ARRANTZALEA

 

Itsas portu baten bazterrean, gizon bat trastez jantzia, lo egiten du bere txalupan. Turista bat agertzen da, biziki ongi jantzia eta argazki tresna antolatzen ari dena, momentu eta eszena idiliko hau hartzeko: zeru urdina, itsaso berdea, elurra bezain xuriak diren olatu baketsuarekin, txalupa beltza eta arrantzalearen txapel gorria.

 

Klik, ta klik, eta berriz klik, arrantzalea atzartzen da. Erdi lo eseri da, eta bere sakelan zigarreta baten bilatzen hasten da. Hori ikusita, turistak eskaintzen dio beretako bat. Gure arrantzaleak, Ximun, ez du oraindik zigarreta bere ezpainetara hurbildua, jadanik turista beste argazki bat hartzen diola eta ondotik sua eskaintzen. Ximunek, aspertua, uste du gehiegizko adeitasuna badela. Turistak egoera txarra dela ohartzen da eta saiatzen da hitz egiten, nahiz ez duen herri honetako hizkuntza ezagutzen.

 

Arrantza ona eginen duzu gaur!

Arrantzaleak burua astintzen du.

Eguraldia aldekoa duzu!

Arrantzaleak burua astintzen du.

Ez zira itsasora joaten?

 

Arrantzaleak berriro burua astintzen du. Hori ikusita, turista kezkatzen da. Gizon gaizki jantzi hunen ongizateaz arduratzen da. Eri al zara?

 

Batere dio Ximunek, biziki ongi sentitzen naiz. Ez naiz behin ere hain ongi sentitu. Luzaketak egiten ditu, bere olinpiar indarra erakusteko.

 

Turista hasarre sentitzen da eta zergatik ez den itsasora ateratzen galdegiten dio.

 

Ez noa itsasora, jadanik goiz huntan joana naizelako eta arrantza ona egina dudalako. Hain ona izan denez ez dut berriz joateko beharrik. Lau otarrain eta bi dozena berdel baditut. Ez zaitela kexa gizon, dio Ximunek, bizkarrean laztanduz. Gainera aski arrain baditut biharko eta etziko. Segitzen du erranez turistari ea nahi duen bere zigarreta bat.

 

Bai, milesker dio turistak. Eta horrela segitzen dute, batek hitz eginez eta besteak argazkiak hartuz. Hala ere, momentu baten buruan, turistak galdegiten dio. Ohartzen zira, gaur, bigarren, hirugarren edo laugarren aldikoz joaten bazinen itsasora, zenbat arrantza bilduko zinuken! Hiru, lau aldiz gehiago!!!

 

Bai dio Ximunek. Eta turistak segitzeko, eta hori egunero eginez, zenbat arrantza ekarriko zinuken etxera! Zenbat diru!

Arrantzaleak burua astintzen du.

 

Motor bat erosten ahalko zinuke eta urte baten buruan, bigarren itsasontzi bat. Bospasei urte barru, fabrika ttiki bat ere muntatu arrainak kontserban emateko eta zergatik ez, ostatu bat ideki ere, zure arrainak proposatuz. Ohartzen zira zein aldaketa, zein aberastasuna eta emozioz betea, turistak segitzen, bai eta gero ere…

 

Bai eta gero zer? —dio Ximunek.

Portuan eseri zintezke, eguzkitan loak hartu, itsaso xoragarria kontenplatu, lasaiki egoten ahalko zinateke.

 

Baina jadanik hori guzia egiten dut, dio Ximunek, itsasoa begiratzen dut, kuluxkak egiten ditut, noiz ez den norbait bere klikekin atzarrarazten nauenik…

 

Bai egia duzu, bai!  —dio turistak, eta itzultzen da etorri zen bidetik, oroituz berak ere, egun batez pentsatu zuela lan ainitz eginez, lana besteei uzten ahalko ziela , berak segituz bizitzen deus egin gabe, desengainu osoa…

 

Arrantzalearentzat erruki handirik gabe alde egin du, inbidia pixka batekin, besterik ez…