OXIDO NITRIKOA SORTZEKO BIDE METABOLIKOA

 

NUP buru duen ikerketa batean, landareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa sortzeko lehenbiziko bide metabolikoa deskubritu dute

Landare biologian hogei urte baino gehiago daramatzate aurkikuntza horren bila; izan ere, oximek oxido nitrikoa sortzeko duten garrantzia erakusten du, eta nekazaritzan eta medikuntzan izanen ditu aplikazioak

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) buru duen ikerketa batean, landareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa (NO) sortzeko lehenbiziko bide metabolikoa aurkitu dute, bai eta molekula hori sortzeko oximek duten garrantzia ere. Konposatu kimiko mota bat dira oximak. Landare biologian hogei urte baino gehiago daramatzate aurkikuntza horren bila, zeinak nekazaritzan eta medikuntzan izanen baititu aplikazioak.

Lana “Molecular Plant” aldizkari zientifikoan argitaratu berri da, eta NUPeko IMAN institutuko (Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutua)[1] zenbait ikertzailek egin dute, besteak beste: Pedro López Gómez, Javier Buezo Bravo, Marina Urra Rodríguez, Jorge Fernández de los Reyes, Estibaliz Urarte Rodríguez, Estefanía Rodríguez Dobreva, Alejandro Eguaras Moriones eta José F. Morán Juez. Haiez gain, Material Aurreratuetako eta Matematikako Institutuko (INAMAT2)[2] bi ikertzaile ere aritu dira ikerketan: Alfonso Cornejo Ibergallartu eta Víctor Martínez Merino. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Raquel Esteban Terradillos eta Daniel Marino Bilbao ikertzaileek eta Tubingako Unibertsitateko (Alemania) Sebastian Wolfek hartu dute parte lanean.

 

Osasun kardiobaskularra eta kirol errendimendua

Oxido nitrikoa molekula txiki, gaseoso eta koloregabea da, eta funtsezko eginkizuna du seinalatzaile moduan organismo bizidunen bizi-funtzio askotan. Gizakietan, garrantzi handiko zenbait alderdi erregulatzen ditu, hala nola osasun kardiobaskularra, eta eragina du kirol errendimenduan. Gainera, antioxidatzaileen sintesian eta hantura-prozesuetan parte hartzen du. 1998ko Medikuntzako Nobel Sariarekin aitortu zuten haren garrantzia.

Animaliek badute oxido nitrikoa sortzeko entzima bat, NO sintasa izenekoa, baina landareek, oxido nitrikoa sortzeko, erredukzio prozesu bat erabiltzen dute nagusiki: nitratoa hartzen dute, eta, nitrato erreduktasaren bidezko prozesu entzimatikoen bitartez, oxido nitriko bihurtzen dute. Lan hau egin arte, ez laborategiko esperimentuetan ez landareen barneko baldintza naturaletan ez zuten identifikatua metodo espezifikorik (bide metabolikorik) oxido nitrikoa bi iturri hauetatik sortzeko: amonio askea (nitrogeno konposatu mota bat, ongarri gisa erabiltzen dena) eta aminoazidoak (proteinen oinarrizko osagaiak, zeinak nitrogenoa baitute).

“Gai hutsala dirudien arren, ebatzi gabeko gaitzat zuten duela urte asko landare biologiaren arloan, eta uste zuten hura deskubritzeak landareen beste funtsezko prozesu batzuk ulertzeko aukera emanen zuela; hala gertatzen ari da, gainera –azaldu du José F. Morán katedradunak–. Izan ere, mende hasieran, argitalpen zientifiko garrantzitsu batzuek arlo horretako zenbait lan eman zituzten ezagutzera, baina gero atzera bota zituzten ez zirelako zuzenak. 2004an, ‘Science’ aldizkariak arazo horien berri eman zuen, eta aitortu zuen garrantzitsua zela bide metaboliko hori aurkitzea. Nahiz eta ondorengo urteetan gai horri buruzko lan ugari argitaratu ziren, batek ere ez zuen lortu nitrogeno murriztutik abiatuta –amonioarena edo aminoazidoena kasu– oxido nitrikoa sortuko zuen bide biokimikorik erakustea”.

