HARTZA LAPURDIKO IHAUTERIAN

13/02/2016 carnaval- journée de l'ours - ihauteri - hartzaren eguna- association bégiraleak 20160213_photo_P1300071

Gauza jakina da euskal inote edo inautea zahar-zaharra dela, aurre-historiatik datorkigun erritual zaharra, hain zuzen. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi hotz, luze eta hitsa, negu osoa hartzen duen aldia. Neguan, gizaki zaharra ama-lurraren leize-zuloetan babesten zen, hotzaldiaren tenorea zen, lurra lotan zegoen eta baita bere kolkoan babesten zen gizaki bera ere. Horretaz gain, leize-zuloetako iluntasunetan euskal arbaso zaharrek lurraren loaldi berbera egiten zuen animalia ezagutu zuten, hartza, negua neguloan edo hibernazioan iragaten zuena. Orduz geroztik, hartza izan da euskaldunen animalia totemikoa, eredu gisakoa… eta Zuberoan euskaldunen lehen arbasoa hartza dela erran dute luzaz.

Hartza, koba-zuloetan lotan zegoen, udaberriaren zain, lurra eta gizakia zeuden bezalaxe. Gizaki zaharrek negua pasatu beharra zeukaten, eta udaberrian, eguzkia indartzean, lurra iratzartzean, landareak piztean… lur azaleko beste ziklo bati hastapena ematen zioten. Horretarako lurra esnatu beharra zegoen, eta lurraren alaba den Eki (eguzkiaren pertsonifikazioa) negulotik atera behar zuten, lehenbailehen lurraren kolkotik zeru gorenera igaro zedin. Inotea edo inautea zen neguan burutzen zuten errituala, eta dantza eta doinu berezien bidez —joarea, adarra, turuta…— , ainitzetan burrunba eginez, ahalegintzen ziren lurra eta eguzkia iratzartzen.

Lapurdin bertako inauteari ihauteria erraten diote, eta indar handia hartzen du negu osoan zehar. Pertsonaia ainitz ditu eta kolore handikoak. Dena den, gehien errepikatzen diren pertsonaiak kaskarotak dira, inaute inguruko dantzak egiten dituztenak. Hartza ere, ezinbesteko pertsonaia dugu Lapurdiko ihauterian, eta, gehienetan, bainan ez beti, eramaile batek sokaz loturik eramaten du alde batetik bestera. Horietaz gain, badira bestelako pertsonaiak: Zanpantzar, banderariak, kotilun gorriak, bestagorriak, ponpierrak, makilariak, herriko jaun eta anderea, zirtzilak…

Hartzaren Eguna ohikoa izaten da, eta Hartza ardatz gisa harturik, kaskarotak eta zirtzilak herrietako karrika eta plazetan barna ibiltzen dira. Donibane Lohizunen, Urruñan, Hendaian, Getarian, Azkainen, Senperen, Saran, Arbonan, Beskoitzen, Baionan… Uztaritzen, ihuateriaren kari, egiten duten festibalari Hartzaro deitzen diote, biziki ongi hautatutako izena erabiliz, zeren eta zer da azken finean gure inautea, hartzaren aroa ez bada?

Ikus dezagun segidan Lapurdiko ihauteriko hainbat argazki, hartzaren ezinbesteko presentziaz kontura gaitezen:

Donibane Lohizuneko hartza

Urruñako hartza

Baionako hartza

Uztaritzeko hartza

Hendaiako hartza

Sarako hartza

Azkaingo hartza

Senpereko hartza

Beskoitzeko hartza

Arbonako hartza