EUSKALDUNA NAIZ, ETA?…

Euskalduna naiz eta, Euskadi dut maite.

Horregatik kartzelara eramanen naute.

Nork ez daki gure kantaren leloa ? Aspalditik zebilen nere buruan bueltaka, eta esan eginen dut, bada ez bada ere, esan, zer sentipentsa arazi izan didan azken 40 urteotan. Nahiz sekula baino gutxiago sinistu, nork geure mina kontatzeko aukera paregabea eman zaigula; ni behintzat ETAren biktimarik errukarriena sentitzen bainaiz oraindik: bizirik umoenean akabatua, horratx!

Funtsean bi parte ditu gure lelo kontsekutibo horrek: “euskalduna naiz” eta honek derrigor omen dakarren ondorio bikoitza: Euskadi maitatu eta kartzelan buka beharra. Nik ordea hiru zatitan eginen diot neure autopsia bertikala, orain honen arin ahotan darabilgun transbertsalitate ekumeniko bila edo:

1: Euskalduna naiz; 2: eta Euskadi dut maite; 3: Horregatik kartzelara eramanen naute. Niri, beste guzia sobran balu bezala, aurrenekoa iruditu izandu zait beti ederrena, finena, xuhurrena, unibertsalena, zinezkoena: “euskalduna naiz”. Bai, euskaldun izate xuhur honen inguruko humanismo eder baten hutsa nozitu izan dut, neure bihotzeko Euskal Herri honen kontzientzia izan dudanetik. Nik bakarrik baitakit, zenbat sofriarazi didan zinezko susmo honek, etxean bertako senideengandik hasita. Euskaldun izateko nire laurdenaren erdia gero eta laitago eginez, haiek gero eta “jatorrago” eta ni gero eta arrotzago, ezerezago edo “traidoreago” egiten gaituen gure gizarte honetan. Hortik atera!

2: Bigarren zatia, “eta Euskadi dut maite”, aurrenekoaren murriztaile eta akats trakesduna iruditu izandu zait beti. Zer da Euskadi hori? Hasteko, asmazio filologiko zatar eta arrotz? Eta oraindik nahasgarriago eta kaotikoago bihurtzen duena: zer da Euskadi hori gaur, zinezko politikan? Beraz, zergatik behartu (murriztu, zatitu, zapuztu) euskalduna, Euskadi hori maita behar izatera? Zergatik behartu, murriztu, zatitu, zapuztu inor, izenez eta izanez trakets eta arrotz zaion sorkari hori maita behar izatera? Zergatik segi harrokeria murriztailean, premisa zatar baztertzaile batekin? Mesede edo kalte egiten ote dio “marka” edo “akats” enkistatu zarpail honek euskaldungoari, euskalgintzari?…

3: Zer esanik ez hirugarren zatiak: “Horregatik kartzelara eramanen naute”. Ez dago eraztuna ipintzen zigun borreroa hobeki imitatzerik. Zer imitatzerik? Ez dago hobeki asimilatzerik eta taigabe aplikatzerik. Bai “dunduri triste, antzu eta alfer honek” erabat goibeldu izan du nire gogoa, eta nire barrengo gihar apurrak inarrosi. Hagitz biktimismo motza eta gorotza iruditu izan baitzait. Hasieran fin eta xuhur esandako “Euskalduna naiz” hura erabat lohitu eta hondatuko balu bezala, erabat zazpuztu eta lizunduko balu bezala. Barka: “balu bezala” ez, arrunt gaizki esan dizut: egunero, segunduro, kazetero, irratiro, teleberriro, bertsoro, kanturo, hitzaldiro, isilaldiro… lokazten eta hondatzen baitu diskurtso natural libre dibertso minimo baterako oinarri genukeen gure fintasun apurra; nirea bai behintzat. Eta ez nuke inor ahaztu nahi, 36ko gerrakoan “aquí no se habla vaxco eh!” nozitu zuen aita zenagandik hasita, ni sobra nauen euskalgintza honenganaino. Ez ez, hola ez: ttipiak haundia, asmoz eta jakitez, eta ahal bada hobe asmo onez eta jakite hobez; asmo lohi eta jakite zikin gehisko sumatzen baitut aldekoen eta kontrakoen fartsa gogaikarri zaharkitu honetan.

Haundikeria gutxiko euskalduntzat daukat neure burua, ustez, eta hagitz ugaria eta xaloa dela ikusi dut gutxienez azken bostehun urteko gure historia xehea, gure eguneroko bizitza, bere argitzal guziekin. Deus ikusi gutxi duela azken bi mendetako gure aberri zuritzaileon ipuinekin. Askoz ere sentzilloagoa eta xuribeltxagoa dela zinez euskaldun izaten segitu dugunon grazia. Ez dela halako tragediarik eta espanturik inon ageri gure eguneroko bizian, jadanik “bi mende alferrik” erakusten ari zaigun “frentismo” krudel itogarri antzuak “autoalimentutzat” puztutako hauxe ez bada.

Hainbat indar faktikok harrokeria zuriz geure burua euskaldun ofizial izatera behartu izanak hondatu digu geure xarma esentziala, edozein humanok behar beharrezko duen libertate esentziala. Nork ez du bizi zaputzaldi hori? Nork ez sumatzen inguruan, zakar behartutako guziaren porrota? Nor ez da nozitzen ari, hutsaren gaineko harrokeria zuriak, ezinbestean ekarri digun hondamendia? Nork zainduko du euskara ikastera behartua izan den ezabertzalego inozente gero eta zabalagoa? Ez al du euskararen harrobi horrek gutxieneko kohesio/koherentzia naturala merezi? Zertarako bestela derrotxe ekonomiko eta humano ikaragarri hori?

Eta zer aukera gelditzen ote zaio ni bezalako euskaldun bati gure merkatuan? Ba ote dut bidaiderik, Euskadirik eta kartzelarik gabeko Euskal Herri arrunt xalo bateranzko onbide honetan? Ba ote dut gogaiderik Nazio edo Estatu epika hipokrita beharrik gabeko euskaldun izate xalo eta dibertso baten ilusio finak bizi duenik? Eta auzo erdarak ERE hobeki jakin nahiko lituzkeen euskaldun bati, zer aukera gelditzen zaio gure merkatuan? Non argitaratuko ote lidateke pozik, nere boto partikular hau? Behar bada hementxe? Apropos neretzako egina dirudien txoko errukizko honetantxe? Eta nork leituko umore on eta borondate hobez? Zuk? Eskerrak, bada, bihotzez!

Patziku Perurenak

2018ko otsailaren 17an

Oharra: artikulu hau 111 aldizkariaren 9. aleko 28. orrian argitaratua izan da, baina hemen, hango hutsegite ttipi batzuk berdez zuzenduta argitaratu dugu, zinez merezi zuelakoan.