“ATSOA”

Zaldiko Maldikoren Irakurketa Taldearen saioa. Liburua: Atsoa. Idazlea: Victor Catalá. (Catalina Albert i Paradis)

Otsailak 8, osteguna, 19:30.

Itzultzailea: Sagastibeltza deiturarekin sinatzen duen itzultzaile anonimo bat.

Kritika

Caterina Albert i Paradis, luma izenez, Victor Catalá i Montsery (L’Escala, 18691966) idazlea, margolaria eta eskultorea izan zen. Gazte-gaztetik hasi zen idazten, Solitud (1905) eleberriak eman zion behin-behineko aitortza eta modernismoaren ikurtzat hartzen da egun. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran garatu zen mugimendu artistikoak naturaren presentzia, edertasunaren bilaketa eta errealitate latz;a, ekonomikoki burgesa eta ideologikoki atzerakoia iraultzea bilatzeaz gain, Katalunian, kultura katalana Europan kokatzea zuen helburu.

Gehiago izan ziren argitaratu zituen pieza laburrak: zazpi ipuin liburu, bi poema liburu, bigarren eleberria, Un film (3.000 metres) (1926), antzezlanak eta beste testu batzuk ere bai. Txalapartak Blanca Llum Vidalek hautaturiko hamar ipuin kaleratu ditu 2022ko azaroan, Sagastibeltzaren itzulpenarekin. Idazleak argitaratu zuen lehenengoarekin hasten da liburua, Mutxurdineko Met eta bukatu, atera zuen azkenarekin, Aleixeta. Ibilbide osoaren bidaia da Txalapartak proposatzen diguna.

Bidaia zinez interesgarri eta erakargarria. Lehenengo ipuinak sorgin ospeko ama-alaben sasiko mutikoaren istorioa kontatzen digu. Herriaren eta herritarren sineskeriak, zaurgarriak nola erasotzen dion zaurgarriagoa denari, nola egiten dion bizi duen bidegabekeriaren erantzule. Dena justifikatzeko balio duen erlijioaren presentzia: ongia eta gaizkia, ilusioa eta frustrazioa, aurkia eta ifrentzua, antzua beraz, ezgaia gatazkei aurre egiteko.

Azkenengoak emakume ijito saltzaile baten gorabeherak kontatzen ditu. Ezerezetik ateratako merkantziei eta diruak eskaintzen dituen amoranteei esker familia ez konbentzionala eraikitzen du Monikak eta Aleixeta alaba izango da, ustez alaba azkar, atsegin eta ederrena, patuaren makurrak jasan beharko dituena.

Ama Balea-n birikak “abaraska bezain zulatuak” dituelako Bartzelona utzi eta medikuen aginduz herrira itzultzen den langilearekin hasten da, lanera joan eta hiltzera itzuli den gizona. Kontsolamendua hartzen du badirudielako anemiko eta ahula den seme Ricardeti mesede egiten diola itsas giroak. Baina berriz ere “deabruaren buztana” agertuko da.

Gupida gabe tratatzen ditu pertsonaiak Caterinak, haurrak hiltzaile txikiak dira, markesa piztia noblea, gupida ezagutzen ez duen jendartearen isla, nonbait. Ezin diote patuari ihes egin. Itxaropen edo zoriontasun tarte laburrak besterik ez dituzte. Biziarazten dituzten kontraesanak alde okerretik erortzen dira beti. Ez dago heroirik, ez dago biktimarik, ez dago aitakeriarik. Herriak ez du herria salbatzen, borreroa ere badelako. Atzerakoiak, krudelak, ezjakinak izatea ez dira goi-klasearen ezaugarriak soilik.

Halaxe irakurri ahal da Inauteriak ipuinean. Artigueseko markesa eta Gloria, ganberazaina. Menderatzaileak menderatua adina behar du menderatuak menderatzailea. Krudela izan arren. Markesak bizimodu hutsalaren ordaina jaso du aulkira lotu duen gaixotasunarekin. Mundu guztiarekin haserre, batez ere inguruan geratu zaizkion langile apurrekin. Barregarria ere bada pertsonaia. Eta hara non, bizitzarena baino heriotzaren errealitatea onartzen ari denean, maitasuna aurkitzen duen.

Gainontzeko sei ipuinetan ere bai, izugarria hizkuntza eta irudi aberastasuna. Egoera azaleko, gogor, motel zein indartsuetatik ateratzen dituen harribitxiak Natura oso presente beti.