 

Landareen erresistentzia estresaren aurrean

NUPek gidatutako ikerketak bide alternatibo bat azalarazi du: oxido nitrikoa sortzea peroxidasa izeneko entzimak erabiliz, zeinek konposatu kimiko mota jakin batzuetan eragiten baitute, oximetan hain zuzen ere (indolazetaldoxima kasu). Ikerketaren emaitzek erakusten dute hobetzen ahal dela landareek estres baldintzekiko duten tolerantzia (hala nola, lehorteetan), eta landare nutrizioan ere eragin dezake, bereziki ongarrien erabilera jasangarriko testuinguruetan.

“Aztertutako aldoximetan ikusi da oxido nitrikoaren kantitate txikiak sortu dituztela bai ‘in vitro’ –saiakuntza-hodietan– bai ‘in vivo’ –landarearen zelula bizien barnean–, eta eragina izan dutela alboko sustraien hazkundea bultzatzen. Horrek landareek estres prozesuekiko duten tolerantzia hobetzen lagundu dezake, esate baterako, lehorteetan –adierazi du José F. Moránek–. Gainera, hormona-efektua dutenez, tresna baliagarria izanen dira landare garapenaren etapak simulatzeko, bereziki, bestelako estres baldintzetan, hala nola mantenugaien eskasia, tenperatura altuak edo elikadurarekiko tolerantzia amonioa izanik nitrogeno iturri bakarra. Nutrizio mota horrek garrantzi handia dauka, esate baterako, abeltzaintzako minda erabili nahi denean ongarri nitrogenatuen ordez; izan ere, ongarri nitrogenatuak fabrikatzeko, erregai fosilen kontsumo handia behar da”.

 

Bide berriak giza osasunaren arloko ikerketan

Gainera, aldoximek oxido nitrikoa sortzeko duten rolari esker, aukera egonen da ikerketa gizakien arlora zabaltzeko, zehazki, gaixotasun kardiobaskularren eta botika berrien diseinuaren arloetara. Haiez gain, pertsonen osasunarekin loturiko beste ikerketa-bide batzuk ireki daitezke. “Indolazetaldoxima molekula bat da, homologia estruktural nabarmena duena serotoninarekin eta melatoninarekin. Zoriontasunaren hormonak dira haiek, eta gizakien ziklo zirkadianoak eta loaren zikloa ere erregulatzen dituzte hurrenez hurren –esan du José F. Moránek–. Molekula horren efektua eta jarduteko modua zein diren jakiteak aukera emanen du bi hormona horien efektuak hobeto ulertzeko egiten diren ikerlanei beste modu batzuetan heltzeko. Bestalde, bakterio digestiboak gai dira hormona onuragarri horiek sintetizatzeko, eta, hortaz, indolazetaldoxima intereseko elementu bat da giza gorputzaren eta hesteetako bakterioen arteko seinaleztapena aztertzeko orduan”. Gainera, oxido nitrikoa “ziklo zelularraren kudeaketan ere inplikatua dagoenez, funtsezkoa izanen da hark minbizi- eta metastasi-zeluletan duen eragina aztertzea”, erantsi du NUPeko katedradunak.

 

Argazkia: Lanaren egile diren NUPeko ikertzaileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera: Alejandro Eguaras, Víctor Martínez Merino, José F. Morán, Javier Buezo, Marina Urra, Alfonso Cornejo eta Jorge Fernández de los Reyes. Falta dira: Pedro López Gómez, Estibaliz Urarte eta Estefanía Rodríguez Dobreva.

 

Erreferentzia: López-Gómez P., Buezo J., Urra M., Cornejo A., Esteban R., Fernández de los Reyes J., Urarte E., Rodríguez-Dobreva E., Chamizo-Ampudia A., Eguaras A., Wolf S., Marino D., Martínez-Merino V., and Moran J.F. (2024). “A new oxidative pathway of nitric oxide production from oximes in plants”. Mol. Plant. 17, 178–198.

 

 

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/imab

[2] https://www.unavarra.es/inamat2/