AUZO LOTSA 52 IGNACIO POLO GUILABERT ETA ITURRIAK

 

Udal agintaldi hartan, hau da, 2003tik 2007 bitartean, Ignacio Polo Guilabert jauna izan zen hiri-altzarien zinegotzi delegatua. UPNko militantea zen, nahiko egoskor eta zakarra. Bere ardura, besteak beste, hiriko bankuak, iturriak, autobus-geralekuak, barandak, kale-argiak, kioskoak, paperontziak, parkimetroak, postontziak, telefono-kabinak eta abar, egoera egokian mantentzea zen.

Baina, kontua da, ni, orduan, ohartu nintzela, Iruñeko Udalak bazuela ordenantza on samar bat, aspaldikoa, bere garairako nahiko puntakoa zena gai hauetarako, baina, puntu askotan, oraindik garatu eta bete gabe zegoena.

Horiek horrela, ostiral batean, Hirigintza Batzordean ginela, gaia nik atera, eta, Ignacio Polo zinegotzi delegatuari, eskatu nion ordenantza hura garatu eta betetzen has zitezen, ahal zen neurrian behintzat, eta, bereziki, arreta, iturrien arloan jar zezaten eskatu nion, izan ere, delako ordenantza hark, aspalditik esaten bazuen ere, Iruñeko Udalak iturri egokituak jarri behar zituela, oraindik bakar bat ere paratu gabe zegoen. Nik, behin eta berriz arrazoitu nion, iturri haiek ez zirela niretzat bakarrik, noski, baizik eta gizarteko pertsona guztientzat, alegia, iturri haiek denentzat balio zutela, eta, ez soilik, elbarrientzat, jakina. Gainera, nik ez nion eskatu iturri guztiak mota hartakoak jartzeko, baizik eta, hasteko, baten bat, eta, gero, ikusiko genituela beren emaitzak.

Ignacio Polok, ordea, argudiatzen zuen, modu hartako iturriak lortzeko zailak eta garestiak zirela, eta, gainera, urrutitik ekarri behar zirela, Espainiako ez dakit zein tokitatik.

Aurrera jarraitu baino lehen, komeni da argitzea, urte haietan, Iruñean jarrita zeuden iturriek soilik balio zutela edateko, fisikoki ongi zeuden pertsonentzat, baina dibertsitate funtzionala eta desgaitasunen bat zeukan jendearentzat ez. Hala izanik, eta, ikusita ordenantza hark bide ematen zuela lorpen hura eskuratzeko, animatu nintzen zinegotzi delegatuari eskaera hura egitera, baina, bere erantzuna entzunda eta jarritako oztopo guztiak aditu ondoren, egia esateko, arrakasta lortzeko itxaropen gehiena galdua nuen.

Hala eta guztiz ere, denbora nahiko luzea igaro ondoren, eta, egiteko hura aski ahaztua nuenean, hara non, egun batean, Hirigintza Batzordeko bilera batean, Ignacio Polok honako hauxe bota zidan ziplo:

-Bueno, Xanti, jakin behar duk, azkenean, jarri dugula hire iturri egokitua, hik nahi huen bezalaxe, Saratsate pasealekuan!

-Baina, Ignacio! Zer diok? Nik ez nian iturri hura inoiz niretzat eskatu, baizik eta herritar guztientzat!; baita hiretzat ere! Agian, egunen batean, hik herorrek ere senti hezake horren premia! Beraz, Ignacio, esan ditzagun gauzak argi eta garbi, mesedez, nahasmendurik sortu gabe!

Baina, azkenean, Saratsate pasealekuan jarritako iturri hura, ez zuten oso fin ezarri, ez, baizik eta akats dezenterekin. Oker haiek zuzendu zitzaten eskatu nien Ignacio Polori eta bere alorrekoei, baina, nik dakidala, behintzat, iturri hura, sekula santan ez zuten behar bezala paratu, eta, niretzat, behinik behin, alfer-alferrik egon zen han denbora osoan, alegia, esan nahi baita, nik bakarrik, bederen, behin ere ezin izan nuela urik edan iturri hartatik.

Ignacio Polo Guilabert jauna, 2014an, Iruñeko Udaleko segurtasun zinegotzi delegatua zenean, gau batean, alkoholemia proba batean, onartutako alkohol kopurua baino hiru aldiz handiagoa agertu omen zitzaion neurketan, eta, oker ez banago, hantxe bukatu omen zen bere ibilbide politikoa betirako.