NUPek garatutako estaldura batek material baten erresistentzia handitzen du, eta horrek areagotu egiten du biomedikuntzan duen erabilera
Magnesio-aleazioetan jarritako geruza mehe batek degradazio txikiagoko inplanteak egitea ahalbidetuko luke, Adrian Claverren doktoretza-tesiaren arabera
Adrián Claver Alba ingeniariak (Altsasu, 1995) estaldura bat garatu du, magnesio-aleazioen higadurarekiko eta korrosioarekiko erresistentzia areagotzen duena. Material horren gainean jarritako geruza mehe batek aukera ematen du materiala inplanteetan erabiltzeko; izan ere, orain arte, azkar degradatzen baitzen, gailu biomedikoetan aplikatzea mugatu du. Ikerketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesi baten emaitza da, eta magnesiozko inplante biodegradagarrien fabrikazioari buruzko Europako proiektu batean du jatorria. Errumaniako hiru bazkidek eta Foru Komunitateko bik parte hartu dute: NUPeko Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutua (INAMAT2)[1] eta Berriobeitiko VTN (Vacío y Termoquímica de Navarra)[2] enpresa.
“Magnesioa modu naturalean dago gure organismoan, eta, beraz, kontzentrazio kontrolatuetan ez du toxikotasun-arazorik sortzen”, adierazi du Adrian Claverrek. Horri beste ezaugarri batzuk gehitzen zaizkio, hala nola arintasuna eta giza hezurrarekin duen antzekotasun mekanikoa. “Hori dela eta, aukera ezin hobea da torloju, finkapen, grapa eta traumatologian eta, oro har, ingeniaritza biomedikoan erabiltzen diren beste elementu batzuetarako”, gehitu du.
Adrian Claverren ikerketaren ardatza izan da medikuntzan magnesio-aleazioak erabiltzeko oztopo nagusietako bat gainditzea: bere degradazio azkarra. Izan ere, korrosioa izateko arriskuak mugatu egin du material hori gailu medikoetan aplikatzea.
Doktoretza-tesiak erronka horri heltzen dio fabrikazio-teknika aurreratu bat erabiliz: lurrun-faseko deposizio fisikoa (DBP, ingelesezko sigletan). Metodo honi esker geruza mehe bat sortzen da balizko inplantearen materialaren gainean (magnesio-aleazioa), haren propietateak hobetzeko; kasu honetan, higadurarekiko eta korrosioarekiko erresistentzia. Ikerketak frogatu duenez, korrosioaren aurkako emaitzarik onenak titanio nitruroa (TiN) erabiliz lortu dira. Material hori higadurarekiko erresistentziagatik eta gogortasunagatik da ezaguna, eta PEO bidezko oxidazio bidez (plasma bidezko oxidazio elektrolitikoa, ingelesezko sigletan) jarritako beste geruza batekin konbinatzen da, duplex estaldura bat osatuz.
Inplante baten degradazio-abiadura
Jarritako estaldurak hesi bat sortzen du inplantearen materialaren gainean, eta horrek babestu egiten du gorputzaren ingurunearekiko erreakzio kaltegarrietatik. Gainera, estaldura horrek aukera ematen du inplantea zein abiaduratan degradatzen den kontrolatzeko, egoera kliniko desberdinek inplantea organismoan egoteko denbora desberdinak eskatzen dituztelako. Esaterako, torloju batek egonkor eta funtzional egon beharko luke hezur hautsia sendatzen den bitartean. Guztiz sendatu ondoren, inplantea modu kontrolatuan degradatzen hasten ahal da, kirurgikoki kendu beharrik gabe. “Balizko inplanteen korrosio bidezko degradazio-erritmoa modulatzen ahal da, halako moldez non, esaterako, inplantearen biodegradazioa burutuko baita soldatzen lagundu dion hezurrak sendatze-prozesu naturala amaitu ondoren”, adierazi du Adrian Claverrek.
Tesi hori eragin duen ikerketaren jatorria ERA-NET programaren Europako proiektu bat da: “Additive Manufacturing of Magnesium¬based Biodegradable Implants with Controlled Corrosion Rate and Infection”[3] (AM-MBI, ingelesezko sigletan) (Magnesioz egindako inplante biodegradagarrien fabrikazio gehigarria, korrosio- eta infekzio-tasa kontrolatuarekin). Bucaresteko Unibertsitate Politeknikoak koordinatzen du (Errumania). NUPeko ikertzaile nagusiaren lanetan aritu da José Antonio García Lorente Ingeniaritza Saileko Materialen Zientziako katedraduna. Iñaki Zalakain Iriazabal sail bereko irakaslearekin batera zuzendu du doktoretza tesia.
Curriculum laburra
Adrián Claver Alba Industria Teknologien Ingeniaritzan Graduatua NUPen, 2019an hasi zen erakunde akademikoko ikerketa-proiektuen lankide-lanetan. Aldi berean, Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra egiten ari zen NUPen. 2022az geroztik, irakasle elkartua da, eta eskolak ematen ditu Ingeniaritza Mekanikoko Graduan.
Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako ikerketa-taldeko eta INAMAT2 Institutuko kidea ere bada, non materialen teknologiei buruz ikertzen baitu, eta haren ikerketaren ardatza dira materialen gainazaleko azterketa eta gainazalaren hobekuntza eta funtzionalizazioa tratamendu eta estalduren bidez.
Estatu mailako I+G-ko zenbait proiektutan parte hartu du, eta beste batzuetan Europako erakundeekin aliantzan, eta lankidetzan aritu da bai estatu mailako bai nazioarteko ikerketa-zentro, unibertsitate eta enpresekin.
Orobat nazioarteko zientzia-aldizkarietako zenbait argitalpen eta ingeniaritzari buruzko liburuetako bi kapitulu idatzi ditu, bai eta nazioarteko biltzarretako komunikazioak ere. Zientzia Komunikazioko adituaren titulu berekia ere egin du, eta zenbait erakunderekin lankidetzan dihardu dibulgazio- eta hezkuntza-jardueretan.
Argazkia: Adrián Claver Alba, NUPen ateratako argazkian.
[1] https://www.unavarra.es/sites/research-institutes/inamat2.html
[3] https://www.era-learn.eu/network-information/networks/manunet-iii/manunet-call-2020/additive-manufacturing-of-magnesium-based-biodegradable-implants-with-controlled-corrosion-rate-and-infection