunak hurbiltzen hasten direnean. Hirugarren saria, 500 eurokoa, Ipar Alkain Cazabonek irabazi du Debekatuta dago belarretan jatea lanagatik, idazleak irakurlea segituan harrapatzea lortzen duen ezin hobeki girotutako kontakizuna. 

Poesiako kategorian, Rakel Pardo Pérezek irabazi ditu bigarren sariaren 1.000 euroak, Izatearen negelak lanari esker. Hausnarketa literario sakon eta indartsua da, barnerako begirada sorta bat ezin hobeki idatzitako testu filosofiko batean. Hirugarren saria, 500 eurokoa, Sonia Ortiz de Arri Garceoren Bidasoa lanak irabazi du. Literatur saiakera horretan egileak espazioekin jolasten du eta naturaren alderdi idilikotik urruntzen da. Azkenik, Iñigo Satrustegi Andrések berak 250 euroz hornitutako aipamen berezia lortu du poesiako kategorian, Ebakidura ariketak lanarekin, hitzekin jolasteko borondatea duen literatur ariketa bat. 

EGILE BERRIENDAKO XXXIII. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA

NARRAZIO LABURRA

  • LEHEN SARIA. Oheak gordetzen duena. Egilea: Iñigo Satrustegi Andrés

  • BIGARREN SARIA. Gure esku balego bezala. Egilea: Idoia Granizo Uribarrena

  • HIRUGARREN SARIA. Debekatuta dago belarretan jatea. Egilea: Ipar Alkain Cazabon

POESIA

  • LEHEN SARIA. Ez-lekuak. Egilea:  Arantzazu Lizartza Saizar

  • BIGARREN SARIA. Izatearen negelak. Egilea: Rakel Pardo Perez

  • HIRUGARREN SARIA. Bidasoa. Egilea: Sonia Ortiz de Arri Garceo

  • AIPAMEN BEREZIA. Ebakidura ariketak. Egilea: Iñigo Satrustegi Andrés