Kuxkuxtu txaranga euskal bazterrak pizten

Nork ez du Kuxkuxtu txaranga ezagutzen? Nork ez du inoiz kantatu edota dantzatu berarekin? Ziur aski horrelakoak gutxi izanen dira, Kuxkuxtu arrunt ospetsua baita Euskal Herriko luze-zabalean. Gaur Urruñako bestetan, bihar Herri Urratsen, etzi San Ferminetan, etzidamu Baionako karriketan…

Horrela dabiltza, han eta hemen, hemen eta han, euskal bazterrak pizten, euskal bihotzak alaitzen. Eta ez da gutxi.

Duela hogeita hamasei urte inguru, laupabost musikari bildu eta Baxenafarroan, Duzunaritzeko jaien aitzin etxez etxe ibili ziren diru eskean. Gehienak Lapurdiko Urruñako Herburua auzoan bizi zirenez gero, horrela jarri zioten izena bat-batean sortutako txarangari: Herburuko txaranga. Patrik Mitxelena “Mixu” musikari ospetsua ere –2009ko urtarrilaren 2an zendua–, taldean ibili zen. Garai hartan, Sustrai taldearen Mustafa kantua abesten zutelarik, ikus-entzuleek, kantua hasi aitzin, Kuxkuxtu! Kuxkuxtu! (Makurtu! Makurtu!) oihukatzen zuten, eta hortik datorkio orduz geroztik txarangak eraman duen izen berria: Kuxkuxtu txaranga. Ikus-entzuleak kuxkuxtarazten bazituzten ere, Kuxkuxtukoek kanta-kantari jarraitu dute, burua kuxkuxtu gabe, euskal nortasuna defendituz eta zabalduz.

Urtero hirurogei bat ateraldi egiten dituzte eta leku guztietan izugarri maite dituzte. Kantua eta musika maisukiro uztartzen jakin dute eta euskal kantuaren inguruan euskal geografia osoan ematen ari den mugimendu zabal horretan beraiek izan dira hazi-eraile eta aitzindari. Euskal Herria kantuz izeneko kantu-liburu ederra egin dute, jadanik zazpigarren edizioan, eta horren bidez jende ainitzen parte hartzea lortzen dute. Bi disko grabatu eta plazaratu dituzte. Lehena Denak kuxkuxtu. Irabazi arte izenekoa izan zen eta arrakasta itzela ukan zuten, plazaratutako bi mila aleak berehala saldu baitzituzten. Gaur agorturik dago. Bigarrenak Denak kuxkuxtu. Irabazi arte– 2 izena du, eta erran beharra dago lehenengoaren ildotik abiatua dela, jadanik ia ale guztiak salduta baitauzkate. 2014an bi diskoetako kantu gogoangarrienak bilduz hirugarren disko bat plazaratu zuten. Euskal kantua maite dugun guztiok bihotzez eskertzen diegu euskal kantagintzan egin duten ekarpen aberatsa.

Musikariak izateaz gain, Kuxkuxtukoak euskal militanteak ditugu, eta hori dela eta, beraien ateraldien erdiak ikastolak, presoak, AEK, Korrika, Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimendua eta horrelakoak sostengatzeko burutzen dituzte. Euskal Herritik kanpo ere askotan ibiliak izan dira, Korsikan, Bretainian, Flandrian, Alemanian, Nevadan… eta lurralde guzti-guzti horietan ongi jakin izan dute euskal kantuaren hazia ereiten.

Urruñan ainitzetan ibiltzen den mutil alemaniar batek aitortu zidanez, bere irudikoz, Kuxkuxtukoak omen dira Euskal Herriak atzerrian nehoiz izan dituen enbaxadorerik onenak. Luzaz jarrai dezatela horrela, gure herriak eta karrikak alaituz, euskal kantuak zabalduz eta askatasunaren bidean den euskal nazioa, orain arte egin duten bezain ongi, ordezkatuz. Biba zuek!

KUXKUXTU

ALDARRIA ETA KANTU

I

Aspaldi huntan hortik dabiltza

Kuxkuxtu txarangakoak,

besta eginez, nunahi kantatuz,

horiek dira heien lanak.

Gaur Nafarroan, bihar Lapurdin

baina beti alegerak,

San Ferminetan edo Baionan

ibiltzen dira urruñarrak.

II

Kuxkuxtu dugu Urruñakoa,

sortzez Herburu auzokoa,

euskal umore ta nortasuna,

besta eder ta gisakoa.

Horixe dugu gure artean

kuxkuxtarren lekukoa,

txaranga ederra osatzen dute

parrandarako nahikoa.

III

Ez da bestarik gure lurretan

Kuxkuxtu talderik gabe,

arratsez, gauez edo goizetan

beti kantuan dirade.

Giro ederra ezartzen dute

bazter guzietako labe,

horretarako abilak dira,

parrandazaleen bilgune.

IV

Luzaz ibili daitezela

gure artean kantatzen,

euskal arimak behar baititu

Kuxkuxtukoak, hain xuxen.

Libre nahi duen Herri honetan

kantua esperantza izan zen,

askatasuna atzeman artean

zuek kantuz, han ta hemen.

Joseba Aurkenerena

Airea: Pello Joxepe