AUTOMOBILAREN INGENIARITZAREN KATEDRA

 

Automobilaren Ingeniaritzaren Katedra sortu dute NUPen Nafarroako Automozioaren Klusterrarekin batera

Egitura berriaren helburua da ezagutza sortzea automobilaren ingeniaritzarekin, haren fabrikazioarekin eta etorkizuneko erronka teknologikoekin lotutako arloetan

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Automozioaren Klusterrak (ACAN), zeinak Foru Komunitateko sektoreko enpresa nagusiak biltzen baititu, hitzarmena sinatu dute NUPeko Automobilaren Ingeniaritzaren Katedra sortzeko. Katedra berriaren helburuak izanen dira, besteak beste, ezagutza sortzen laguntzea automobilaren ingeniaritzarekin, haren fabrikazioarekin eta etorkizuneko erronka teknologikoekin lotutako arloetan, bai eta gai horietan kualifikazio handia duten etorkizuneko profesionalak prestatzea ere.

Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Roberto Lanaspa ACANeko buruak sinatu dute katedra hori sortzeko hitzarmena.

 

Baterako jardueren garapena

Katedra berria sortzeko hitzarmena sinatu duten entitateen arteko lankidetza honako jarduera hauetan gauzatuko da: automobilaren ingeniaritzarekin lotutako gaiei buruzko ikerketa-proiektuak babestea eta sustatzea; klusterra osatzen duten enpresa sinatzaileetan zuzendaritza-postuetan daudenek unibertsitatean parte hartzea, beren esperientzia ikasleekin partekatu dezaten; eta katedraren jarduerarekin lotutako gaiei buruzko doktoretza-tesiak eta ikasketen amaierako lanak egin daitezela bultzatzea. Orobat ekimenak garatu eta bultzatuko dira, emakumeen parte-hartze handiagoa ahalbidetuko dutenak  automobilaren ingeniaritzarekin lotutako mundu profesionalean.

Beste unibertsitate eta zentro produktibo batzuekin ikasle-trukeak egitea sustatuko da, estatuan eta nazioartean praktikak egin ditzaten. Gainera, etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatuko dira, baita katedra sustatzen duten enpresak bisitatu ere. Bestalde, automobilaren ingeniaritzaren arloan bokazioak sustatzeko hitzaldiak, mintegiak, ikastaroak eta bestelako prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak diseinatu eta antolatuko dira, baita sariak eta bekak eman ere.

 

Segimendu Batzorde Mistoa

Hitzarmenak segimendu batzorde misto bat eratzea aurreikusten du. Batzorde hori gutxienez NUPen 2 ordezkarik eta gehienez 5ek osatuko dute, errektoreak izendatutakoek, eta ACANek ordezkari kopuru bera izanen dute. Batzorde hori arduratuko da katedraren zuzendariaren izendapena proposatzeaz, jardueren urteko programaren berri emateaz, jardueren urteko memoria onesteaz edo balizko lankidetza-hitzarmenak onets daitezela proposatzeaz.

 

Argazkia:

Katedraren sinatzaileak.

Ezkerretik eskuinera,

Roberto Lanaspa ACANeko burua; eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea.