NEKANE

Goizeko bortz orenak dira, goizeko ordu txikietan egindakoa nekez gogoratzen zaienen garaia, egunak zer ekarriko galdezka ari direnen ziurgabetasun unea, lanerat joateko batere aiherrak ez daudenen denbora tartea, gautxoriak eta goiztiarrak lotzen dituen ergaia.

Leihotik atearen ondora metatu direnak dakuski tabernariak. Batzuk otamen xerka, bertze batzuk eguneko lehen kafesne beroaren eske. Bada babes bila doan bezeria aski handia ere, nehori urrikaldu ez zaizkion urikalduak dira. Halako eta gehiagoren aterpe da taberna. Nekane, laster jantzirik, tabernari buruz abiatu da argi edukita bezeroak hagitz artatu behar direla. Zorrotik giltzak ateratzen ditueno parrokianoak urduri dauzka, batzuk zerbitzariaren etorrerari luzetsirik, goizeko bortz eta erdietan lantegirat joateko berantegi delako; bertze batzuk etxeraino iritsi artekoan itzarririk iraunaraziko dituenaren aiduru daudelako, basamortuko mana bailitzan.

Kafe egiteko makina du piztu, mandarra jantzi, eskuak garbitu eta zerbitzatzeari heldu dio. Lehiaka dabiltzanak eskatua edan bezain agudo kanpoko alderat desfilatzen hasi dira. Atalasetik Nekane agurtu eta lanerat doaz. Dena ziztu bizian gertatu da, katiluak kafea edan baiko jasotzen ditu tabernariak. Dena garbi eta txukun izan nahi du hurrengo bezero saldoa etortzear baita. Gaueko txandan aritu direnak dira heldu diren hurrengoak. Zortzi oren ezinago astunen ondotiko saria merezi dute. Lanaz gain, kabroiak jasan izana leundu behar. Zailtasun zein ankerkeriak oro ahanzteko baliatuko dituzte zerbitzari bikainaren enantzu, solasgaiak nahiz belarriak Nekane, psikologo onenen antzerat, mintzatzen bezain trebea delako entzuten ere. Urteetako eskarmentuak ororen arazo guztien partekatzaile bihurtu du. Zaurituen eztigarri, galtzaileen kontsolagarri da Kasedako alaba. Entzumen eta egonarri handiko emakumea. Beti du ele goxoren bat behar duenarendako.

Ezari-ezarian giza oihana bakanduz doa, arras nekaturik daudenak ohatzeari buruz abiatzen hasi dira salmahaiaz haraindikoari kortesiazko bihar arte-a erranik; gosaria etxean barik, bertan egin nahi izan dutenek bixi-bixi edaten dute hondar kafesnea ahoan oraino madalena puska daukatelarik; komunetik zangala-mangala heldu dena zirrikitua nekez hersten saiatzen ari da botoiak itzurtzen baitzaizkio ura eskuetatik bezala, biraoa botata da karrikaratu, atea itxi denean behaztopa hotsa aditu da, baita errosario ederra ere.

Orain esnatu berrien txanda da. Halako bortz sartu dira ziplo bart arratseko futbol partida mintzagai dutelarik, kafesne bero-bero bana eskatu dute aldameneko etxe erdi eraikian, paretak jaso gabe egonda, hotza nagusi delako. Erabat berotzeko-edo, kopatxo bana anis eskatu dute. Kaletik, zigarrokina jaurtirik, emakume meharra barneratu da. Ebaki bat eskatu eta sakelako telefonoan zerbait idazten dihardu. Halako hots zorrotza aditu da eta emakumea mugikorrari so geratu da, burua jaso gabe begiak goititu eta hasperen egin du

-Zer, berriz bakarrik?—Nekanek.

-Bai, enegarrenez aste honetan—bezeroak.

-Baina, ez zinetea hiru sehi?—Nekanek.

-Bai, baina sehi honi bik huts egin zioten; bakarra naun orain. Berrehun metro koadroko etxean!—bezeroak etsirik.

