AUZO LOTSA 51 NARRAZIO SARIAK BANATZEN

 

Dagoeneko ez da inoren sekretua, Yolanda Barcina Angulo, garai hartako Iruñeko alkate andrea zena, euskalduna ez izateaz gain, ez zela batere euskaltzalea, nahiz eta bere ama, Jose Migel Barandiaranen ahaidea omen zen. Iruñean, euskarari bultzadarik ez emateaz gainera, beti saiatu zen gure hizkuntzari oztopoak eta eragozpenak jartzen, esate baterako, jada lehenengo osoko bilkuran, euskararen ordenantzari hainbat puntu aldatu zizkioten berak eta bereek, haren mamia gutxiagotzeko.

Baina goazen harira eta itzul gaitezen gaurko gaira. Egiazki, garai hartan, Iruñeko ikastoletan, D ereduko eskola publikoetan eta abarretan, euskarazko narrazio lehiaketak egiten ziren haur eta gaztetxoen artean, Iruñeko Udalak sustatuta: ipuinak, eta, bat eta beste; erdaldunek ere parte hartzen zuten beren hizkuntzan.

Horiek horrela, haur eta gaztetxoen sari guztiak banatu behar ziren egunean, adin eta gaien arabera, alkate andreak, hiriko gotorlekuko areto handi batera, gonbidatzen gintuen gainerako alderdi politikoetako ordezkariak; alderdi bakoitzeko bat.

Areto handi hartara sartzeko, atariko oztopo arkitektoniko txiki bat gainditu beharra zegoen, eta, gero, han, tranpaldo kozkor bat topatu genuen ezarrita, non haren gainean banatuko baitziren sariak. Oraintxe bertan, ez dut ongi gogoratzen, igotzeko arrapalarik zuen ala ez, baina suposatzen dut baietz.

Hala ere, banaketaren une desiratu hura iritsi zenean, hara non, Barcina andrea hasi zitzaigun, hantxe bertan, bere aurpegi irribarretsua erakutsiz, aldez aurretik, norbaitek prestatutako esaldi batzuk euskaraz irakurtzen, euskaldun eta euskaltzale peto-petoa balitz bezala! Erdaldunei erdaraz, noski, eta, euskaldunei euskaraz, goxo-goxo. Alkate andre hura, euskarari beti enbarazu egiten, eta, hantxe, ordea, osoki eraldatuta agertu zen, alajainetan!

Hala eta guztiz ere, oraindik badago beste kontutxo bat, hango gehienok erabat harrituta utzi gintuena, eta, zera da: lehendabiziko sariak, berak eman zizkien gaztetxoei, eta, hura, normaltzat hartu genuen. Gero, beste alderdi politiko baten ordezkariak, antzeko zerbait egin zuen. Hurrengoan, beste batekoak, eta, horrela, hurrenez hurren, ordezkari banatzaile guztiak pasatu arte. Baina, inor gutxik espero zuena zen, handik aurrera, sari gehienak alkate andreak berak banatuko zizkiela ia-ia haur guztiei, hau da, gainerakooi apenas aukerarik eman gabe, non ez zen bere koaliziokoari. Neronek ere, ez dakit bi sari baino gehiago banatuko ote nituen, eta, oposizioko gainerako zinegotziek, antzera. Bitartean, alkate andrea, hantxe, sariak erruz banatzen, ezker-eskuin, bere irribarre alai eta pozoitsua, harro erakusten.

Bitartean, oposizioko zinegotzien artean, zera galdetzen genion geure buruari:

-Baina, bueno!, honela jokatzeko, zertarako gonbidatu ote gaitu festa honetara etortzera, gero, berak, dena bereganatu nahi baldin badu?

Antzezle galanta, alajainkoa, Barcina andrea!

Gure hizkuntzari dagokionez, dezenteko aldea izanen zatekeen, euskarari oztoporik jarri izan ez balio, nahiz eta, alde deus ere ez egin! Hau pazientzia, jendilaje honekin behar dena!