Euskararen lehen fruituak
-
Euskal Museoak 100 urte Baionan
Ehun urte bete dituela-eta, Baionako Euskal Museoak horren kariaz Bernard Dechepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) liburua erakusgai jarri du erakusketaren atarian. Originala ekarri dute Frantziako Liburutegi Nazionaletik, kontserbatu den ale bakarra izanik. Obra gomitatuaren inguruan egitarau kulturala aurreikusita dago datozen hilabete bietarako.
Artikulu honetan obraren irakurketa bat egingo da, gaurko egunetik ikusita zein izan daitekeen irakurlearen harrera bat, kontuan izanik testuak sortu eta gaur arte izan duen ibilbideari erreparatuta, bereziki azken hamarkadoi gagozkiela.
Oraintsu izan gara erakusketan, eta bertan ikusitakoen garapen modukoa egitea dugu asmoa, jakite apur batekin oratua.
-
Zer nolakoa da Detxepareren liburua?
Lehenengo eta behin, azken urteotako memoria eginez Etxepareren zantzurik zabalena publiko zabalarentzat izan daiteke Gabriel Arestiren bertsio erraztu gaurkotua Oskorri Bilboko musika taldeak binilo-diskoan eman zuenekoa. Orduan testuen aukeraketa bat egin zen, ziurrenik garai hark agindutakoa, jakina, eta testuaren ikuspegi zehatz bat eman duena.
Behin baino gehiagotan jarria du testuaren irakurketa batek Garaziko idazlea goliardo moduko bat balitz bezala, alegia, Hitako Artziprestearen El libro del Buen Amor izenekoaren parekoa, hala nola Axularren Gero (1643) aszetika liburua parekatzen den Luis de Granadaren Guía de pecadores beste harekin.
Esan izan da Trentoko kontzilioaren (1545-1563) aurrekoa dela lehen liburua, eta Trento ostekoa bigarrena. Bata Erdi Aroko giroko nasaiagokoa izanik, bigarrena, aldiz, Kontrarreformaren girokoa dela.
Seigarren aginduari gagozkiola, apez artean ari baikara, aldez edo moldez, Freud oraindik jaio gabea baitzen, bada ezberdintasunik Erretore bion artean, baina ez inoiz ulertu den bezainbat, nola baitago era berean aldea gaztelerazko bi liburuen artean, horien ere elizgizonak.
Garaziko naturalistagoa izanik, esan daiteke Sarakoa zorrotzagoa dela, deskribapen eta elkarrizketa gutxiagori egiten dio lekua, nahiz eta baditu autura ekartzen gizarteko pasadizoak eta ohiturak, Detxeparek bezala.
Hala ere, beti da bainaren bat. Linguae Vasconum Primitiae esatera datorrena da, mezua, alegia, ez fidatzeko lurreko amodioei eta Ama Birjinaren eskuetan jartzeko hura baita portu segurua eta aterbe betirakoa (“Amorosen gaztiguya”, edo maitaleei abisua). Zergatik? Ba Garaziko naturak esaten duen moduan, amodioak zoritxarrekoak direlako, eta ematen duen horien zerrenda askotarikoa da:
- Emazteen gainean txarto egiten da berba, nahiz eta ondo ez dagoen zor zaizkien hobari guztiengatik. Dohain horien artean bada gizonaren “regla” izatearena, liburuaren hasierako doktrina ataletan esaten duen moduan. Hau da, bizitzako erregela bat beneditarrek berea duten bergisa. Ikusi, esaterako, Martin Duhalderen Meditazioneak gai premiatsuenen gainean (1809) klasikoan ageri den “Bizitzeko erregela” liburuaren hasieran.
- Beste baten andrea desiratzea sufrikarioa da (“Ezkonduyen koplak”):
“Amoria ezein zentzuz ezin daite goberna;
Anhitzetan honesten du guti behar duyena.
Arnoak bano gaizkiago hordi diro gizona;
Sarri esteka, berant laxa hark hatzeman dezana.
Amoria itsu da eta eztazagu zuzena;
Eztu uste bertzerik dela, lekot maite duena.