Katilua bi ahurren artean hartuta zerbait xuxurlatzen dihardu, azukre poltsatxoa salmahaian utzi eta hurrupada batez edan du ebakia. Nekaneri bi eurokoa eman ondorik aterantz joan da

-Hi! Eta xeheak?

-Utzi zuen eltzeitsuan—mirabeak kanpoko atea zabaltzen duen bitartean.

Salmahaia hamaikagarrenez xahutu ondotik, txitxi-zotzak prestatzeko unea iritsi zaio Nekaneri. Baita eltzekoak geroko bazkarietarako. Artista da zerbitzari, sukaldari, tabernari eta herri psikologoa ere den Nekane. Haren enantzua mila errezeta batera kontrolaturik edukitzeko! Haren iaiotasuna gatz oreka erdiesteko plater guztietan! Haren trebezia halako jan arin bezain ttipiak txotx ñimiño horietan kokatzeko! Ez dago ezin egin dezakeenik sukaldean. Arroza edota banabarrak prestatzen ari den bitarte zinez estresagarrian, gauza da mahaiak apaintzeko, zola ekortzeko edo kristalei errepasoa egiteko. Usu sukaldeko atetik jantokiak kontrolatzen ditu. Jantokiak, bai, Arga Tabernak hiru baititu. Bata, nagusia, atearen maila berean; bertze bat zurubitxo baten azpian dagoena eta hirugarrena bertze zurubi baten gaineko aldean. Baita terraza ere. Halakoxea da Arga Taberna, planoetan ikus daitekeen azala baino aisa gehiago.

Egun berezietan hiru jantokiak izaten dira beterik, haiek zerbitzarien lanak denak behar bezala artatzeko! Haien lasterketak zurubian goiti eta zurubian beheiti! Haien abilidadea platerrak nahiz edalontziak mahaietaraino osorik iritsarazteko! Eta beti irribarretsu, beti aldarte onean.

Goiza iragaiten ari da, bezero berriak iritsi dira, lehengo langileak ogitartekoa jaterat, haurrak ikastolan utzitako gurasoak, instituturat joan ez diren pipergileak, erretretan sartuak… denak elkartzen dira tabernan, denek iruzkintzen dituzte eguneko albisteak Nekanek beti izaten baititu egunkariak jendeak irakur ditzan. Eta horren guztiaren ardura hartzen du gure zerbitzariak, maki xamar egonagatik lanari beti bezain tinko eta zurrun eusten dio; urteetako ibilbideak eragin du kasedarraren osasunean, baina nehoiz ez du uzten lana, sekula ez da urrundu eginbeharretatik, egundaino ez da izanen ardi-herrena.

Bazkaltzeko tenorea da. Ohikoak sartzen ari dira: ondoko dendetan goizez eta arratsaldez diharduten langileak, tailerretakoak, kanpotik etorritako ikasleak, aldameneko Kulturgunekoak… mahaietarat hurbildu da Nekane. Koadernotxo eta aulki bat eskutan harturik, bazkalkideen ondoan eseri eta menu errezitatzeari ekin zaio. Ezagutzen dutenek agudo eskatu dute.

-Nik hire banabarrak eta azpizuna—bezero batek, hiketan, halaxe mintzo baitzaie elkarri bezeroak eta tabernaria.

-Hik badakik, bai—Nekanek.

Gainerakoen eskaerak idatzi ondotik sukaldean sartu eta laguntzaile etorri berriei azaldu dizkie. Lehen ia bakarrik ziharduen arren, azken bolada honetan hiru laguntzaile ditu Aragoi erreka irian sortuak, bi neska zerbitzatzen eta ikuzten laguntzeko eta ukrainar olagarroa. Olagarroa baita zeregin guztietan artista den Niko ukrainarra. Mahai zerbitzatzen, eltze errepasatzen, salmahaiaz arduratzen, garagarno upelak aldatzen, izorratu diren bonbilak konpontzen… lanok ez dute misteriorik Nikorendako. Denbora tarte horretan Nekaneren aita ere azaldu da, abantzu Matusalen bera bezain zaharra izanagatik, beti azaltzen da laguntzerat, piper prestatzerat, ogi mozterat edo bezeriak gogoz jaten dituen ogi porrokinak prestatzerat, munduko onenak anitzen ustez. Lan talde ongi koordinatua erdietsi du Nekanek. Platerak ziztu bizian mahairatzen dira eta mahairatu bezain agudo sukalderatu jaleek bukatu ondoren.

Euskal Telebista piztuta dago Nekanerenean, azpi tituluekin tabernan aditzen dena musika baita, talde ezberdinenak tartekatuz, orain txistu taldea entzun daiteke, gero bertze talde batena entzunen da, betiere euskaraz, paretetako paperak nahiz iragarkiak bezala, euskara hutsean ia gehienak. Halakoxe bihurtu baitzuen Nekanek Arga Taberna jabetu ondotik, Euskal Etxe, euskararena alegia.

Gogoan dut nolako taberna zen Arga lehen. Aitzineko jabeak taberna irudiz betea zeukan, zezenketekin loturiko irudiak ziren, zezenen sailkapena koloreen arabera zerakutsatenak, zezenkari batzuen argazkiak, paretan zintzilik bi banderilla (oso gogoko ez ditugun koloreez apaindurik), baita zezen baten burua ere azpiko kartel batekin, kartel hartan noiz, non eta nork hila izan zen jartzen zuen. Taberna orduan auzoko zakar guztien biltoki zen, ahotik atera daitezkeen arrunkeria handienen tenplua, genero berdintasunari aurka egiteko hondar gaztelua, nekez ikus zitekeen garai hartan emakumerik Arrotxapeako mugako ostatu hartan.

Zorionez kasedar batek hartu zuen bere gain tabernaren ardura, zorionez euskaltzale batek kartel guztiak nafarron hizkuntzan paratu zituen, zorionez animaliak gogoko dituenak tabernaren itxura (eta giroa!) aldatu zuen eredu zaharkituko gizonak uxatuz. Hasiera gogorra izanen zelakoan nago, jende berria nekez sartuko zen hain historia nahiz atmosfera zakarreko tabernan. Baina Nekaneren jarrerak eta, batez ere, sukaldeak jende andana tabernaratu zuten. Auzoak anitz zor dio Munduko ogi porrokin onenak prestatzen dituenaren alabari.

Bazkal gibela iritsi da, hauxe da Nekanek lasaitzeko darabilen tartea. Adiskide batzuekin batera musean hasi da jogurt handi bat jaten duen bitarte elikagarri bezain baregarrian. Eta barregarrian, partidako emakume bakarrak, kartetan kasurik egiten ez duela irudiagatik, beti irabazten baitie musde muskideei. Era guztietako iritziak adi daitezke tabernan une horretan, marro egile galanta haiz!, nola irabaz dezaken beti?, zer dauka jogurt horrek? Laguntzaileak dena garbitzen eta txukuntzen ari direno Nekane pozik eta lasai solasten da adiskideekin.

Bet-betan musika aditu da karrikan, trikitixak dira. Soinu txikien zarata handia barneraino sartu da eta tabernariak, partida utzirik, ateraino hurbildu da. Muturra eta eskuak esku zapiaz garbitzen ditueno keinu egin die trikitilariei tabernan sar daitezen. Partida amaitutzat emanda, sukaldean sartu da Nekane bixi-bixi. Hozkailutik txistor luze bat hartu eta zartaginean jarri du, su eztian. Bizkitartean bi trikitilariak eta haien jarraigoa tabernan dira, jotzen, abesten eta txalotzen.

Sukaldetik tabernaria azaldu da eskuetan azpil handi bat bete txistor puska daramalarik.

-Hau trikitilariendako—Nekanek, irria ezpainetan.

