AUZO LOTSA 58 AFARI INSTITUZIONALA

 

Gau batean, Yamaguchiko Udalak, Iruñeko ordezkariak afari instituzional batera gonbidatu gintuen, eta, gorago esana gelditu den bezala, ordurako, Juan Luis Sanchez de Muniain alkate ordeak, amore emana zuen bere ahaleginean eta ez zen saiatu ere egin abesten, berak aukeratutako kanta bitxi bezain desegoki hura, “Aserejé” delakoa, Iruñea Yamaguchin ordezkatzeko asmotan.

Afaldu ondoren, aukera bikaina izan genuen, hiri hartako neskatxa batekin solasean aritzeko. Neskatila hura, Iruñean ibilitakoa zen, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, alegia, karreraren bat ikasten, Yamaguchik eta Iruñeak zeukaten kultura senidetzeari esker. Denbora tarte hura, nonbait, ongi aprobetxatu nahi, eta, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera joateko ere baliatu omen zuen, euskara pixka bat ikasten hasteko, eta, halako batean, ez al zitzaigun hasi, ba, hantxe <Ni Keiko Suzuki naiz, eta, zuek nor zarete?>, Iruñean ikasitako euskara pitin hura praktikan jartzen? Ustekabe galanta izan zen guretzat, alajaina!

Jarraian, emakume japoniar heldu bat, denen aurrean kokatu, eta, ipuin pare bat kontatu zuen japonieraz eta espainieraz, baina bukatu ondoren, esan zigun, ordurako ipuin sorta hura euskaratzen ari zirela, Iruñeko haur euskaldunek, euskaraz ere izan zezaten aukera irakurtzeko. Beraz, argi dago japoniar haien jokaera euskararekiko, eta, UPN eta CDNrena arrunt ezberdinak zirela; haiek, gure lingua navarrorum delakoa errespetatu eta bultzatu egiten zuten bitartean, hemengo politikari eskuindar harroxkoek, ezkutatu eta azpiratu egin nahi izaten zuten.

Azkenean, literatura saio atsegin hura bukatutakoan, nik, Iruñetik eramandako txilibitu txikia atera eta jotzen hasi nintzen: lehenik eta behin, sanferminetako doinu oso ezagun bat jo nuen, eta, hango jende guztia segituan jaiki, eta, kantan eta dantzan murgildu zen alaiki, mahai eta aulkien artean; bigarrenik, Luzaideko beste martxa arrunt ezagun batzuk jo nituen, eta, jendeak era berean erreakzionatu zuen, hau da, pozik eta kontentu, ilaran dantzatzen, kalejira moduan, nire inguruan.

Bitartean, Juan Luis Sanchez de Muniain alkateordeak berak ere, zapuztuta eta frustratuta, biribilketako ilarara ateratzeko behartuta ikusi zuen bere burua, nabarmen eta bakartuta ez gelditzeagatik. Dena den, nire gurpil aulkiaren ondoan pasatzerakoan, eta ni txilibitua jotzen ari nintzen bizkitartean, berebiziko begirada hilgarriak botatzen zizkidan, gorrotoz beteak.