Suiak baino gaizkiago erra diro gizona;
Itxasoak ez iraungi, eratxiki dadina”.
- Ezinezko amodioa, gorderik iraunarazi behar dena
- Maitaleak banandu behar dute, eta horrek sortzen duen malenkonia
- Jeloskeriak sortzen duen ondikoa
- Musua galdetzea maiteari, hark ukatu, eta indarrez hartzea.
- Maitasun-eskea, ez baita erraza maitearengandik onespena lortzea
- Maitaleen eztabaida: andreak ez du maitasuna egin nahi, eta indarrez egitera behartua da.
Laburbilduz, kasuistika da maitasunaren inguruko gertakarien kontu emate ezkor samarra, nahiz eta errealista samarra ukatzen ez duela harreman horien premia gizakiaren bizipozerako: olerkion irakurleak jakingo ahal du irina eta zahia bereizten.
-
Bost mende geroago
Liburu hau gonbidatu duenean Baionako Euskal Museoak bere 100 urteurrenean euskara idatziaren lehen zantzu inprimatu luze gisa azpimarratu dena izan da, batez ere, euskararen duen errebindikazio hori, asmoa inprentaren bidez hizkuntzari duintasun handia ematearena, eta orduko nor zirenen artean zuen estimazioari berme inprimatua ematea, horrela hizkuntza eskuarrari zabalkundea areagotzea.
Hala ere, asmoa izan da hemen liburu hori komunikazio-artefaktu gisa gaur egun izan dezakeen lekua kultura zabalagoaren panorama, ez besterik.
Liburuak hiruzpalau atal nagusi ditu, hau da: kristau doktrina; amodioaren inguruko kasuistika apur bat Boccaccioren estilora hainbat fresko emanez, baina elizaren ikuspegi estutik oraingoan; euskararen gorazarrea eta pasarte autobiografiko bat, orduko tentsio politikoekin lotua. Amodioaren atalari gagozkiola, nahi izan dugu berretsi azken aldian kritikak esan duena, adieraziz ez dela pasarte erotikoen bilduma hutsa, baizik eta erregela jakin batzuk kristaua horietan mugatu dadin. Egia da, deskribapenon errealismo eskergarri eta fresko hori desagertu egingo dela Kontrarreformaz harago, behintzat erlijio-gizonen eskutik. Bocaccioren kontakizunen ikuspegia beste era batekoa, Gabriel Arestik euskaratuak; baita Chaucer-en Canterbury tales kontakizunena. Nafarroako Erregina Margaritaren pasadizoak ere berriki euskaratuak izan dira. Balio dezala euskarazko produkzioa orduko testuinguruan kokatzeko.
Beste kontu bat aipagarria oso da hizkeraren alderdia, nola lortu duen Detxeparek horren hizkera sueltoa. Horren harira interesgarria Xabier Amurizak egin duen moldaketa linguistikoa gaurko irakurleari hurbiltzeko asmoarekin.
Ikusle kuriosoak Baionara hurbiltzeko parada duke, museoaz gozatu osotasunean eta gogoratu orain artekoan nola bizi izan den euskal jendea Lapurdi aldean.
Ah, bukatzeko ez ahaztu Erasmoren arrastoa eta devotio modernaren eragina Dechepareren pertsonaien adierazpen eta barne-pentsaketan. Museoan bertan duzue azpimarratua; baina hori beste kontu bat da, beste aldi baterako. Ez galdu hango hitzaldi interesgarriak.
-
Bibliografia
Antoine, Corinne (2010) “La sexualité” in: Petit Larousse de la psychologie
Axular, Pedro (1643) Gero. armiarma webgunea.
Bataillon, Marcel (1950) Erasmo y España. Fondo de Cultura Económica.
Danserie ensemble (2024) Bernart Etxepare 1545. Linguae Vasconum Primitiae. Pamiela.
Dechepare, Bernard (1545) Olerkiak. Ediciones “Edili”.
Duhalde, Martin (1809) Meditazioneak gai premiatsuenen gainean. Hordago.
Luis de Granada (2012) Guía de pecadores. Homo Legens.
Ruiz, Juan (1984) Libro del Buen Amor. Plaza & Janés.