Trikitilariendako? Bai, to! Trikitilariak bi neskatiko gazte dira, soinu txiki eta guzti berrogei kilo pisatzen dutenak, nekez bukatuko dute azpilkada. Jendea jateari dakio trikitilariek jotzen segitzen duten bitarte alaigarrian. Azkenean teoriaz txistorraren jasotzaile bakarrak zirenek puska bana hartu dute. Nekane pozik dago, taberna berriz girotu da, euskal girotu, euskaldunagotu. Txistorraren maila xumetuz doa, Euskal Herri honetan urririk den guztia agudo bukatzen da, baina jate hori estakuru ederra da edateko, jendeak garagarno edaten du biharrik ez balego bezala, Nekane gaixoa jo eta ke dabil, eskatu ahala ezin emanik. Olagarroa agertu da eta jendearen egarria asetuz joan doa. Ez da marketin txarra: egarria sortzen duen zerbait dohainik eman jendeari edaten has dadin. Negozio artista dugu zerbitzaria, doike.

Garagarnoa ahotik zainetarat aurrena eta gero burmuinerat iritsi denean jendea dantzari ekin zaio. Arin-arinak, fandangoak, Lantzeko dantzak, Luzaidekoak, bakarron bat Iribasko Ingurutxoa egiten ausartu da… Hagitz denbora txikian tabernako giroa da berotu. Muslariak ere animatu dira, orain abesten dihardute, gure Herri honetan hain maitatuak diren mexikarrak. Ezin azal daitekeen ikuskizuna antolatu da lipar batean. Arga Taberna, zer hintzen eta nola hagoen! Tabernari aparta dugu Kasedako alaba, janari eta edariez gain, jendearen aldartea alaitzeko erantzukizuna ezinago ederki hartzen duena. Mottelduak kontsolatzeko lekua da Arga Taberna. Bizitasuna berpiztekoa. Gizartearen mailak parekatzekoa. Erabateko dantzaldi honetan gizaki ezberdin anitz ikus daitezke elkarren parean, iturginak, ikasleak, kisuzkileak, mirabeak, Villavesa gidariak, denak elkarren ondoan kantari eta dantzari. Irudiaren ederra.

Trikitilariak hurrengo helmugari buruz doaz. Trikitilariak eta jarraigoa, jakina. Taberna ia arras hustu da. Arratsean majo apaltzen da giroa, franko polliki. Astean ez da afari gehiegirik izaten ohi auzoko tabernetan den alaienean. Gaur ortzeguna da eta, ontsalaz, hamar eta erdietan itxiko du taberna Nekane nekagaitzak. Hobe, bihar arras goiz jaiki eta ireki beharko duelako lehen otamen eta kafesneak ematen hasteko. Asteburuan izanen du afariak emateko parada, aspertu arte.

Zer litzateke Arrotxapea Arga Taberna gabe? Zorigaitzez laster jakinen dugu, Nekanek erretretan sartzeko asmoa du, ez du gehiago luzatu nahi kontu hau, ia hiruretan hogeita hamar urteko sukaldari apartak lana utzi nahi du. Mesozoikoan hasi zuen lan ibilbideari duintasunezko bukaera eman nahi dio orain, oraino ongi delarik, Arkonadak bezala, goi-goian egonik. Batek daki norbaitek hartuko duen lekukoa, ezin jakin aurrerantzean gizarteko urikalduek tokirik edota abegikortasunik izanen duten orain arte izan duten bezala, nork jakin jagoitik kontzerturik izanen dugun berriki arte bezala. Era guztietako musikariak ekarri ditu Nekane nekagaitzak bere taberna maiterat: txistulariak; gitarra joleak; bertsolariak; kantariak; musikatresnek behar dituzten bozgorailuendako argindarra pedalei eraginez, jotzen zuteno, erdiesten zutenak; Zuberoako Mixel Etxekopar ere ekarri zuen behin, Zuberoan bizi izan zen garaiko adiskidea omen…

Euskal kulturak, ez soilik musikak, Arga Tabernaren hutsunea nabarituko du. Auzoa arrotzago izanen da, Arrotxapea gabe, Arrotzenpea izanen da. Euskal urikalduen igerigailua hustu eginen da. Euskal eskalatzaileen soka da zirtzilduko. Erdal helderia, sendagailurik gabe, bizkorki hedatuko da auzoan barna. Banago ez ote dugun egin beharko jentilek, Kixmiren etorreraz jabeturik, burutu zutena…

Egindako lanarengatik, eskerrik anitz, Nekane. Auzoa ez dun berdin izanen hire taberna gabe.